NAIZ

4.700 gorpu desobiratuta, Aranzadik amaitutzat eman ditu Begoñako hilerriko lanak

Ekitaldi soil eta sinboliko batekin, azken gorpua lurpetik atera ondotik, Aranzadi Zientzia Elkarteak amaitutzat eman ditu ‘Begoñako Argia’ proiektuko landa-lanak.

Aranzadiko bi kidek aurreskua dantzatu dute.
Aranzadiko bi kidek aurreskua dantzatu dute. (BILBOKO UDALA)

Begoñako hilerrian (Bilbo) 4.700 gorpu lurpetik atera ondoren, hasieran uste zutena baino bost bider gehiago, amaitutzat eman ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak ‘Begoñako Argia’ proiektuko landa-lanak.

Eremuan egin beharreko lanak amaitu badituzte ere, oraindik bide luzea falta zaio Bilboko Udalak diruz lagundu duen proiektu honi, dokumentazio eta analisi faseari ekingo baitiote.

Hilabete hauetan, karlismo garaiko eta 36ko gerrako hobi komun bana aurkitu dute Begoñako kanposantuan.

Aldi honi amaiera emateko, eta atzenengo gorpua lurpetik atera ostean, astelehen eguerdi honetan ekitaldi soil eta sinboliko bat egin dute hilerrian bertan, eta itzali egin dute ‘Begoñako Argia’, iazko urrian gorpuak lurpetik ateratzeko lanak hasi zituztenetik piztuta egon dena.

Ekitaldian, Aranzadiren taldeko bi kidek aurreskua dantzatu eta lore-eskaintza egiteaz gain, ahots-laukote batek ‘Agur Jaunak’ abestu du.

Bertan izan dira Asier Abaunza Bilboko Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotzia, Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzia, Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia, Anartz Ormaza ‘Begoñako Argia’ proiektuaren koordinatzailea, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo eta antropologoak, hilabete hauetan proiektuan lanean jardun direnak. Begoñan izan dira, halaber, hainbat entitate eta erakundetako laguntzaileak eta hilerrian hurbilekoak edo maiteak ehortzita izan dituzten zenbait familiaren ordezkariak ere.