CONTENIDO PATROCINADO

Hemen dira berriro euskal jaiak

Bi urteko etenaldiaren ondoren, Gipuzkoako hainbat herritan ospatzen diren euskal jaiek ohiko formatoa berreskuratuko dute aurten. Ordizian, Zarautzen eta Donostian, esaterako, egitarau zabala prestatu dute datorren aste osorako.

Ordiziako Euskal Jaien aurkezpen ekitaldia, joan den asteazkenean.
Ordiziako Euskal Jaien aurkezpen ekitaldia, joan den asteazkenean. (NAIZ)

Ordizian iraileko lehen asteazkena izan ohi da azoka berezia eta gazta lehiaketa famatua ospatzeko eguna. Azken bi urteak azokarik gabe eta gazta txapelketa ateak itxita egin ondoren, iritsi da euskal jaien egitaraua bere osotasunean ospatzeko ordua.

Horrela, aurten ekintza ugariz betetako astea izango dute Goierriko hiriburuan, egitaraua larunbatean hasi (irailak 3) eta hurrengo igandera arte luzatuko baita (irailak 11). Motorrak berotzen hasteko, larunbatean bertan "Emaneurre euskarari" eguna ospatuko dute. Bertan, kuadrillen arteko herri kirolak eta herri bazkaria daude iragarrita, eta arratsalde-gauez, berriz, Elizagoien ahizpak, Joxeto ta Alaiak elektrotxaranga eta Gozategi taldearen emanaldiak.

Igandean (irailak 4) jubilatuen eguna ospatuko da, eta Euskal Astearen egun nagusia asteazkenean izango da (irailak 7). Gazta lehiaketaren 49. edizioa ospatzeaz gain, aparteko azoka ere egingo da eta bertan fruitu eta barazki, euskal oilo eta piriniar arrazako behi-azienda lehiaketak egingo dira.

Artzain irabazleak nor diren eguerdiko 13.30ak aldera jakingo da eta ondoren, saritutako gazten enkantea egingo da. Iazko enkantean, Zaragozako hotel batek 9.400 euro ordaindu zituen gazta irabazlearengatik. Arratsaldean profesionalen arteko pilota partidak izango dira eta ondoren herri kirol jaialdia. Udalak dei egin die ordiziarrei baserritar jantziarekin kalera atera daitezen.

Egitarauak datorren ostiralean izango du jarraipena (irailak 9), antzerki emanaldi batekin. Larunbatean (irailak 10) 18 upategietako sagardo dastaketa egingo da eta gauean Huntza taldearen kontzertua izango da. Iganderako, azkenik, Lazkao-Txiki bertsopaper lehiaketaren sari banaketa eta emakumeen Ordiziako Klasika txirrindulari lasterketaren lehenbiziko edizioa daude iragarrita.

Ordiziako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Mujika Liburudenda, Goierri aukera.

Zarautzen ere normaltasun osoa berreskuratu dute aurten eta egitaraua irailaren 9a arte luzatuko da.

Ostegunean Helduen Binakako Dantza Txapelketa jokatu ondoren, ostiral honetan (irailak 2) Bertsolari Gazteen XLVI. Lizardi Sariaren finala jokatuko da eta larunbatean (irailak 3) XXXIV. Aurresku Txapelketa. Larunbatean bertan, ohiko euskararen aldeko eguna berreskuratuko dute eta AEKk eta EHEk antolatuta, hainbat ekitaldi izango dira egun guztian zehar: euskararen aldeko lasterketak, "Euskaraz bizi malekoian" ekitaldia, bazkari herrikoia, kalejira aldarrikatzailea eta Lukiek taldearen kontzertua.

Igandean (irailak 4) Haurren Euskal Jai Eguna ospatuko da egun guztian zehar. Goizez dantzariak, txistulariak eta trikitilariak arituko dira kalez kale eta, bazkal ostean, hainbat ekitaldi izango da Iñurritzan.

Astelehenean (irailak 5) Bikote Gazteen Dantza Txapelketa jokatuko da; asteartean (irailak 6) Victoria itsasontzi zarauztarrak mundubira egin zueneko 500. urteurrena ospatzeko ekitaldiak antolatu dituzte; asteazkenean (irailak 7) Trikitilari Gazteen XLII. Txapelketa ospatuko da eta ostegunean (irailak 8) Alaken taldearekin plaza-dantzak izango dira eta Frantziskotarren elizan, Zarautz abesbatzarekin salbea.

Euskal Jai egun handia, beti bezala, irailaren 9an izango da (ostirala), eta festa giroa goiz-goizetik hasiko da txistulari, trikitilari, dultzainero eta Iturengo tunturroen dianarekin.

Zarauzko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Chapucetti, Labegoxo, Euskalduna taberna, Paskin Señalizazioak, Etxaiz jatetxea.

Donostian ere egitarau zabala prestatu dute hurrengo igandera arte (irailak 11). Aurtengo Euskal Jaietako egun garrantzitsuenetako bat larunbata hau izango da (irailak 3), bertan 40 sagardogile elkartuko dituen Sagardo Eguna ospatuko baita goiz guztian zehar Konstituzio plazan. Horrekin batera, Nekazaritza Ekologikoaren XXI. azoka ospatuko da Boulevard zumardian eta arratsaldez beste hainbat ekitaldi izango da: bolo eta toka txapelketak, euskal dantzarien biltzarra eta erromeria.

Igandean (irailak 4) Kontxako Banderaren lehen jardunaldia jokatuko da, asteartean (irailak 6) Elkanoren mundubiraren 500. urteurrena ospatuko dute portuan dantzari eta abesbatzekin, eta larunbatean (irailak 10) Gaztelu Eguna ospatuko dute. Euskal Jaiak hurrengo igandean amaituko dira (irailak 11) egun horretan jokatuko diren Kontxako Banderaren finalekin eta Sarriegi plazan egingo den sardina jatearekin.