Ryūsuke Hamaguchik zuzendutako Drive My Car filmak FIPRESCI sari nagusia lortu du Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek 2022ko film onena izendatu ostean.
Beste lau finalistak hauek izan dira: Paul Thomas Andersonen ‘Licorice Pizza’; Jane Campionen ‘The Power of the Dog’, zuzendari onenaren Oscar saria irabazi, 2021an Veneziako Mostran zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia eskuratu eta geroago Donostia Zinemaldiko Perlak sailean hautatu eta Sebastiane saria beretu zuena; ‘Triangle of Sadness’ (Perlak, 2022), Ruben Östlundi Urrezko Palmorria eman ziona Cannesko zinema-jaialdiaren 2022ko edizioan, eta Joachim Trierren ‘Verdens verste menneske / The Worst Person in the World’, Renate Reinsve protagonistari emakumezko aktore onenaren saria eman ziona 2021eko Cannesko jaialdian.
FIPRESCI Sari Nagusia ‘Drive My Car’ (Perlak, 2021) pelikulari egindako azken aitorpena da, 2022an nazioarteko film onenaren Oscar saria irabazi ondoren. 2021ean Cannesen estreinatu eta gidoi onenaren saria eskuratu zuenez geroztik, sari ugari lortu ditu japoniarraren obrak, besteak beste, ingelesez besteko film onenaren BAFTA saria eta gidoi onenaren eta film onenaren sariak Asian Pacific Screen Awards sarietan.
1999an sortu zenetik, FIPRESCI Sari Nagusia honako zinemagile hauek jaso dute: Maren Ade, Pedro Almodovar, Paul Thomas Anderson, Nuri Bilge Ceylan, Alfonso Cuarón Jean-Luc Godard, Michael Haneke, Aki Kaurismäki, Abdellatif Kechiche, Kim Ki-duk, Richard Linklater, Terrence Malick, George Miller, Cristian Mungiu, Jafar Panahi, Roman Polanski eta Chloé Zhao.
FIPRESCI Sari Nagusia irailaren 16an entregatuko da, Donostia Zinemaldiaren 70. edizioaren inaugurazio-galan, eta Drive my Car filmak emanaldi bat izango du lehiaketan zehar.