Jon Ormazabal

Gustuko plaza da Bilboko Aste Nagusia Elezkano-Zabaletarentzat

Zaratamokoak eta etxarrendarrak hirugarren garaipena bilatuko dute larunbatean Laso-Mariezkurrenaren aurka, Ezkurdia-Martijari 22-16 gailenduta.

Tanto politak eskaini dituzte Elezkanok eta Ezkurdiak aurreko koadroetan.
Tanto politak eskaini dituzte Elezkanok eta Ezkurdiak aurreko koadroetan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ez dirudite ikaragarri parrandazaleak, baina ezin uka Bilboko Aste Nagusia gustuko plaza denik Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaletarentzat. Elkarrekin jokatu zuten bertan Zaratamokoak Asegarce utzi eta Asperekin debuta egin zuenean, 2016an, eta torneoa eurentzat izan zen. Bi urte beranduago ere batera lortu zuten garaipena eta 2022 honetan euren hirugarren Bilboko feria lortzeko moduan dira finalerdian Ezkurdia-Martijari 16-22 gailenduta, Binakako txapela ere jantzi zuten Bizkaia pilotaleku erraldoian.

Laso-Mariezkurrena izango dituzte parean larunbatean hori oztopatzeko asmoz eta, printzipioz, gaurkoarengandik oso partida desberdina izango dela ematen du, Zabaletak lan askoz zailagoak izango ditu eta Berriozarreko atzelaria Martijarekin egin zuen bezala dominatzeko. Bezperan Elgoibarren jokatutakoa zen arren, etxarrendarrak kristalezko errebotetik gertu izan du alboko herriko atzelaria eta horrek erasoan eroso aritzeko aukerak eskaini dizkio zaratamoztarrari. Ohikoa duten jokoarekin, erraz xamar lortu dute urdinek markagailuan alde egitea, 1-6 eta 5-8, baina Joseba Ezkurdiak jokoan sartzea eta markagailua orekatzea lortu du, baita 10-8 aurretik jartzea ere. Martijak ere, pilota paretara baztertuz, Zabaletari min egitn dio.

Egin eta galdu

Hala ere, partidaren erritmoa berak jartzeko asmo horretan, Joseba Ezkurdiak arrisku handiak hartu ditu eta egin bezainbeste galdu ditu. Berea izan da, ziurrenik, tantorik txalotuena, boleaz txokoan hiltzera jotako sake-erresto batekin, baina azkenerako galdutako 6 pilotak gehitxo izan dira parean izan duten bikote sendoaren aurka.

Izan ere, denbora zeraman Danel Elezkanok antzeko aukera baten zain uda honetan eta etxetik gertu agertu zaionean ez du hutsik egin. Zabaleta sendo baten babesean, bizkaitarra, beste behin, oso eraginkor aritu da eta finalerako txartela lortu dute.

 

FITXA TEKNIKOA

Ezkurdia-Martija: 16

Elezkano-Zabaleta: 22


Pilotakadak: 531. Iraupena: 65 minutu. Markagailua: 1-5, 2-6, 4-7, 8-8, 10-8, 10-10, 11-12, 11-15, 13-15, 13-16, 14-16, 14-20, 16-20, 16-22 . Sakez: Ez da sakerik egon. Egindakoak: 8 Ezkurdiak, 3 Martijak, 8 Elezkanok eta 7 Zabaletak. Galdutakoak: 6 Ezkurdiak, 1 Martijak, 3 Elezkanok eta 2 Zabaletak. Gorabeherak: Aste Nagusiko Torneoko bigarren finalerdia Bilboko Bizkaia frontoian. 864 ikusle harmailetan.