NAIZ

Imanol Ansak bere lehen Buruz Buruko finalerako azken urratsa eman nahi du txapeldunaren aurka

Iazko egoera berean heltzen dira urnietarra eta Barrenetxea IV.a finalerdira eta irailaren 10eko finalean zain daukate Javi Urriza iruindarra.

Imanol Ansak ez du partidak sakearekin ihes egiterik nahi.
Imanol Ansak ez du partidak sakearekin ihes egiterik nahi. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Endika Barrenetxeak eta Imanol Ansak Buruz Buruko erremonte Txapelketako finalerdia jokatuko dute Galarretan larunbat honetan. Jaialdia 15.30ean hasiko da eta buruz burukoa jaialdiko bigarren partida izango da, 16.30ean (ETB-1) hasiko dena. Irabazleak finalerako txartela lortuko du eta datorren irailaren 10ean Urrizaren aurka neurtuko da urteko partidarik garrantzitsuenean. Sari potoloa da eta horren bila irtengo dira hernaniarra eta urnietarra.

Aurtengo txapelketak iazkoarekin antzekotasun handiak ditu. Urrizak zuzenean lortu zuen finalerako txartela partida guztiak irabazita, Ansa bigarren sailkatu zen Barrenetxeari ligaxkako azken partidua irabazita, hernaniarrak hirugarren amaitu zuen eta Juanenea geratu zen kanpoan. Aurten ere sailkapen bera izan da eta kasualitatez Ansak eta Barrenetxeak ligaxkako euren azken partidua elkarren aurka jokatu zuten. Aurten bezala Ansak  lortu zuen garaipena 30-28, baina astebete beranduago, finalerdian, Barrenetxeak buelta eman zion egoerari eta finalerako sailkatzea lortu zuen Ansa 30-23 kanporatu eta gero. 

Bien artean partida asko jokatu dituzte azken urteetan eta azken urtekoak esanguratsuak dira. Masterseko finala ere elkarren aurka jokatu zuten otsailean eta atzelari hernaniarrak ongi menderatu zuen aurrelari urnietarra, 30-22.

Barrenetxeak historia errepikatzea nahiko luke, gainera finala ere irabazi zuen Urrizaren aurka. Hala ere, aurten gauzak zailago izango direla dirudi. Ansak maila hobetzen jarraitzen du eta ligaxkan bigarren erremontistarik onena izan da bai emaitzen arabera eta baita  erakutsitako jokoaren arabera ere. Barrenetxeak bere maila igo beharko du.

Barrenetxeak pilota biziagoak

Asteartean aukeratu zuten partida honetarako materiala eta pilotari bakoitzak hiru pilota bereizi zituen. Barrenetxea IV.ak 127 gramoko bi eta 129 gramoko bat aukeratu zituen. Ansa II.ak hartu zion lekukoa 128 gramoko bi eta 127 gramoko pilotekin.

Atzelari hernaniarraren materiala biziagoa da, Ansak gehiago bilatzen du piloteoa, Barrenetxeak saketik min egin eta pilota atzeko koadroetara bidali nahi duen bitartean.

Barrenetxeak argi du zein partida klase komeni zaion. «Zerbait bizia bilatu dut, nire jokorako egokia den pilota bat, edo gutxienez, eroso sentitzen naizena. Oso gustura geratu naiz. Imanolen bi pilota neutroak iruditu zaizkit, eta beste bat apur bat okertua edo borobila izatea eragozten zuen joskera zuena. Seietatik bost onak dira jokatzeko, eta bestea Ansak erabiliko du partidua ondo ez badoa».

Ansak pilota baxuagoak aukeratu zituen. «Piloteo gehiago nahi dut eta sakearekin min gutxiago egin diezadala eta ez dadila hainbeste errebote egon. Iaz 12 tanto sartu zizkidan saketik, eta ez nintzen jokoan sartu egin zizkidan tanto erdietan. Horrela zaila da jokatzea».

Ez du bere burua bere bertsiorik onenean ikusten, baina gaizki ere ez. «Ez nago super, baina bai erregular. Konfiantza daukat ligaxkako partidu guztietan lehiatu naizela ikusi dudalako. Aurtengo materiala erabilgarriagoa iruditzen zait, beretako bat, bizia bada ere. Sakearekin tantoen erdia egitea saihestu nahi dut, horrela irabaztea oso zaila baita».