NAIZ

Elizabeth II.ak bake prozesuari egin zion ekarpena gogoratu dute Ipar Irlandan

Sinn Feinn alderdi errepublikanoko presidenteorde Michelle O'Neillek adierazi duenez, «pertsonalki» eskerrak eman dizkio hil berri den Elizabeth II.ari Ipar Irlandan «bakea eta adiskidetzea sustatzeko egindako ekarpenagatik eta ahalegin irmoengatik».

Elizabeth II.a, errege izendatu berri duten Charles semearekin, artxiboko irudi batean.
Elizabeth II.a, errege izendatu berri duten Charles semearekin, artxiboko irudi batean. (Stefan ROUSSEAU | AFP)

Twitterren argitaratutako mezuen bitartez, Sinn Feineko presidenteorde Michelle O’Neillek «biziki deitoratu» du britainiarren erreginaren heriotza eta Ipar Irlandako bake prozesuari eman zion babesa azpimarratu du.

Haren seme-alabei doluminak adieraztearekin batera, «unionisten komunitateko kideen mina» aitortu du, «sakonki» sentitu baitute erreginaren heriotza.

Era berean, «pertsonalki» eskerrak eman dizkio O'Neillek, iragan maiatzean Ipar Irlandan egin ziren hauteskundeetan garaile izan zenak, Elizabeth II.ari «bakea eta adiskidetzea sustatzeko egindako ekarpenagatik eta egindako ahalegin irmoengatik».

Bere aldetik, DUP Alderdi Demokratiko Unionistak monarkak Erresuma Batuko estatuburu gisa izan zuen figura «irmo eta hautsiezina» nabarmendu du.

Jeffrey Donaldsonek ere uhartearen iparraldean zein hegoaldean egin zuen lana txalotu du, 2011n Irlandara egin zuen bisita –1921eko independentziatik lehena– gogora ekarriz.

Zentzu horretan, Irlandako lehen ministro Micheal Martinek ere gogoratu du bidaia hura «berebiziko urratsa» izan zela harremanen normalizaziorako. Elizabeth II.a gabe «mundua toki okerragoa» dela azpimarratu du.

Eskoziako gobernuburu Nicola Sturgeonek azpimarratu du une «oso tristea» dela «Erresuma Batuarentzat, Commonwealtharentzat eta mundu osoarentzat.