NAIZ

Gizonezkoen V. Pentatloi Sariko II. Kanporaketa larunbatean jokatuko da Azpeitiko zezen plazan

18.00etan izango da hitzordua eta aurreneko sei sailkatuek izango dute irailaren 24an jokatuko den final nagusian aritzeko ohorea. Harrijasotzen, giza prioban, aizkoran, txinga eroaten eta korrika moldatu beharko dute.

Gizonezkoen V. Pentatloiko II. Kanporaketako 12 partehartzaileak.
Gizonezkoen V. Pentatloiko II. Kanporaketako 12 partehartzaileak. (NAIZ)

Zapatua irailaren 3a, 18.00etan Azpeitiko zezen plazan Gizonezkoen V. Pentatloi Sariko bigarren kanporaketa jokatuko da, hamabi partehartzailereki. Horietatik sei denbora onenek egingo dute aurrera eta irailaren 24ko finalean egoteko aukera izango dute, gaueko 22.00etatik auerra gizonezkoen finalak ez ezik, emakumezkoenak ere izango direlarik.

Baina horra iristeko, lehenengo galbahea pasa beharko da zapatuan. Honakoak dira 12 partehartzaileok: Aitzol Atutxa «Atutxa II.a», Jokin Urretabizkaia «Basozabal», Ioritz Gisasola «Zelai IV.a» eta Xabier Zaldua alde batetik –maiatzaren 28an lehen kanporaketa gainditu ostean sailkatu dira hauek–, eta bestetik, pasa den urteko emaitzei esker kanporaketa pasatzea lortu dutenak, alegia, Beñat Amade, Iñaki Errazkin, Jon Gisasola «Zelai V.a», Julen Gabirondo, Julen Kañamares, Joseba Otaegi, Aritz Irazabal eta Andoni Iruretagoiena «Izeta VI.a» izango dira.

Pentatloiko bost probak, aldiz, honakoak izango dira: 100 kiloko harriari zortzi jasoaldi; probalarien «gizatasuna» erakusteko 400 kiloko harria tatarraz eraman beharra plaza bat bete arte; aizkoran, kanaerdiko bat eta 45 ontzako beste bat erdibitu beharko dute; 50nako txingak hartuta hiru plaza bete beharko dituzte eta azkenik, kilometro bat korrika.

Bistan da Pentatloi sari hau indarra hartzen ari dela; izan ere 2018an sei partehartzailek eman zuten izena –eta «Arria V.ak» kale egin zuen lesio baten erruz– eta bost urteren buruan 23 irango dira orotara ariko diren partehartzaileak. Bien bitartean emakumeek ere aurkitu duten beren txokoa proba konbinatu hauetan eta herrialdeko zein eskualdeko lehiaketak –dela Bizkaikoa, Gipuzkoakoa edo Bidasoakoa– ere ari dira burutzen.

Azpeitiko zezen plazara joatea nahiko lukeenak Tolosako Kantabriko tabernan eta Azpeitiko bertako Mendizabal Erretegian erosi ditzake.