NAIZ

Alaitasuna eta irribarrea Basurtuko Ospitalean Marijaia eta Zirkuari esker

Marijaia eta Zirkuko zenbait langileak Basurtuko Ospitalean izan dira asteazken honetan. Bertan dauden umeak bisitatu dituzte, irribarreak sortuz.

Marijaia eta Zirkuko langileak Basurtuko Ospitalean izan dira.
Marijaia eta Zirkuko langileak Basurtuko Ospitalean izan dira. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Marijaiak eta zirkuko zenbait malabarista, pailazo eta akrobatak Basurtuko Ospitalean dauden haurrei bisita egin diete asteazken goiz honetan, Aste Nagusia dela eta.

Ekitaldian, aipatutakoekin batera, Itziar Lazkano pregoilaria eta Iratxe Palacios txupinera egon dira. Juan Mari Aburto alkatea, Itziar Urtasun Jaietako zinegotzi eta Jaietako Batzorde Mistoko presidentea eta Bilboko Udaleko nahiz Jai Batzorde Mistoko beste ordezkari batzuk izan dira bertan.

«Honen mezua da Bilbon eta Aste Nagusian egiten den umeei zuzendutako guztia sekulakoa dela, aparta. Txikigunea, Balearen Desfilea eta Basurtuko Ospitaleko ekitaldia, esaterako», adierazi du alkateak.

Hala ere, alkateak dio ospitaleko bisita dena bereziena, «gaixorik dauden umeei zuzenduta dagoelako, beraiek ere jaiez goza dezaten». «Ezin badira Aste Nagusira joan, Aste Nagusia etorriko da eurengana», azpimarratu du.

Langileen protesta

Langileek aldarrikapenerako ere aprobetxatu dute agintariek eginiko bisita, Basurtuko bihotz kirurgia mantendu dadila exijitzeko

Izan ere, ELAk pasa den hilean salatu zuenez, Osakidetzak «behin betiko bihurtu du Basurtuko Ospitaleko Bihotzeko Kirurgiako blokea Gurutzetako Ospitalera eramateko erabakia, hemendik aurrera zerbitzu bakar batean zentralizatuz».

Horren aurka agertu dira, langileak, sindikatuak eta herritarrak, Basurto Bizirik plataformaren bitartez.