NAIZ

Eskola publikoko gurasoek salatu dute Lakuako dekretuak hezkuntza pribatua lehenesten duela

EHIGEk salatu du Lakuako Hezkuntza sailak pasa den uztailaren 18an argitaratu zuen plangintza-dekretuak pribatu edo itundua indartzen duela, eta hezkuntza publikoa bigarren mailan uzten duela.

Ikastetxe pribatuak lehenestea egotzi dio EHIGEk Lakuari. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Ikastetxe pribatuak lehenestea egotzi dio EHIGEk Lakuari. (Idoia ZABALETA/FOKU)

EHIGE eskola publikoko gurasoen konfederazioak uste du Lakuako Hezkuntza Sailak idatzitako plangintza-dekretuak hezkuntza pribatu edo itundua indartzen duela, eta hezkuntza publikoa bigarren mailan uzten duela.

Pasa den uztailaren 18an argitaratu zuen Hezkuntzak EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen otsailaren 3ko 21/2009 Dekretua aldatzeko dekretu-proiektua, eta interesdunen ekarpenak jaso zituen hamar egunen epean. Hala ere, eskola publikoko gurasoek salatu dute Hezkuntza Sailak ez ziela jaramonik egin beren ekarpenei dagokienez.

«Dekretuak ezartzen du ikastetxe publikoek gutxienez bi talde izan beharko dituztela maila bakoitzeko, baina ez da ikastetxe pribatu eta itunduen gutxieneko tamainari buruzko aipamenik egiten; beraz, lerro bakarreko ikastetxe pribatuak eta itunduak funts publikoekin itundu eta finantzatzen jarraituko dira. Bistakoa dirudi hezkuntza-baliabideak modu egokian erabiltzeko irizpidea ez dela berdin aplikatzen ikastetxe pribatu-itunduetan», agertu du EHIGEk.

Elkarte honen arabera, plangintza-dekretu berriak oinarriak ezarri ditu hurrengo urteetan, jaiotza-tasaren jaitsieraren ondorioz, zenbait ikastetxe publiko itxi daitezen, bai hiri-ingurunean, bai eta landa-inguruneko Eskola Txikiak ere; dekretuaren arabera, «hezkuntza-baliabideak ahalik eta ondoen erabiltzen direla bermatzeko».

Bestalde, dekretu honek ikastetxe pribatu eta itunduetan talde edo ikasgela bat osatzeko gutxieneko ratioa aldatzen du. EHIGEren aburuz, neurri horrek, «ez du inolako justifikazio pedagogikorik», eta «gaur egungo jaiotza-tasaren jaitsiera-testuinguruarekin bat ez datorren hezkuntza-itun mailari eustea du helburu, ikastetxe pribatu-itunduetan gelak ixtea saihestuz».

Hortaz, eskola publikoko gurasoek salatzen dutenez, «argi dago ikastetxe erlijiosoetako patronalen eta ikastola pribatuen erreskate ekonomikoa dela, eta agerian uzten du, beste behin ere, ikastetxe horiek funts publikoekin finantzatzen diren arren, ez zaiela baliabide publikoak optimizatzeko irizpidea aplikatzen».

EHIGEk gogorarazi du horri gehitu behar zaiola abuztuan Lakuak hezkuntza-itunen moduluak aldatu dituela, eta ikastetxe pribatu eta itunduetarako finantzaketa handitu duela, «inolako arrazoirik eman gabe».

«Hezkuntza publikoaren eskaintza eskasia»

Beste kritika bat ere egin du elkateak: plangintza-dekretu berriak ez du bermatzen gaur egun hezkuntza pribatuko eskaintza bakarra duten udalerriek aurrerantzean ikastetxe publikoak izango dituztenik. EAEn 8 udalerri dira (5 Gipuzkoan, 2 Araban eta 1 Bizkaian) soilik hezkuntza pribatu edota itundua eskaintzen dutenak.

Bestalde, EHIGEk azaleratu duenez, arau berriak aukera ematen du eremu batean ikastetxe publiko bat baino gehiago badaude, horietako bat ixteko, eta eremu bereko ikastetxe pribatuen kopuruak ez du mugarik.

«Horri gehitu behar zaio egungo hezkuntza publikoaren eskaintza eskasia. Horrela, Bilbon eta Donostian, haur-hezkuntzako ikaspostu publikoen eskaintza %50etik beherakoa da, eta Gasteizen %50era iristen da justu-justu. Era berean, eskaintza publiko eta pribatua duten udalerri gehienetan eskaintza osoaren %50etik oso behera dago etapa horretako eskaintza publikoa», deitoratu dute gurasoek.

«Argi dago, beraz, planifikazio-dekretuak ez duela jasotzen eskola publikoaren perimetroa handitzeko inolako neurririk, Hezkuntza Akordioan jasotzen den bezala, ez eta eskaintzan dagoen desoreka-egoera hori zuzentzeko neurririk ere», ondorioztatu du.