NAIZ
Iruñea

Covidaren adierazleak bosgarren astez jarraian jaitsi dira Nafarroan

Covid-19aren adierazleak bosgarren astez jarraian jaitsi dira Nafarroan, intzidentzia % 26,4 jaitsi baita, ospitaleratzeak % 31,8 eta heriotzak % 50.

Covidaren aurkako txertoa, Iruñean.
Covidaren aurkako txertoa, Iruñean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Abuztuaren 15etik 21era, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren azken txostenean argitaratutako datuen arabera, guztira 298 Covid-19 kasu baieztatu ziren PCR edo antigeno bidez, hau da, aurreko astean baino % 26,4 gutxiago.

Intzidentzia ere jaitsi egin zen 60 urtetik gorakoen artean, 179 kasu zenbatu baitziren, aurreko aldian baino % 23,8 gutxiago. Ospitaleratzeak, modu berean, % 31,8 jaitsi ziren, 22tik 15era aurreko astearekin alderatuz, eta heriotzak % 50, zortzitik laura.

Intzidentzia jaitsiera adin talde guztietan gertatu zen, baina tasarik altuena 75 urtetik gorakoen artean ikusten da oraindik ere ( % 0,2 astean). Beraz, covidaren zirkulazioa dagoen bitartean, adinekoek edo gaixotasun kronikoak dituztenek prebentzio neurriei eustea komeni da, nahiz eta txertatuta egon.

Ildo horretan, gogorarazten da maiatzaz geroztik 65 urtetik gorako biztanleen % 13k baino gehiagok lehen aldiz hartu duela infekzioa.

Era berean, aurreko asteetan bezala, Omicron BA.4 eta BA.5 azpialdagaien zirkulazioa da nagusi (% 97), eta horien aldean, aldez aurreko infekzioek ez dute erabat babesten.

Txostenaren arabera, ospitaleetako okupazioak ere beherakada nabarmena erakusten du. Horrela, ospitalizazio modalitate desberdinetako pazienteak 68 ziren abuztuaren 14an, eta 55 izan dira azken astekoak. Egun horietan ZIUn ospitaleratutako pazienteen kopurua bostetik bira jaitsi zen.