NAIZ

Eraso matxisten aurkako elkarretaratzea Bilbon

Ehunka lagun bildu dira asteazken honetan Bilboko erdigunean eraso matxisten aurkako elkarretaratze batean parte hartzeko. Izan ere, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak irrati batean iragarri duenez, emakume batek Aste Nagusian pairatutako sexu erasoa salatu du.

Bilbon arratsalde honetan egindako elkarretaratzea.
Bilbon arratsalde honetan egindako elkarretaratzea. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Emakume batek Bilboko Aste Nagusian pairatutako sexu erasoa salatu du. Hala baieztatu du asteazken honetan Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburuak Ser irratiari eskainitako elkarrizketa batean.

Sailburuak azaldu duenez, Ertzaintzak ikerketa bat abian jarri du gertatutakoa argitzeko. Dioenez, biktima ez da Bilbon bizi, eta martxan jarri den prozesua «konplexua» izango da.

«Sexu eraso batek azterketa mediko sakona eta oso protokolo konplexu baten ondorio den galdeketa bat eskatzen ditu», nabarmendu du Erkorekak xehetasun gehiago eman gabe.

Irrati berean izan da Amaia Arregi, Bilboko Segurtasun zinegotzia. Honek esan duenez, Bizkaiko hiriburuko udaltzaingoek ez dute «festen inguruan gertatutako inolako sexu erasoren berririk».

Hala ere, Bilboko Aste Nagusian abusu eta ukituak izan direla aitortu du zinegotzi jeltzaleak.

Bilboko Konpartsen elkarretaratzea

Egoera honen aurrean, Bilboko konpartsek aurtengo Aste Nagusian erasoen kontrako protokoloa aktibatu dute lehen aldiz eta, horrekin batean, ehunka lagun bildu dira arratsaldeko 19.00etan Bilboko erdigunean salatutako sexu erasoa gaitzesteko.

Itziar Lazkano pregoilaria eta Iratxe Palacios txupinera izan dira ‘Erasoen gainetik… Aste Nagusia defendatu’ lelopean egindako elkarretaratzean, baita Marijaia ere. Guztiak batera agertu dira eraso matxisten aurka.

Elkarretaratzea egin bitartean, hainbat mezu aldarrikatu dituzte megafoniaren bidez: ‘Aste Nagusian denok eraso sexisten aurka’, ‘emakumeak gure gorputzaren eta askatasunaren jabe garelako’ edo ‘Kalea, gaua eta jaiak gureak ere badira’.

Protestaren amaieran, konpartsetako bi ordezkarik adierazpen bat irakurri dute, azaltzeko Aste Nagusiko honetan lehen aldiz erasoen aurkako protokoloa aktibatu dutela, eta jaien hasieratik asteazkenera arte salaketa ugari jaso dituztela eta hainbat eraso eta jarrera matxista izan direla.

Esan dutenez, erasoak ugaritu direlako beharrezkoa ikusi dute protokoloaren bitartez erantzutea.

Bere komunikatuan, Bilboko mugimendu feministak jai-barrutian deitutako manifestazioan parte hartu zutenek pasa den larunbatean jaso zituzten «irainak eta erasoak» aipatu dituzte konpartsek, eta salatu dute Aste Nagusiko egun hauetan «mota eta intentsitate desberdineko erasoen salaketak eta bizipenen» berri izan dutela.

Bilboko Konpartsen ordezkariek adierazi dutenez, «larriki kezkatzen gaitu nagusitasun matxistak eta harrokeria bortitza». «Nazkatuta gaude gure bizitza eta jaiak askatasunean bizitzeko ditugun aukerak baldintzatu nahi dituzten erasoekin, nazkatuta gaude indarkeriarekin eta kontrolean oinarritutako maskulinitatearekin», adierazi dute.

Ildo horretatik, «indarkeriarik gabeko jai-eremua» aldarrikatu dute: «Eta autodefentsarekin eta antolaketa feministarekin lortuko dugu. Aste Nagusiaren alde, erasorik gabe eta beldurrik gabe. Kalea, gaua eta jaiak gureak dira».