NAIZ

Matt Costello: «Iaz talentu handia genuen baina ez zen erraza izan hori kantxara eramatea»

Baskoniako pibota ilusio handiz omen dago denboraldi berriaren atarian eta taldekide berriekin iazkoa baino talde-kimika hobea lortzea espero du.

Matt Costello, proba medikuak pasatzen.
Matt Costello, proba medikuak pasatzen. (BASKONIA)

Ez da gauza berria Bakoniak uda talde ia osoa eraberritzen eman behar izatea, baina iazko denboraldiak aurtengorako horren oinarri eskasa utzi zuen, ia ezinezkoa egiten duela Joan Peñarroyaren proiektu berriak eman dezakeen mailaren inguruan aritzea. Egoerak behartuta, Euroligan eta ACBn esperientziarik gabeko jokalariak ekarri ditu taldeak, apustu erakargarri bezain arriskutsu bati bide emanaz.

Gasteizen aurtengoa bigarren denboraldia izango duen arre, 29 urterekin, Matt Costello pibota izango da taldean esperientziarik gehien pilatu duen jokalaria eta, behar den unean, taldetik tira egiteko prest agertu da estatubatuarra mikroen aurrean, lehen proba medikuak gaindituta.

Fitxaketa berriek ematen duten benetako mailaren esperoan, itxuraz taldeak kalitatea galdu duela dirudi, baina Costellok argi dauka, talde bezala emateko gai diren maila izango dela denboraldiaren arrakastaren giltza. «Fitxaketa interesgarri eta oso gazteak dira egindakoak, batzuk aurretik Europan jokatu dute eta beste batzuek ez, ikusiko dugu nola funtzionatzen duen nahasketa honek. Iaz talentu asko genuen eta ez zen beti erraza izan hori kantxara eramatea eta ea aurten kimika hobe bat izatea lortzen dugun», adierazi du, nolabait iazko taldekideen arteko giroa onena ez zela jakitera emanaz.

Antolatzaile saskiratzaileak

Aurtengo taldeari erreparatuta, berrikuntza nagusiena ziurrenik bi antolatzaile oso saskiratzaileak fitxatu izanean datza –Howard eta Thompson– eta hauen errendimenduak asko eragingo dio taldearen jokoari, baina Costellok dagoenarekin moldatzeko borondate izugarria erakutsi du. Oraindik ez dute saiorik egin kantxan, prba medikuak besterik ez eta ikusteke da zein joko estilo nahiko duen

Arlo pertsonalean, «ilusio handiarekin» omen dago kurtso berriari begira eta oraindik ez omen du entrenatzailearekin hitz egin berari eskatuko dionaren inguruan. «Taldearentzat onena egingo dut». Oraindik elkarrizketa bat omen du pendiente Joan Peñarroyarekin bere rola zehazteko, baina edozein postutara moldatzeko prest agertu da. «Entrenatzailearen eskuetan dago hori, bi postuetan aritu naiteke, iaz egin nuen bezala, Duskorekin eta Nevenekin lau eta bost bezala jokatu nuen, taldeak behar duenaren arabera arituko naiz, garaipenak lortzen laguntzen saiatzen».

Nazioarteko partidak

Baskoniako taldekide batzuk Gasteizen lanean hasi diren bitartean, Rokas Giedraitis, Arturs Kurucs, Vanja Marinkovic, Maik Kotsar eta Sander Raiestek euren selekzioekin dihardute, 2023ko Munduko txapelketarako sailkatze partidak jokatzen. Giedraitisen Lituaniak bihar Hungariaren aurka jokatuko du eta larunbatean Montenegroren aurka.

Estoniako Maik Kotsar eta Sander Raiestek ere beste bi partida jokatuko dituzte, ostegun eta igandean Eslovenia eta Finlandiaren aurka. Marinkovic Serbiarearekin arituko da Greciaren aurka ostegunean eta Turkiaren aurka igandean.

Letonia ez da Eurobasketean arituko irailean baina Mundialean egoteko bi partida zail ditu aste honetan, Turkia eta Bretaña Handia izango dituzte aurrean.