NAIZ

Hamahiru euskal preso gehiago Euskal Herriratuko dituzte

Orain arteko lekualdatze handiena iragarri du Espetxe Zuzendaritzak: hamahiru preso aberriratuko dituzte. Ohi bezala, ez da jakinarazi nora eramango dituzten zehazki; Lakuako Gobernuak erabakiko du hori.

Abuztuko azken ostiraleko elkarretaratzea Gasteizen.
Abuztuko azken ostiraleko elkarretaratzea Gasteizen. (Endika Portillo | Foku)

Orain arteko lekualdatze handiena iragarri du asteazken honetan Gobernu espainolaren Espetxe Zuzendaritzak, Lakuako Gobernuarekin adostuta. Hamahiru dira Euskal Herriratuko dituzten presoak.

Xabier Garcia Gaztelu, Unai Parot, Ismael Berastegui, Manex Castro, Josean Zurutuza, Aitor Agirrebarrena, Oscar Zelarain, Jon Bienzobas, Juan Manuel Intziarte, Eider Perez, Jon Igor Solana, Jon Rubenach eta Alberto Lopez de Lacalle dira zerrendan agertzen diren presoak. Gehienek urte asko daramate preso.

Hau gauzatzen denean, oraindik 40 preso inguru geratuko dira Euskal Herritik kanpo. Hala ere, erabaki honekin berresten da Euskal Herriratze prozesuak aurrera egin duela berriz; izan ere, uztailaren 21ean hamaika lekualdatze iragarri ziren eta abuztuaren hasieran hamabi, azken hilabeteotako geldiunea gaindituz.

Madril, Zaragoza, Kantabria, Asturies... toki hauetan daude gaur egun preso hauek. Zehazki, Madrilgo Estremeran da Xabier Garcia Gaztelu; Leongo Mansillan Unai Parot; Kantabriako Dueson Manex Castro, Juan Manuel Intziarte eta Jon Rubenach; Burgosen Jose Antonio Zurutuza; Asturieseko Villlabonan Aitor Agirrebarrena eta Alberto Lopez de Lacalle; Sorian Oskar Zelarain; Palentziako Dueñasen Jon Bienzobas; eta Zaragozako Zueran Eider Perez eta Jon Igor Solana.

Helburua gertuago

Pasa den ostiralean egin zuen azken agerraldia Sarek, Bilboko Aste Nagusian milaka lagun elkartu zituen manifestazio baten ostean. Euskal presoen auzian emandako «aurrerapausoak» nabarmendu zituen orduan, baina gogorarazi zuen urtea bukatu baino lehen ezarritako helburua, preso guztiak Euskal Herriratzea, betetzeke dagoela oraindik. Edonola ere, itua gertuago dago orain: 40 izango dira Euskal Herritik kanpo dauden presoak.

Puntu horretan, «mendekuan oinarritutako justiziarekin» behingoz bukatzea galdegin zuen, preso guztiak aberriratzeaz gain, gradu progresioen edo espetxeko baimenen eskubideak bermatuz.

Bestalde, Euskal Herriratzeen inguruan mintzatu da baita Terrorismoaren Biktimen Elkartea (AVT). Pedro Sanchez Gobernu espainiarreko presidenteari «bere traizioa gauzatzea» leporatu dio eta kritikatu du espetxe-eskumena Lakuari eskualdatu izana, uste duelako presoen lekualdatzeak «beste erabaki batzuen aitzinekoak direla, eta, ondorioz, kartzelatik atera beharko dutela beren kondenak bete baino lehen».