NAIZ

Informazio Sailkatuaren Legea hobetzeko eta desagertuentzako egia eskatu du Foro Sozialak

Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Egunean, Madrilen egiten ari diren Informazio Sailkatuaren Legea hobetu daitekeela nabarmendu du Foro Sozial Iraunkorrak. Honekin batera, desagertuen inguruan egia jakitea ezinbestekoa dela azpimarratu dute.

Nekane Alzelai eta Agus Hernan Foro Sozialeko kideak, gaur Donostian.
Nekane Alzelai eta Agus Hernan Foro Sozialeko kideak, gaur Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna dela eta, Foro Sozial Iraunkorrak agerraldia egin du Donostian, urraketa larriak direla nabarmentzeko.

«Tamalez, beste urte bat igaro ondoren, ez da inolako aurrerapenik izan euskal kasuan indarkeria erabili duten hainbat eragileen eskuetan desagertu ziren eta oraindik desagertuta dauden zazpi kasu dokumentatuetan», nabarmendu dute Agus Hernan eta Nekane Alzelaik.

Honako hauek dira kasu hauek: A Coruñako Jose Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan Garcia Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga; Eduardo Moreno Bergaretxe, ‘Pertur’; Tomas Hernandez; Jose Miguel Etxeberria Alvarez, ‘Naparra’ eta Jean-Louis Larre.

«Hala eta guztiz ere, euskal kasuan behartutako desagertzeen hamalau kasu dokumentatu daudela esan ohi da, gero aurkitu ziren beste zazpi pertsona ere desagertu baitziren. Desagerpenik luzeena Joxean Lasa eta Joxi Zabalarena izan zen, hamahiru urte luzez desagertuta egon zirela. Lasa eta Zabalaren kasuak erakusten du familien, abokatuen eta gizarte zibilaren lanak fruituak eman ditzakeela, familiek Tolosan lurperatzea lortuz», gaineratu dute.

«‘Dokumentatutako’ kasuez ari gara, jakin badakigulako beste kasu batzuk egon daitezkeela, zenbait eragilek ikertzen jarraitzen baitute», ñabardu dute.

Bi premisa

Egoera hauen artean bi premisa nagusi ditu Foro Sozialak. Alde batetik, biktima guztiek, «eta ‘guztiek’ kontzeptua azpimarratu nahi dugu», egia justizia eta erreparaziorako eskubidea dutela. Bestetik, giza eskubideen urraketa denez, aitortza behar da.

«Kasu hauetan, egiarako eskubideak erabateko garrantzia hartzen du. Hori dela eta, egiarako eskubidea da, hain zuzen ere, agerraldi honetako ardatza. Biktima askok adierazi dute egia elementu sendagarria izango litzatekeela haien minarentzat. Biktima hauek uste dute egiarako eskubidea elementu nuklearra dela, abiapuntua, justiziaren adierazlea, benetan behar dutena», adierazi dute.

«ETAren biktimen kasuan, egia ezagutzeko hainbat tresna dituzte —adibide bat aipatzearren, Audientzia Nazionaleko ‘Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko eta Informazioa emateko Bulegoa’ dute—, baina ezin dugu gauza bera esan Estatuaren biktimekin. Estatuaren biktimen kasuan, % 38 dira argitu gabeko kasuak. Tamalez, haientzat ia ez dago egia ezagutzeko itxaropenik», azaldu dute.

Argi pixka bat emateko hiru esparru

Hala ere, egia ezagutzeari dagokionez, argi pixka bat emateko hiru esparru daudela esan dute Foro Sozialeko kideek.

«Lehena, 12/2016 Legearen Balorazio Batzordea egiten ari den lana. Egiten ari den kalitate handiko txostenei esker, Estatuko 81 biktima aitortu eta erreparatu ahal izan dira. Aurreko 107/2012 Dekretutik eratorritako 187ei gehituz gero, Estatuaren 268 biktimek lortu dute dagoeneko aitortza. Balorazio Batzordeko kideak baliabide mugatuekin egiten ari diren lana txalotu eta eskertu nahi dugu Foro Sozial Iraunkorretik. Zehazki, gure babesa adierazi nahi diegu Balorazio Batzordeak ekainaren 29an Eusko Legebiltzarrean egindako sei gomendioei», esan dute.

Gomendio horien artan bi nabarmendu dituzte. Alde batetik, «joan den otsailean Foro Sozial Iraunkorrak proposatu bezala, espedienteak aurkezteko bigarren epe bat ireki baino lehen, Legearen beraren lege-erreforma egin behar da, eta, bereziki, ‘premiazko aldaketa’ bat egin behar da: Estatuaren biktimen kalte-ordainak ETAren biktimenekin parekatu behar dira».

Bestetik, «giza eskubideen urraketa larrien kasu aitortuei ahalik eta publizitate handiena eman behar zaie. Biktima horiek babestu eta lagundu egin behar ditugu, hainbat hamarkadatan izan den isiltasun-mantua hausteko. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzari iradoki nahi diogu abian jar ditzala, egoki iruditzen zaion moduan, Balorazio Batzordeak onartutako kasuak gizartean zabaltzeko dinamikak. Urrats horrek, besteak beste, gaur egun gizartean dagoen pertzepzio okerra eraistea ahalbidetuko luke, biktimez hitz egiten denean soilik pentsatzen baita ETAren biktimengan».

Nafarroan irailean antzeko legea abian jarriko dela da Foroak aipatzen duen bigarren esparrua.

Hirugarrena, berriz, etsigarritzat jo dute. Madrilgo Diputatuen Kongresuan Informazio Sailkatuari buruzko lege proiektuaz ari dira. «Aurreproiektua etsigarria da, eta ez die erantzuten, inola ere, GAL eta torturaren biktima batzuek artxibo sekretu horiek eskuratzeko dituzten itxaropenei. Hala ere, gure ustez, Diputatuen Kongresuko talde parlamentarioek adierazitako balorazioen arabera, nahikoa baldintza daude, legearen eztabaidaren oraingo fasean, akordio baten alde lan egiteko. Akordio horren oinarriak argia izan behar du: Giza Eskubideen urraketa larrien biktimek egia ezagutu ahal izatea. Ez da bidezkoa eta ez da humanoa biktimei egia ezagutzeko eskubidea ukatzea, eta, alde horretatik, pozten gara Espainiako Estatuaren hainbat eragilek legeari egindako dozenaka alegazioengatik. Horien bitartez aurreproiektu hau hobetzea espero dugu. Ildo horretan, ziur gaude talde parlamentario gehienek datozen asteetan beharrezko zuzenketak adosteko lan egingo dutela, Giza Eskubideen urraketen biktimen arteko diskriminaziorik ezaren Nazioarteko Zuzenbidean oinarrituta eta biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea bermatzeko helburuarekin», azaldu dute.