NAIZ

Udan 250.000 bisitari jaso dituen Larhungo kremailera-trena konponketa garaian sartu da

Bi hilabete eta erditan soilik 250.000tik gora bidaiari jaso ditu Ipar Euskal Herriko gune turistikorik bisitatuena den Larhungo tren ttipiak. Igandean bere sasoia amaitutzat eman ondoren burdinbidea guztiz berritzea xede duten lanetan murgilduko da ondoko hilabetetan kremailera-trena.

Euskal Herrian dagoen kremailera-trena bakarra izanik bisitari igari jasotzen du udaberri eta udazken artean Larhungo tren ttipiak.
Euskal Herrian dagoen kremailera-trena bakarra izanik bisitari igari jasotzen du udaberri eta udazken artean Larhungo tren ttipiak. (Bob EDME)

Pandemiak ezarritako mugak desagerturik, aurten bere ohiko jarduera bizia berreskuratu du Larhungo tren tipiak. Azpiegituraren kudeatzaileek jakitera eman dutenez, 250.000tik gora bidaiari garraiatu du Saran duen tren geltokitik eta Larhungo tontorreraino.

Bilan horren arabera urtaro oparoa izan da. Bi hilabete eta erdiz bildu duen bisita kopuru zinez handia da, are gehiago aintzat hartzen bada 2021ean burdinbidea berritze aldera abiatu ziren lanek baldintzatu dutela bere jarduera.

Ohiko denboraldi batean –maiatza eta urria bitartean– 350.000 bisitari inguru errezibitzen ohi ditu tren txikiak. Bi hilabete eta erdiz 250.000tik gora metatu ditu aurten.

Beraz, sasoi berezi samar izan arren emaitza bereziki baikorra izan dela nabarmendu du azpiegitura kudeatzeko ardura duen Pirinio Atlantikoen Departamendu Kontseiluak.

Epsa enpresaren bidez kudeatzen den zerbitzuan 70 bat langile daude, horietatik 20k lan iraunkorra dute eta bertze 50k trena zerbitzuan den hilabetetan soilik jarduten dute.

Igandean egin zuen azkeneko bidaia

Irailaren 4an bere azkeneko joan-jinak egin ostean, biharamunean bertan 2023ko maiatza bukaera arte luzatuko diren konponketa lanei ekin zien tren tipiak. Bere web orrialdean jarritako oharraren arabera 2023ko ekaina arte itxita izanen da tren ttipia.

Azpiegitura arramoldatzeko eta segurtasun arau berrietara egokitzeko lanen bigarren fasea izanen da. Hala, lehenik eta begin burdinbidearen osagaiak guztiz aldatuko dituzte.

«Irail hondarrean tontorra eta tailerra arteko burdinbidearen osagaiak guztiz berrituak izanen dira», jakinarazi du agiri baten bidez Pauen bere egoitza nagusia duen erakundeak.

Urritik aurrera, berriz, konponketa lanekin jarraitu aitzin lokomotorarekin frogak eginen dituzte.

Kremailerako ibilbideak guztiz berrituta behar luke heldu den urteko udaberrirako, maiatza hondarrean edo ekainaren hasieran tren tipia berriz ere errailetan ematea baita helburua.

«Mendiaren etorkizuna» egitasmoaren baitan sartu diren obretan 26 milioi euro inguru inbertituko dira. Buxeta horren zatitik handiena frantses Estatuak eta Pirinio Atlantikoen Departamendu Kontseiluak ordainduko dute.

1924an errailetan eman zuten Larhungo tren tipia. Frantses Estatuan antzeko sistema baliatzen duten bost tren baizik ez dira martxan gaur egun.

Euskal Herrian dagoen kremailera tren bakarra da Lapurdi eta Nafarroa besarkatzen dituen Larhun mendira igotzea, era lasaian eta paisajeaz gozatuz, ahalbideratzen duen trena.