Arnaitz Gorriti

Azken ordu laurdenean Bidasoa-Irun Cangas Morrazori gainetik pasa zaio (35-26)

Denboraldiko aurreneko garaipena lortu du Irungo taldeak. Ia beti aurretik joan bada ere, 24-22 hurbildu da Galiziako taldea, baina Skrzyniarz atezaina eta Jon Azkue kapitainaren gol jarioak indar berria eman die Jacobo Cuetararenei.

Bederatzi gol sartu ditu Jon Azkue kapitainak.
Bederatzi gol sartu ditu Jon Azkue kapitainak. (Gorka RUBIO | FOKU)

BIDASOA-IRUN 35 - BALONMANO CANGAS 26

Bidasoa: Harbaoui, Azkue (9, 1p), Ugarte (2), Cavero (3, 2p), Asier Nieto (1), Zabala (3) eta Salinas (3) –hasierako zazpikoa–, Skrzyniarz (o.a), Da Silva (2), Gorka Nieto (6), Mitic (1), Dariel Garcia (2), Furundarena (2), Rodriguez (1), Mugika, Thesoriere eta Iribar.

Cangas: Diaz, Aizen (2), Lopez (2), Botet (4), Del Arco (1), Varela (1) eta Simes (3, 2p) –hasierako zazpikoa– Forns (o.a.), Fodorean (1), Gonzalez (2), Quintas (2), Dorado (3p), Gayo (2), Vilanova (2), Perez (1) eta Chaparro.

Partzialak: 1-1, 5-3, 9-6, 11-8, 14-11, 18-13 –atsedenaldia–; 21-17, 23-19, 24-22, 28-24, 32-25, 35-26.

Epaileak: Iniesta Castillo eta Garcia Rodriguez. Etxeko Da Silva, Rodriguez eta Azkue egotzi dituzte eta galiziarren artetik, berriz, Lopez, Del Arco eta Botet.

Gorabeherak: Asobal Ligako bigarren jardunaldia, Artaleku kiroldegian jokatu dena.

Pasa den asteburuan Benidormen aurka esku hutsik itzuli zen etxera Bidasoa-Irun, baina ostiral hontan ez da barkatzeko egon eta ondo merezita lortu ditu denboraldiko aurreneko puntuak. Azken emaitzak dioena baina dexentez gehiago kosta zaio talde gipuzkoarrari, Cangas Morrazo 45 minutu eta gero 24-22 hurbildu baita markagailuan.

Alabaina, azken ordu laurden horretan gainetik pasa dira Artalekuko mutilak: Skrzyniarz atezain poloniarrak Harbaoui ordezkatu du eta ia segidan baloiiak gelditu eta gelditu hasi da. Bestetik, erasoan Jon Azkue kapitainak hartu du ardura eta marbakailua 24-22 egotetik 30-24 egotera pasa da. Tarte horretan orotara sartu dituen bederatzi goletatik lau sareratu ditu Azkuek.

Ia beti aurretik joan dira markagailuan Jacobo Cuetararen mutilak, nahiz eta aurreneko minutuetan behar baino akats gehiago egin. Gorka Nieto izan da irundarren gol jarioa bermatu sduena aurreneko zatian, baina talde galiziarrak nahikoa txukun eutsi dio. Azken bi denboraldietan Artalekun berdindu zuten galiziarrek eta oraingo honetan ere buruko min dexente sortu dituzte, batez ere Diaz atezain beteranoaren lanari esker. Hala ere, atsedenera iritsi aurreko azken bost minutuetan aldea zabaldu du Bidasoa-Irunek eta 18-13ko emaitza lortu du etxeko taldeak.

Aldageletatik bueltan, ordea, Cagas Morrazok asko sakatu du eta lanak eman ditu, batez ere Botet piboteak errazegi sartu dituelako hainbat gol eta, horrez gain, talde galiziarrak zazpi metroko zenbait jaurtiketa erraz lortu eta sareratu dituelako.

Hala, markagailua 24-22 jarri da partidako azken laurdena falta zela. Zorionez, Skrzyniarz kantxara atera da eta poloniarraren lanak defentsari konfiantza eman dio. Horrez gain, Jon Azkuek aterako bidea zabal zabalik aurkitu du, eta 6-2ko partziala eskuratu ostean, Bidasoa-Irunek partida hautsi eta denboraldiko aurreneko puntuak bermatu ditu.

Asobal Liga

Helvetia Anaitasunak, bere aldetik Santanderren jokatuko du larunbat eguerdian Balonmano Sinfin taldearen aurka.

Aurreneko jardunaldian Balonmano Cisne igo berriari kostata, baina irabazi egin zion talde iruindarrak, eta bere aldetik, belauneko lesioa berritu zaion Ander Torrikori eskaini nahiko diote garaipena Quique Dominguezen gizonek. «Ligako aurreneko jardunaldian momentu onak izan genituen, baina baita hutsegiteak ere. Horiek zuzentzen egin behar dugu ahalegina», adierazi du asteon Dominguez entrenatzaileak.

Emakumeen Liga

Super Amara Bera Berak ere zapatuan jokatzen du, 16.00etan Granollersen kantxan. Imanol Alverezenek ez zuten nahi bezala hasi denboraldia, Malagaren aurka Donostian galdu egin baitzuten. Entrenatzaile bizkaitarraren aburuz, «defentsan mailarik» ez omen zuten eman.
«Garbi dago zer egin genuen gaizki, gure defentsak ez zuen mailarik eman nahiz eta erasoko jokoarekin pozik nago.

Ez gaude ligan galtzera ohituta, baina ez da alarmarik piztu», azpimarratu du partida bezperako prentsaurrekoan Alvarezek.

Zuazok eta Gurpea Beti Onakek ere zapatu arratsaldean jokatu behar dute. Barakaldoko taldeak Rocasa boteretsuari lanak eman zizkion. Lasesarren 19.30etan Porriño taldearen aurka denboraldiko aurreneko puntuak bilatuko ditu Haito Rodriguezen taldeak.

Galiziarrek 26-27 galdu zuten beren estreinako partidan, Motive Gijon taldearen aurka. Hain zuzen, Gurpea Beti Onak talde nafarrak asturiarren kantxan jokatu beharko dute 19.00etan hasita.

Atarrabiako taldeak garaipenaz ospatu zuen Guerreras Iberdrola Ligako debuta, baina gaur arratsaldekoa aurreneko bisita serioa izango da, asturiarrek ligan goian ibiltzeko taldea eratu baitute.