NAIZ

Hegazti gripearen kasu berri bat baieztatu da Bizkaian jasotako zanga gaixo batean

Muskizko Arena hondartzan Bizkaiko Aldundiko basozainek jaso duten zanga gaixo batean hegazti gripea antzeman da. Lau dira urte honetan EAEn baieztatu diren kasuak.

Zanga baten irudia; ez da ohikoa Euskal Herrian ikustea, soilik ahul direnean ager daitezke.
Zanga baten irudia; ez da ohikoa Euskal Herrian ikustea, soilik ahul direnean ager daitezke. (Getty)

H5N1 azpimotako patogenotasun handiko hegazti gripearen kasu berri bat baieztatu da Muskizko Arena hondartzan, Bizkaiko  Aldundiko basozainek jaso duten zanga gaixo batean.

Lakuak jakinarazi duenez, hegaztia Gorlizko fauna basatia berreskuratzeko zentrora eraman zuten, eta bertan hartu zituzten balizko gaixotasunak aurkitzeko laginak. Badaezpada, zanga isolatu egin zuten, laborategiko emaitzak jaso bitartean, eta hiru egun geroago hil zen.

Hegazti gripearen birusa zuela baieztatu ondoren, hegazti sektoreari jakinarazi zaio, eskortako hegaztiak hegazti basatiekin kontaktuan egotea saihesteko beharrezko neurriak har ditzan, kutsatzerik ez izateko.

Neurri horiek autokontsumorako hegaztiei ere zabaldu behar zaizkie, zeregin garrantzitsua izan baitezakete gaixotasuna hegaztien artean transmititzerako unean.

Bestalde, Osasun agintaritzak jakinarazi du hegaztien haragia, arrautzak, gibel orea edo hegaztiz egindako edozein elikagai kontsumitzea ez dela arriskutsua pertsonentzat, ezta kutsatuta badaude ere. Hegazti gripea gaixotasun birikoa da, eta, gehienetan, hegaztiei baino ez die eragiten.

Birusaren aldaera batzuk oso kutsakorrak hegazti espezien artean, eta hilkortasun tasa handia izaten da kutsatutako hegaztien artean. Horregatik, ustiategi batean hegazti gripearen kasuak antzematen badira, kontrolerako neurri bakarra ustiategiko hegazti guztiak hiltzea dela babesten dute agintariek. Hala egin izan dute Ipar Euskal Herrian eta protestak aktibatu izan ditu metodo horrek.

Europan

Europan bizitzen ari den hegazti gripearena azken urteetako epidemiarik larrienetako bat da gaur egunekoa, eta 2021eko udazken-neguan hegaztien migrazio garaia hasi zenetik 5.530 kasu jakinarazi dira 36 herrialdetan.

Frantsesa da estaturik kaltetuena. Bertan 1.378 foku hauteman dira eskortako hegaztietan, 158 foku hegazti basatietan eta 39 foku, berriz, itxitako hegaztietan.

EAEn ez da hegazti gripearen fokurik detektatu 2006tik, baina joan den maiatzean bi sai arrerengan H5N1 azpimotako bi kasu positibo baieztatu ziren; saiak Matxinbentan eta Aiako Harrian agertu ziren, hurrenez hurren.

Uztaileko azken astean, Donostia inguruan aurkitutako zanga gaixo batek ere positibo eman zuen H5N1 azpimotako hegazti gripean. Kasu berria kontuan hartuta, lau foku deklaratu dira EAEn aurten.

Aipatzekoa da azken bi fokuak hegazti espezie berean hauteman direla (zanga). Itsaso hegaztia da eta ez da Euskal Herriko badietara eta hondartzetara iristen, baldin eta ahulduta ez badago.

Halaber, lurraldean ez dago hegazti horren ugaltze koloniarik; hortaz, oso zaila da beste hegazti batzuekin kontaktua izatea foru aldundietako baso zerbitzuek jaso aurretik.