Maite Ubiria

Urruñako elizan buruturiko polizia operazioa salatu dute migranteekiko elkartasun taldeek

Diakite eta Bidasoa Etorkinekin kolektiboek deituta 300 bat lagun bildu dira gaur 18.00etan Urruñan antolaturiko elkarretaratzean. Bezperan frantses Poliziak, hamar bat etorkin atxilotzeko, herriko elizan burutu zuen operazioa salatuko dute ekimen horren bidez.

300 herritar inguru bildu dira San Bixintxo elizaren atarian eginiko ekimenean. Erdian, txapela buruan, Mikel Epalza, arantzaleen apaiza.
300 herritar inguru bildu dira San Bixintxo elizaren atarian eginiko ekimenean. Erdian, txapela buruan, Mikel Epalza, arantzaleen apaiza. (Guillaune FAUVEAU)

Ostiral arratsaldean Urruñan frantses Poliziak burutu zuen operazioak kezka bizia eragin du Urruñan soilik ez baita Hego Lapurdiko eskualdean ere. Muga gertu izanik, iraganean ere etorkinak atxilotzeko operazio anitz izan dira. Hala, joan zen martxoan, Urruñako bi bizilagun gelditu zituzten autoan bost migratzaierekin batera eta biharamunean Mugetako Poliziak (PAF) Hendaian duen egoitzara deklaratzera deituak izan ziren.

At<o, 13.45ak aldera eginiko operazioaren bidez, Poliziak hainbat arrazoiengatik «jauzi salagarria» egin zuela iradoki du NAIZekin mintzo den Filipe Aramendik, Urruñako auzapezak.

Polizia, San Bixintxo elizan babes bila sartu ziren migratzaile gazteak atxilo hartzeko xede, tenpluan sartu zen. Horrek sinbolismo berezia emanen dio operazioari. Hala, migratzaileen alde jarduten duten elkarteek Poliziaren jokabidea gogor salatu dute.

«Poliziak otoitz egiteko lekuan sartu ziren hainbat lekuko zein elkarteetako boluntarioen begien aurrean migratzaileak harrapatuz», zehaztu dute agiri baten bidez Diakite eta Bidasoa Etorkinekin kolektiboek, elizak «bake eta babesaren lekuak direla» oroitaraziz.

Elkarteek zalantzak agertu dituzte polizia operazioaren legezkotasunari buruz.

Eliza ez da toki pribatua, herriarena delako

Urruñako auzapezak behin behineko iritzia eman zuen atzo arratsaldean bertan auzi horri buruz. Eliza ez dela toki pribatua, eraikina herriarena delako, mahaigaineratu zuen Filipe Aramendik.

Zentzu horretan, poliziek eremu publiko batean jardun zutela nabarmendu zuen hedabide digital honi eginiko adierazpenetan Urruñako auzapezak. Hala era guztiz ere, estatus juridikotik harago, «ikuspegi humano zein etikotik», frantses Poliziak harturiko jokabidea guztiz arbuiagarria zela agerian jarri zuen tokiko agintari abertzaleak.

«Horrelako operazioen inpunitatea salatzen dugu baita poliziek erakutsitako errespetu falta ere», salatu dute gaur Urruñako elizaren aurrean elkarretaratzea antolatu duten Diakite eta Bidasoa Etorkinekin kolektiboek.

Kontrol arrazistak, migratzaileak azkarki kanporatzeko prozedurak... Elkarte horiek oharrarazi dutenez etorkinen kontrako gero eta jazarpen mota gehiago gertatzen ari dira eskualdean. «Horiek bezalako jokabideak ez ditugula inondik inora ontzat emanen gure lurraldean» argiki adierazteko, larunbat honetan Urruñan antolaturiko protestara bertaratzeko deia luzatu dute.

‘Bidegurutzea’ performance Hendaia eta Irun arteko zubian

Bestalde, mugetan etorkinek pairatzen duten egoera salatzeko xede, performance bat aurrera eramanen du igande honetatik goiti Imanol Espinazok. Frantses Poliziak zelatzatzen duen Santiagoko mugan, zehazki oinezkoentzako zubian, hitzordua eman du artistak, bihar, 12.00etan.

Tenore horretan abiatuko da Melilla eta Hendaia arteko distantzia -1.099 km- egiteko Espinazok finkatu duen erronka. Beltzez jantzita eta isilik 9.812 bider osatu beharko du zubiaren luzaera Melilla eta Hendaia arteko milatik gorako kilomeroko distantzia hori betetzeko.

Gaua ere zubian emateko asmoa agertu du Espinazok. ‘Bidegurutzea’ izena eman dio bere performance horri artistak.

Imanol Espinazok gonbidapena egin die herritarrei bere ekimenarekin bat egiteko. Gero eta jende gehiago izan, erronka betetze aldera oinezko orok eginen dituen kilometroak aintzat hartuko direnez, helburua azkarrago erdiesteko aukera izanen dela azaldu du artistak.