Jon Ormazabal

Jon Mariezkurrena ez da irabazteaz aspertzen eta Atano III.ean ere nagusi izan da

Irribarriak eta Albisuk estutu badituzte ere, Ezkurdiak eta Berriozarko atzelariak Donostia Hiria torneoko finala irabazi dute partida erakargarri batean.

Ezkurdia eta Mariezkurrenak eraman dute Donostia Hiria torneoa.
Ezkurdia eta Mariezkurrenak eraman dute Donostia Hiria torneoa. (@Aspepelota)

Protagonistak berak ez du erabat asebeterik amaitu, –hain dira handiak uda honetan ematen ari den erakustaldiak gaurkoa ez zaiola horrenbestekoa iruditu– baina Jon Mariezkurrenak Atano III.ean ere nagusi izan da eta Joseba Ezkurdiak lagunduta, Donostia Hiria torneoa ere irabazi du, Irribarria-Albisuri 22-18 gailenduta. Berriozarko atzelariak eraman du pilotari onenaren Iñigo Salvidea saria eta Iruñean eta Bilbon egindakoaren bidetik, udako pilotarik onena izan dela berretsi du. Kirolak eta pilotak ematen dituen buelta izugarriak izanda, pozgarria da neguan eskuetatik horrenbeste sufritzen ikusi genuen pilotaria udan hainbeste gozatzen, eta gozarazten ikustea.

Hala ere, Donostiako finala irabazteko pronostikoek ziotena baino askoz gehiago sufritu izan behar izan dute Mastersean ere elkarrekin ari diren nafarrek. Izan ere, udako torneorik irabazi ezinda jarraitzen badu ere, Iker Irribarriarentzat ere oso positiboa izan da aurtengo Donostiako feria, onenenekin binaka ere lehiatzeko gai ikusi baitu bere burua aspaldiko partez. Finalerdian Laso-Zabaleta kanporatu ostean, gaur ere partida handia jokatu du, bereziki lehen erdian, ausart, eraginkor eta langile, eta aspaldi ez bezalako pilotakadak jo dituk 6-5ean ezkerrez errebotera sotamanoz jo duen pilotakada esaterako.

Jon Ander Albisuk ere baditu balorazio baikorra egiteko motiboak, izan ere gaur egungo Mariezkurrenari eustea ez baita gauza gutxi eta, azkenerako huts gehitxo pilatu baditu ere, partida txukuna jokatu du.

Opari gehitxo

Izan ere, 6-0eko partzial batekin (10-7tik 10-13ra), garaipenarekin amesteko arrazoiak ere bildu baitituzte goierritarrek. Tarte horretan ataundarrak eutsi baino gehiago egin du atzean eta aurrean Irribarriak ere egoki amaitu ditu tantoak.

Baina eroso aritu ez de Ezkurdia batek eta Mariezkurrenak unerik latzenean hortzak estutzeko gaitasuna izan dute eta, «erasoak partidak irabazten ditu, defentsa onak txapelketak», saskibaloian sarri esaten den esaldia on egin dute. Izan ere, galdutako pilotetan egon da partidaren sekreturik handienetako bat eta gipuzkoarrek gehitxo bota dituzte halako bikote bati irabazi ahal izateko.

 

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia-Mariezkurrena: 22

Irribarria-Albisu: 18

Pilotakadak: 516. Iraupena: 56,37 minutu. Markagailua: 2-0, 2-2, 3-2, 3-4, 6-4, 6-5, 8-5, 8-6, 9-6, 9-7, 10-7, 10-13, 12-13, 12-14, 13-14,13-15,16-15, 16-16, 20-16, 20-18, 22-18. Sakeak: 1 Ezkurdiak eta 0 Irribarriak. Egindakoak: 5 Ezkurdiak, 3 Mariezkurrenak, 7 Irribarriak eta 4 Albisuk. Galdutakoak: 4 Ezkurdiak, 3 Mariezkurrenak, 4 Irribarriak eta 9 Albisuk. Gorabeherak: 785 ikusle Donostiako Atano III.a pilotalekuan