NAIZ

Forondako hegaldi defizitarioak finantzatzeko 8 milioi erabili direla salatu du Greenpeacek

Greepeacek jakianrazi duenez, Lakuak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak zortzi milioi erabili dituzte Forondako hegaldi defizitarioak ordaintzeko. Laguntza hauek bertan behera uzteko eskatu die eta CO2 isuriak handitzen ez dituen turismo eta mugikortasun ereduak sustatzera bideratzea.

Greenpeacek garraio jasangarriaren aldeko kanpaina egin du udan.
Greenpeacek garraio jasangarriaren aldeko kanpaina egin du udan. (Greenpeace)

Lakuak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak zortzi milioi erabili dituzte Forondako aireporturako hegaldi defizitarioak finantzatzeko. Hori da Greenpeacek argitara eman duen azken txostenean atera duen ondorioetako bat. Txosten horretan, udalek eta erkidegoek aireko sektoreari emandako diru laguntzen azterketa egin du, eta, bertan, salatu egin ditu hegaldi defizitarioak mantentzeko hainbat administraziok airelineei eman dizkieten laguntzak.

Dokumentuaren arabera, Ryanair eta Binter enpresei zortzi milioi euro arteko diru laguntzak eman zitzaizkien 2020an. Greenpeacek administrazioei enpresa hauek diruz laguntzeari uzteko eskatu die eta baliabide horiek CO2 isuriak handitzen ez dituen turismo eta mugikortasun ereduak sustatzera bideratzea.

Era berean, txostenean zalantzan jartzen du laguntza horiek emateko turismoak duen justifikazioa. «Atzerriko bisitariak erakartzeaz gain, hegaldien helmugek, batez ere, bertako biztanleen oporretarako lekuak dirudite».

Adrián Fernández Greenpeaceko mugikortasun kanpainaren arduradunaren arabera, «larrialdi klimatiko betean egonda ere, aldundiak eta udalak ingurumenerako kaltegarria den jarduera bat finantzatzen ari dira».

Txosten berak ohartarazten du Euskal Herriaren inguruan aireportuen saturazioa dagoela, eta «aireportu hutsen burbuila» bat detektatu du, non sei aireportu baitaude 120 kilometro eskasean. Bilbo, Donostia, Biarritz, Iruñea, Gasteiz eta Logroño. Azken biak ez dira iristen Europar Batasunak merkataritzako aireportu baten bideragarritasuna bermatzeko ezarritako gutxienekora. «Ohiz kanpoko egoera horrek, ingurumen eragin negatibotik haratago, erakusten du horietako askoren eraikuntza ez dela garraio politika global baten ondorio, eta diru publikoaren hustubidea dela, eta horrek eragin txikia duela enpleguan edo eskualdeko garapen ekonomikoan».

Gehien kutsatzen duen garraiobidea

Greenpeacek mugikortasun kanpainaren bidez, aireko sektoreak CO2 emisioetan duen eraginari buruz ohartarazten du, eta, larrialdi klimatikoan, administrazioek hegazkin bidezko bidaiak sustatzen jarraitzea salatu du, nahiz eta «garraiatutako pertsona bakoitzeko garraiobiderik kutsagarriena izan». Eman dituzten datuen arabera, adibidez, Iruñetik Madrilera hegazkinez bidaiatzen duen norbait 130 kg co2 emititzen arituko da. Alvia tren batean, berriz, %100 elektrikoa denez, 8 kg CO2 besterik ez ditu sortuko.

Hegaldi laburrak debekatzeko eskatu die Europar Batasunari eta estatu kideei, trenez bidaiatzeko alternatiba dagoenean. Neurri hori hein batean aplikatu zen frantziar Estatuan, eta, «hegazkinetatik datozen emisioak gutxitzeaz gain, Errusiatik kerosenoa inportatzea ere saihestuko luke, energia-krisiaren une batean».

«Hegaldi konpainiek 2050erako zero emisio garbiak lortzeko asmoa adierazi duten arren, ez dirudi helburuek Parisko Akordioarekin bat egin dezaketenik», gehitu dute. Hau, Greenpeacek Europa mailan uda honetan argitaratutako ‘Klima porrotera goaz: Europako zazpi konpainia nagusien azterketa’ txostenaren ondorio bat da, eta zazpi talde handiren agenda klimatikoa zalantzan jartzen du. Besteak beste, Ryanair, Iberia, Vueling eta Air Nostrum.