NAIZ
Bilbo

Milaka lagunek pentsioak KPI errealaren arabera egokitzea eskatu dute Bilbon

Bilboko Aste Nagusiaren baitan pentsionistek deituriko martxak bestelako aldarrikapenak ere batu ditu, tartean Osakidetzako murrizketen kontrakoak edota adinekoen egoitzen publikotasunaren aldekoak.

Pentsiodunen mobilizazioa, Bilboko Aste Nagusiaren baitan.
Pentsiodunen mobilizazioa, Bilboko Aste Nagusiaren baitan. (Europa Press)

Milaka pertsonek manifestazioa egin dute astelehen honetan Bilbon, pentsioak KPI (Kontsumoko Prezioen Indizea) errealaren arabera igo ditzaten, eta azken urteotan egin duten bezala hilero 1.080 eurotako aldarrikapena berresten, bai eta «kalitatezko» zerbitzu publikoak eskatzeko ere.

Bizkaiako Pentsiodunen Mugimenduak Bilko Aste Nagusiaren baitan deitutako ekitaldia jai giroan burutu da, txistularien doinuak eta talde feministen batukada bidelagun, besteak beste.

Martxa Moyua plazatik abiatu da eta Areatzako jaigunerantz egin du, protestaren aldarrikapenak jasotzen zituen pankarta bat buruan zuela.



Parte-hartzaileek ‘Osakidetzako murrizketarik ez’ eta ‘Banka, lapurrak, itzul itzazue milaka milioiak’ zioten kartelak ere zeramatzaten, besteak beste. Adinekoen egoitza «publikoen» aldeko oihuak ere egin dituzte. Bizkaiko Aldundiari zuzenduz, «gobernatzea ez dela pribatizatzea» aldarrikatu dute.

Jon Fano Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileak komunikabideen aurrean azaldu duenez, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeak, batez ere, emakumeei egingo lieke mesede, kopuru horretatik oso behera kobratzen baitute bataz beste.

Zerbitzu publikoei dagokienez, berariaz aipatu du Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzua, eta haren «desegitea eta pribatizazioa» salatu du.

Fanok gogorarazi duenez, Bizkaiko pentsiodunek lau urte eta zazpi hilabete daramatzate aldarrikapen horiekin manifestatzen astelehenero, eta datorren urriaren 15erako Madrilen ekitaldi bat egingo dute, helburu berberak dituzten Estatuko beste zenbait talderekin batera.