Pirinioetako ahuntzaren erresistentzia erakustaldia

Ustez Mesopotamian aurrenekoz etxekotu zituzten ahuntzen ondorengoa, Pirinioetako ahuntza desagertzear egon zen. Landa-ezaugarrei eta zale sutsu gutxi batzuei zor die salbazioa. Bere aurkakoen aurrean errebantxa hartzen ari da orain.

Pirinioetako ahuntzaren esnea hobea da, aberatsagoa.
Pirinioetako ahuntzaren esnea hobea da, aberatsagoa. (MEDIABASK)

Gure herriko esaera zahar batek dioenez, «zure auzokidearekin haserretu nahi baduzu, ahuntzak hazi». Arrazoia balu, Pirinioetako ahuntzak ez luke zalerik izango. Onartu behar, halere, animaliak baduela, beste esaera zahar batek dioen bezala, «alboko zelaian belarra berdeagoa da» egiaztatzeko zorigaiztoko joera. Artzain zaharrek gaixotasunak zabaltzea leporatzen zioten. Irudi txar horiek, abeltzaintza intentsiboarekin eta produktiboagoak diren beste arraza batzuen aukeraketarekin batera, 1980ko hamarkadan Pirinioetako ahuntzaren arraza desagertzeko zorian utzi zuten.

Hamabost urtetik hona, baina, joera guztiz aldatu da eta, inguruko beste edozein animaliaren inbidia sortuko lukeen hazkunde demografiko itzela bizitzen ari da Pirinioetako ahuntza. Duela 25 urte ehuneko batzuk baino gehiago ez ziren geratzen, eta 2012. urtean 3.770 erroldatu ziren eta gaur egun 5.200 daude Pirinioetako mendigune guztian, eta horietako asko Ipar Euskal Herrian eta Bigorran.

Landa-ezaugarriak

«Berehala ohartu ginen esnea uste baino hobea eta gozoagoa zuela», hori dio Yon Hourcadek, Baigorri-Ortzaize eskualdeko Lasa udalerrian kokatutako ahuntzainak, arrazarekiko interesa handitzearen arrazoia azaltzean. Beste hamabi ahuntzainekin, 26 urteko gazte hau Ahuntz Pirenaika elkarteko kide da, La Chévre de Race Pyrénéenne elkarteko bertoko taldearena. 2004. urtean sortu zen elkartea eta arraza ezagutzera eman baino lehen arraza salbatzeaz arduratu da lehenik eta behin. «Honetan abiatu nintzenean, duela sei urte, oso garbi nuen urte osoan kanpoan egon ahal zitekeen animalia bat behar nuela», azpimarratu du Horcadek. «Arrazaren babesa ere atsegin nuen kontua zen».

Bere landa-ezaugarriekin, Pirinioetako ahuntzak izen bereko mendigunean behar duen guztia aurkitzen du. Gauza handirik ere ez du behar, zuhaitzaren adarrekin eta sasiekin kontentatzen baita. «Ez dut askotan esan, baina aurtengoa, lehorte eta guzti, ondo joan da ahuntzarentzat. Artzainentzat, aldiz, konplikatuagoa izan da», azaldu du ahuntzainak. Kanpoaldeko, goi larreetako abeltzaintzaren garaian, animalia asko arditegi eta kortetan itxi behar izan dira, ustez pobretuegiak zirelakoan mendi eremu osoak utzi baitira, hutsik, ahuntzen zorionerako.

Iraganean bere esne, haragi eta larruagatik baserrietako ohiko osagaia zen ile luze eta belarri eroriak dituen animalia bere aurkakoen aurrean errebantxa hartzen ari da. Bere esne koipetsua ezin hobea da gazta egiteko eta... kosmetikoetarako! Duela hiru urtetik, Yon Hourcaderen Pirinioetako 40 ahuntzen esne guztia «%100 naturalak» diren xaboiak egitera doa. Ahuntzaina laster hasiko da gorputzarentzat esne hidratatzailea ekoizten.