Maite Ubiria

Urruñako eskola publikoan murgiltze eredua izanen dela baieztatu du Paueko Ikuskaritzak

Pirinio Atlantikoen Departamenduko Hezkuntza Ikuskaritzak ikastetxeek izanen dituzten baliabideak finkatu eta euskarazko hezkuntzari buruzko azken doikuntzak jakinarazi ditu. Larraine, Barkoxe eta Irisarrin ez ezik Urruñako erdiguneko eskola publikoan ere murgiltze eredua plantan emanen dute.

Urruñako ikastetxe publikoan murgiltze ereduan jardunen dute ama eskolako haurrek.
Urruñako ikastetxe publikoan murgiltze ereduan jardunen dute ama eskolako haurrek. (@ecoledubourg)

Ikasturtea hasi berria delarik, Pirinio Atlantikoen Hezkuntza Ikuskaritzakeuskarazko hezkuntzari buruzko azkeneko doikuntzak jakinarazi ditu. Larraine, Barkoxe eta Irisarrin ez ezik Urruñako erdiguneko eskola publikoan ere murgiltze eredua plantan emanen dutela jakitera eman du aipaturiko egiturak astelehenean Pauen eginiko bileraren ostean.

Urruñako eskolako ordezkariek NAIZi azaldu diotenez dagoeneko ekainean galdetu zuten ama eskolako sekzio handian klase bat irekitzea euskaraz eta finean, ikasturtea hasita bada ere, irailean heldu den baieztapena «baikorki» hartu dute.

Urruñako Herriko Etxearen sostengua ukan dute ama eskolako azken zikloan euskarazko klase berria irekitzeko eskaera luzatu duten gurasoek zein eskolako talde pedagogikoak.

Ohi bezala, uda aitzin ikasturte berriari buruzko ‘eskola karta’-ren behin behineko bertsioa jakitera eman zuen Pirinio Atlantikoen Hezkuntza Ikuskaritzak. Orduan jakin zen Larrainen, Barkoxen eta Irisarrin murgiltze ereduaren alde emandako borroka luzeak fruitua eman zuela.

Irailaren 5ean, berriz, irakaskuntza alorreko sindikatuekin kontsultak egin ostean 2022-2023 ikasturtean Ipar Euskal Herriko zein Biarnoko eskoletan izanen dituzten behin betiko baliabideak zehaztu zituen François Xabier Pestel ikuskariak.

Azken bost urteotan, 2.700 ikasle galdu dira Euskal Herria barne den departamenduan. Bilakaera demografikoak, ordea, ez du ikasgelen itxieraren orokortzea ekarri.

Testuinguru horretan, Unsa sindikatuak begi onez hartu du irakasle postuen galera saihesteko Ikuskaritzak agertu duen borondatea.

Edonola ere jakin behar da Hexagono maila irakasleen falta handia dagoela. Are, ikasturte hasieran 4.000 irakasle postuen eskas zen Hezkuntza Ministerioa.

Euskarazko hezkuntza, garaile

Euskarazko irakaskuntza garaile atera da ‘eskola karta’ berrian, Unsa sindikatuak plazaratu duen postuen banaketari erreparatu ez gero.

Uda aitzinetik ezaguna zen Larraine eta Barkoxeko ama eskoletan zein Irasarriko eskolaren kasuan baita lehen mailan ere euskaraz ikasteko aukera izanen zutela haurrek. Lehen aldia da sare publikoaren lehen mailan ere euskaraz ikasteko baimena emanen duela ikuskaritzak.

Ikasturte hasiera kasi eginiko agerraldian erabaki hori txalotu zuen, atzo Ziburun, Seaskako lehendakaria den Peio Jorajuriak, euskara aitzinera eramateko «denok garela beharrezko» mahaigaineratuz. Izan ere nonahi euskaraz ikasteko bermeak eskatu zituen Jorajuriak, azterketak euskaraz egiteko oraindik ere indarrean dauden oztopoak gainditzea galdetuz.

Lanpostu gehiago

Behin behineko ‘eskola mapa’-ren arabera lau eskoletan murgiltze eredua baieztatzearekin batera euskarazko irakasle postu gehiago aurreikusi ditu ikasturte honetan Ikuskaritzak.

Beti ere sare publikoari dagokionez, Baionako Brana eskolan postu erdi bat gehiago sortu dute.

Euskarazko postu erdi bat gehiago ere izanen dute Ezpeletako eskolan baita Biarritzeko Reptou ikastetxean ere.

Ipar Euskal Herrian ama eskolan sartu diren haurren %41 sail elebidunean ikasiko dutela ikasturte honetan baieztatu du Hezkuntza Ikuskaritzak.