Amaia Ereñaga

Carla Simon, Veneziatik Donostiara film labur berezi batekin

‘Alcarràs’ filmeak lau hilabete darama ikusgai Estatuko aretoetan. Ez da marka makala, katalanez filmatutako titulu batentzat. Oscarren lasterketan sartuko ote den itxaroten dagoen bitartean, Venezian estreinatu eta Donostiara ekarriko du Carla Simonek bere azken film laburra, lehiaz kanpo.

 Angela Molina Carla Simónen filme honetan. Zuzendari bera agertuko da antzezle legez.
Angela Molina Carla Simónen filme honetan. Zuzendari bera agertuko da antzezle legez. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Carla Simonek (Bartzelona, 1986) lehiaz kanpo parte hartuko du Zabaltegi-Tabakaleran ‘Carta de mi padre para mi hijo’ film laburrarekin. Zinemaldiaren hitzetan, Katalunian zinemagileak bere familiari egindako omenaldi «partzialki fikziozkoa baina guztiz zintzoa» den lan honek asteartean hasiko den Veneziako Mostrako Giornate degli Autori izeneko atalean estreinatuko da. Ondoren, Donostiara etorriko da.

Angela Molina, Cecilia Gomez, Jesus Carmona eta Carla Simon bera dira antzezleak zinemagilearentzat oso berezia suertatu den film labur honetan. Hain zuzen ere, kameraren beste aldean jarri da lehen aldiz Carla Simon.

Haurdun zegoela jaso zuen Miu Miuren enkargu bat eta orduan hil zitzaion amari buruz eta bi hilabete eskas duen semetxoari buruz hitz egingo zuela otu zitzaion, amona eta biloba ez direlako sekula elkar ezagutuko.
 
Baserritarrak eta Oscarrak

Carla Simonek ‘Estiu 1993’ filmarekin egin zuen debuta film luzeen zuzendaritzan (Donostiako Zinemaldiko Made in Spain sailean hartu zuen parte bere lehen lan horrek). Aurten ere sail horretan ikusi ahal izango da ‘Alcarràs’ (film onenaren Urrezko Hartza izan zen Berlinalen) pelikularekin.

Alauda Ruiz de Azua arabarra (‘Cinco lobitos’) eta Rodrigo Soroguren bezala (‘As bestas’), Carla Simon irailaren 13aren zain dago. Data horretan jakingo baita hiru film horietatik zeinek ordezkatuko duen Estatu espainiarra Oscar sarietan. Simonek beste biak ikusi dituela eta asko gustatzen zaizkiola aitortu du orain gutxi.

Eta ‘Alcarràs’ filmari buruz, istorio honetan kontzientziak piztea gustatuko litzaiokeela esan du behin baino gehiagotan: «Nik badakit oso zaila dela film batekin frutaren prezioa arautzea, baina lortzen badugu jendeak zer jaten duen eta nondik jaten duen pentsatzen jartzea, hori handia izango litzateke. Hurbileko produktuak kontsumitzen baditugu, hobeto», esan zuen.

Alcarràs Kataluniako landa guneko herri bat da, eta hango familia nekazari bati buruzkoa da filma. Betidanik beraien lurrak lantzen aritu eta gero, azken uzta biltzeko elkartuko dira etxeko denak. Fruituen ordez, eguzki-panelak.. modernitatearen metafora.

Zinemaldiaren bezperatan

Irailaren 16an hasiko den Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioari azken ukituak ematen ari zaizkio. Falta diren atalak aurkeztuko dira azken txanpa honetan (bihar, esaterako, Culinary zinema) eta beste batzuk itxi. Esaterako, atzo jakin zenez, Emad Aleebrahim Dehkordiren ‘Chevalier noir / A Tale of Shemroon’ eta Luis De Filippisen ‘Something You Said Last Night’ filmeekin New Directors saila osatuta gelditu da. Hala, sail horretan parte hartuko duten filmeak 15 izango dira, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean, berriz, 23.

‘Chevalier noir’ Emad Aleebrahim Dehkordiren (Teheran, 1979) lehen film luzea da, baina jada zuzendu ditu zenbait film labur: ‘1388-Undo’ (2010), ‘Phill (1390)’ (2011), ‘Lower Heaven’ (2017) eta ‘Cavalière’ (2020). Filmak bi anaiaren eta biztanleak irensten dituen Teheranen istorioa kontatzen du.

‘Something You Said Last Night’ Luis De Filippisen (Toronto, 1990) lehen lana da eta Torontoko jaialdiko Discovery sailean mundu-estreinaldia izango du. Pelikulak emakume trans gazte baten urratsei jarraitzen dio: lanetik kaleratua izan ondoren bere familia italiar-kanadarrarekin oporretara joango da protagonista.