NAIZ

Bilbon pasa den larunbatean izandako eraso transfoboa salatu du Euskal LGTBI+ Behatokiak

Euskal LGTBI+ Behatokiak abuztuaren 20an Bilbon izandako eraso transfobo baten berri eman du. 17 eta 20 urte bitarteko neska-mutil kuadrilla batek lau pertsonaren aurka jo zuten, hitzezko erasoa eginez. Horietako bat, gizon trans bat, fisikoki iraindu eta mehatxatu zuten.

Transfobiaren aurkako ekintza 2021ean Gasteizen egindako manifestazio batean.
Transfobiaren aurkako ekintza 2021ean Gasteizen egindako manifestazio batean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskal LGTBI+ Behatokiak abuztuaren 20an, 22,00ak aldera, Bilbon izandako eraso transfobo baten berri eman du ostiral honetan. Azaldu duenez, 17 eta 20 urte bitarteko neska-mutil kuadrilla batek lau pertsonaren aurka jo zuten, hitzez erasoa eginez. Horietako bat, gizon trans bat, iraindu eta mehatxatu zuten.

Ohar batean Behatokiak adierazi duenez, erasoak ez zuen okerrera egin erasotzaileen taldean zeuden bi neskak  geldiarazi zutelako, «baina aldi berean erasotzaileak justifikatu zituzten mozkorrak zeudela esanez». Erasoa jasan zuen taldeak bertatik alde egitea erabaki zuen.

Gogoratu duenez, gertakari hori ez da azkenaldian Bizkaian jazo den bakarra. Abuztuaren 6an, Bilboko artista drag bati hitzezko erasoak egin zizkion gazte-talde batek metroan lanera zihoanean. Heriotza-mehatxuak ere jaso zituen.

«Hori gertatu zen ia beteta zegoen bagoi batean, gainerako bidaiariek hari laguntzeko ezer egin ez zuten bitartean. Azkenean, andre batek esku hartu zuen biktima babesteko eta gainerako bidaiariak lotsarazteko, eta, zorionez, erasotzaileak hurrengo geltokian jaitsi ziren», gaineratu du.

Halaber, uztailaren 25ean, Boluetan dagoen diskotekaren kanpoaldean, Angela C., emakume trans gaztea nahita harrapatu zuen gizon batek bere autoarekin. Egoera kritikoan ospitaleratu zuten Gurutzetan, bi hankak txikituta zituela.

«Familiaren ustez, gertaera horren egilearen motibazioak zerikusia izan zuen biktimaren sexu- edo genero- identitatearekin, eta hori zehazteko dago abian den ikerketan. Bitartean, sare sozialetan iruzkin arrazista eta xenofobo ugari plazaratu dira, egilea atxilotzeko esku hartu zutenen ezaugarri fisikoei eta ustezko jatorriari buruzkoak, baita biktimari berari buruzkoak ere», ohartarazi du, eta Bilboko Udalak ez duela inolako adierazpen publikorik egin kritikatu du Euskal LGTBI+ Behatokiak.

Gasteizko jaietan eta Idiazabalen

Era berean Gasteizko jaietan beste bi gertakari homofobo izan zirela nabarmendu du. Lehena abuztuaren 8ko goizean, Alde Zaharrean, gizon-talde batek gazte bat iraindu eta bultzatu zuen. Beste gertakari bat izan zen hurrengo egunean, txosnagunean, «eraso fisiko bortitz batekin eta irain homofoboekin. Bi gertakari horiei buruzko adierazpen publikoa egin zuen abuztuaren 9an Gasteizko Udalak. Zoriontzekoa den erreakzioa».

Azkenik, Behatokiak salaketa anonimo bat jaso du, kasu honetan Idiazabalgo bizilagun batzuekin zerikusia duena, «herri horretan behin eta berriz gertatzen ari diren irain eta hitzezko eraso homofoboei buruzkoa».

«Horrelako gertakarien aurrean, Euskal LGTBI+ Behatokitik Udalbatza guztiei, eta bereziki haien arduradun nagusiei, jarduketa irmoak eta berehalako erantzunak eskatzen dizkiegu. Horretarako, gure ustez, dagoeneko badute lanerako tresna on bat eskura», esan du Lakuako Gobernuak argitaratuko gida aipatuz.

«Bertan dituzte landu ditzaketen tresnak eta gertakarien larritasunaren arabera garatu ditzakeen prozedurak», gaineratu du. Izan ere, Behatokiaren esanetan, erasoak «saihestea gure betebehar kolektiboa da. Behatoki honen iritziz, udal-agintarien jarduna erabakigarria da hori lortzeko».