NAIZ
Bilbo

Uraren kudeaketa publikorako eredu bat eskatzeko elkarretaratzea egin dute Bermeon

EH Bilduk deituta, uraren arazoaren aurrean erakunde desberdinek erakutsitako «inprobisazio eta arduragabekeria» salatzeko elkarretaratzea egin dute Bermeon. Egoera hau konpontzeko, uraren kudeaketa publikorako eredu bat galdegin dute.

Uraren kudeaketa eredu publiko baten alde EH Bilduk Bermeon egin duen elkarretaratzea.
Uraren kudeaketa eredu publiko baten alde EH Bilduk Bermeon egin duen elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Lehortearen eraginez, ezaguna egin da Busturialdera ura eramaten duen Dutch Spirit itsasontzia, baina haren atzetik dagoen kudeaketa ereduarekin oso kritiko agertu da EH Bildu, ostegun honetan Bermeoko Lameran eginiko elkarretaratzean argi utzi nahi izan dutenez.

Itsasontziaren kontuari lotuta, nabarmendu dute «dena ondo doala esaten saiatzen ari diren bitartean», herritarrek agerian utzi dutela «hori ez dela horrela». Ildo horretan aipatu dituzte esaterako, barkua ura dariola erakusten duten bideoak edo Almikera bidean lehertu zen hodia.

Gainera, ontziak 45.000 pertsonari ura hornituko diela esaten bada ere, lehen Busturialdeko Ur Partzuergoa osatzen zuten 16 udalerrien kontsumo estimatuari erreparatuta, «nekez heltzen da beharren %8 estaltzera».

Horren guztiaren kudeaketaren atzean izan den «inprobisazioa eta arduragabekeria» salatzeaz gain, erakundeei leporatu diete azpikontratuek eskaintzen duten «iluntasunaz» baliatzea.

Koalizioak esan duenez, «agorraldiari eskualdean eragile ezberdinen artean eta parte hartze publikoaren bidez onartutako eta adostutako erantzun bateratua eman beharko genioke».

Baina EH Bilduren ustez, «ikusten da helburua ez dela uraren arazoa benetan konpontzea, baizik eta urarekin negozioa egitea».

Koalizioak gogoratu du ur defizita «aspalditik datorrela» Busturialdean. Horregatik, uraren kudeaketa publikorako eredu bat galdegin dute: «Gure arroa zainduz, irabazi asmorik bakoa, ikuspegi sozioekologikotik herritarrek interes orokorreko zerbitzu gisa dauzkaten eskubideak errespetatuko duena».