NAIZ

Enpresaren aurrean elkartu dira sindikatuak, Markinako lan-istripu hilgarria salatzeko

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin dute Donostian, Amenabar Construcciones taldearen egoitzaren parean, enpresa hau baita astelehenean langile bat hil zen Markina-Xemeingo harrobiaren jabea.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuak Donostian bildu dira.
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuak Donostian bildu dira. (Andoni CANELLADA | FOKU)

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuak Donostian bildu dira ostegun honetan, ‘Lan istripu gehiago ez, prekarietatea hiltzailea’ lelopean, joan den asteleheneneko lan-istripu hilgarria salatzeko.

Astelehenean Babakar Faye, 34 urteko langilea, hil zen Markina-Xemeingo Lekoitz harrobian harri handi batek harrapatuta eta sindikatuek Donostian egin dute elkarretaratzea, Amenabar Construcciones enpresaren egoitzaren parean, bera baita Markinako harrobiaren jabea.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiruk deitoratu dutenez, «Euskal Herrian, gutxienez, 52 langile hil dira aurten, horietatik bost abuztuan» eta ohartarazi «5 egunetik behin» langile bat hil dela.

Horrela, salatu dute patronalak ez dituela betetzen laneko osasun neurriak: «Amenabar taldeak azken urteotan metatu dituen lan-istripu eta heriotzen zerrenda beltza ikusi besterik ez dago».

Ildo horretatik, esan dute ohituta daudela paperean idatzitako prebentzio neurriak ikustera, baina, gaitzetsi dutenez, «gero ez dira errealitatera eramaten, ez dira praktikan jartzen» eta langileek «zailtasunak dituzte, prekarietatean oinarritutako lan harremanak direla eta, segurtasun neurriak eskatzeko».

Sindikatuen iritziz, «bizi dugun larrialdi-egoerak berehalako neurriak eskatzen ditu». «Ezin dugu ulertu nola ez den entzun Eusko Jaurlaritzako ordezkarien adierazpen bakar bat ere gai honi buruz. 5 egunean behin langile bat hiltzen da. Non dago Urkullu jauna? Zer ari da egiten Idoia Mendia?», galdetu dute.

Azpimarratu dute Lakuaren erantzukizuna dela «lan-osasuneko neurriak betearaztea, baina, egia esan, araudi hori ez da betetzen».

Elkarretaratzea Markina-Xemeinen

Arratsaldean beste elkarretaratze bat egin dute Markina-Xemeinen, Babakar Fayeren heriotza salatzeko.