Maddi Txintxurreta

Independentzia «guztia alda dezakeen indarra» dela aldarrikatu du Sortuk Donostian

‘Independentziarako Indarra’ lelopean, manifestazio jendetsua egin du Sortuk Donostian, Kontxako Banderaren bigarren igandean. Independentzia egun bizi den egoera «ezegonkorraren» konponbidea dela sinesten du alderdiak.

Sortuk Donostian deitutako manifestazioa, Kontxako Banderaren bigarren igandean.
Sortuk Donostian deitutako manifestazioa, Kontxako Banderaren bigarren igandean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Hainbat lagunek bat egin du ‘Independentziarako Indarra’ lelopean Sortuk Donostian deitu duen manifestazioan. Euskal Herriaren independentziaren aldeko oihartzuna ozen entzun dadin egun berezia hautatu du Sortuk: Kontxako Banderaren bigarren igandea, eta jendez gainezka zegoen hirian gainezka egin du manifestazioak ere. 13.30ean abiatu da Bulebarretik, estropadak bukatuta zirela. Lasterketa batek besteari eman dio testigua eta, arraunlariek nola, «paladaz palada» independentziarako bidea egitera deitu dute Sortuko arduradunek.

«Gaurko egunez, jaia eta aldarria uztartu nahi izan ditugu», adierazi du Aritz Arzallus Sorturen Gipuzkoako arduradun politikoak manifestazioa hasi aurretik. Hala ere, esan du Sortu jakitun dela «garai ezegonkorra ari garela bizitzen, baita Euskal Herrian ere». «Eta ez da katastrofe natural bat, batzuek saldu nahi diguten moduan –aipatu gabe, baina EAJri egin dio erreferentzia, «ekaitza» zetorrela esan baitzuen Urkulluk kurtso politikoko irekiera ekitaldian–. Egoera honek erantzuleak ditu, izen abizenak dituztenak», ohartarazi du.

Arzallusen esanetan, «herri honetan, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen sakoneko eraldaketarako lidergo berri bat behar da». Lidergo hori ezker independentismoak hartu behar duela defendatu du, bereziki eta «berehalakoan» Gipuzkoan.

Musikaz lagunduta zeharkatu ditu martxa jendetsuak Donostiako kaleak: Selektah Stepi taldeak kamioi baten gainetik gidatu du independentziaren aldeko mobilizazioa eta dantzan jarri ditu ‘Independentziarako Indarra’ lelo koloredun pankarta heldu duten lagunak. Atzetik, milaka lagun, Sortuk Euskal Herria eraikitzeko beharrezko jotzen dituen zazpi zutabeak –sozialista, euskalduna, feminista, ekologista, askatasuna, harrera eta independentzia– eta dozenaka ikurriña eta bandera nafar.

«Sakoneko» aldaketak egiteko, «burujabetza»

Bulebarrean amaitu da manifestazioa eta kamioiko oholtzara igo da Aritz Arzallus. Manifestazioan batu den jende andanari zuzendu zaio, lehenik euskal preso, iheslari, deportatu eta haien senideei «agur berezi bat» luzatuz. Munduak eta Euskal Herriak bizi duen egoera «ezegonkorra» aipatu du beste behin, eta ohartarazi «kapitalaren logikak agintzen duenean bizitzak atzera egiten duela». «Eta zeinek ordaindu behar izaten du? Emakumeek, gazteek, pertsona arrazializatuek, pentsiodunek, langileek... horrek ezin du horrela izan», nabarmendu du.

Horren aurrean, Euskal Herriak «sakoneko» aldaketa bat behar duela aldarrikatu du Arzallusek. «Egun dauden zimendu pitzatu eta grisen ordez, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen zimendu sendoek eutsi behar diote herri eta jendarte honi. Horretarako, herri honek burujabea izan behar du», esan du.

Horrek janzten du zentzuz, bere ustez, «independentziaren indarra», hain zuzen, «guztia alda dezakeen indarra».

Baikor agertu da Sorturen Gipuzkoako arduraduna, argi esanez «itsasoa erabat mugituta» dagoen arren, aldaketak «eragin» egingo dituztela. «Ez baitago ezer idatzita, jokoan baitago bandera. Guri idaztea eta borrokatzea tokatzen zaigu. Euskal Herrian badago alternatiba», agertu du.

Sortuk deitutako mobilizazioaren aurretik, 13.00etan, euskal presoen amnistia eskatu du Aske kolektiboak deitutako beste manifestazio batek. Ehun lagun inguru abiatu dira Bulebarretik.