Herritar talde batek Donibane Garazi herriko seinaleen ordena aldatu du berriz, euskal izendapenari lehentasuna emanez. Ekintza burutu bitartean hamar bat jendarme bertaratu eta gelditzea eskatu badute ere, lana bururaino eraman ahal izan dutela azaldu dute prentsa ohar batean.
Zehaztu dutenez, agorrilaren 9an egindako ekintzari jarraipena ematen dio euskararen alde auzolanean burututako ekintzak. Izan ere, egun hartan tokiz aldatutako seinalean berriki tokiz aldatu dituztela salatu dute «frantsesezko izena berriz gainean ezarriz, eta euskarazkoa azpian».
Gogoratu dutenez, pasa den martxotik hainbat eskaera helarazi diote Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseilu Nagusiari, «Euskal Herriko bide departamentaletako seinaletikan lehenik euskara erabiltzeko» eskatuz.
Gainean euskarazko izendapena eta horren azpian frantsesezkoa jartzea planteatu dute. «Herri izenei dagokienez, herrien izenaren ahoskera euskaraz eta frantsesez berdina edo berdintsua delarik, bakarrik euskarazko idazkera erabiltzea eskatu genion, eta ahoskera edo izena ezberdinak direlarik, gainean euskarazkoa eta azpian frantsesezkoa ezartzea eskatu genion», zehaztu dute.
Azken hilabeteetan zehar hainbatetan helarazi duten eskaerak ez du Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseilu Nagusiaren ezta Donibaneko Herriko Etxearen erantzunik jaso, salatu dutenez.
Euskara «desagertzera kondenatzen» dituzten politikak
Euskararen aldeko herri ekimenak mobilizazioa deitu du irailaren 8rako, Donibane Garazin bertan Lakuako Gobernuak, Euskal Elkargoak eta Donibane Garaziko Herriko Etxeak antolatzen duten Euskal Diasporaren Egunean.
Elkarretaratzea egingo dute merkatuan, 17.30ean, «euskarari lehentasuna eta nagusitasuna ematen ez dioten» erakundeen ardura salatzeko. «Elkarretaratzean, erakunde hauek euskarari lehentasuna eta nagusitasuna ez diotela ematen, eta ondorioz desagertzera kondenatzen dutela salatuko dugu», nabarmendu dute.