NAIZ

Bilbo izango da 2030 Agendaren Toki Ekimenaren Idazkaritzaren egoitza nagusia

Bilbok hartuko du ‘Local 2030’ koalizioaren idazkaritzaren egoitza global eta iraunkorra. Udalerri eta eskualdeetan 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko Helburuak bultzatzeko sortutako NBEren organoa da. 4.500.000 euroko aurrekontu konpromisoa hartu du Lakuak 3 urteetarako.

‘Local 2030’ren egoitza hartuko du Bilbok.
‘Local 2030’ren egoitza hartuko du Bilbok. (Lakuako Gobernua)

Nazio Batuen Erakundeak Bilbo aukeratu du ‘Local 2030’-en idazkaritzaren egoitza gisa. Euskadiko Artxibo Historikoa eta Gogora Institutua kokatuta dauden Lakuako Gobernuaren eraikineko seigarren solairuan kokatuko da modu iraunkorrean, Maria Diaz de Haro kaleko 3. zenbakian.

Egoitza hau EAEn kokatzeko egindako ibilbidea, 2021aren hasieratik, Lehendakaritzak bereziki bultzatu du, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren eta Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren lan koordinatuaren bidez. Lakuak urtean 1.500.000 euroko aurrekontu konpromisoa hartu du hiru urteko hasierako aldirako.

Lakuako Gobernuaren arabera, erabaki honek, 2030 Agendarekiko konpromisoaren arloan maila globalean lehentasunezkotzat jotzen den helburu bat «indartuko» du: Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) kokapena sustatzea. «2030 Agendaren eta GJHen lokalizazio prozesu global horren lehentasuna da agenda planetako toki eta eskualde gobernu bakoitzean errotzea, gobernuen maila anitzeko koherentzia sustatuz, eta eragile anitzeko eta diziplina anitzeko lankidetza publiko-pribatua mobilizatuz, behetik gora eraginkortasunez ezartzeko», argitu du EAEko Gobernuak.

Izan ere, hori da, ‘Local 2030’ koalizioaren funtsezko misioa: 2030 Agendaren garapena bultzatzea eskualdeetako eta udalerrietako erakundeetan. Kontuan hartu behar da, adibidez, klima aldaketarekin eta haren arintzearekin lotuta garatzen diren jardueren %70 estatuz azpiko erakundeen mende daudela.

«Local 2030 Koalizioaren Idazkaritzaren egoitza Euskadin kokatzeak indartu egingo du, halaber, Euskadiren eta haren erakundeen nazioarteko proiekzioa, Garapen Jasangarrirako Helburuen eta 2030 Agendaren konpromisoan eta sustapenean erreferentziazko aktore gisa», gaineratu du Lakuak.