NAIZ

Hiru deportatu ohi itzuli dira etxera uda honetan zehar; bost gelditzen dira

Emilio Martinez de Marigorta, Felix Manzanos Martinez eta Iñaki Rodriguez Muñoa Euskal Herrian dira berriz, urte luzetan deportazioa pairatu ostean, Etxeratek ostegun honetan jakinarazi duenez.

Iheslari eta deportatuen itzulera irudikatzeko ekitaldia, Orion 2018. urtean.
Iheslari eta deportatuen itzulera irudikatzeko ekitaldia, Orion 2018. urtean. (Jon URBE | FOKU)

Etxeratek jakitera eman duenez, Emilio Martinez de Marigorta, Felix Manzanos Martinez eta Iñaki Rodriguez Muñoa deportatu ohiak Euskal Herrira itzuli dira. Uda honetan zehar gertatu da.

Zehaztu duenez, Martinez de Marigorta gazteiztarra eta Manzanos ugaoarra 33 urtez deportatuta egon dira Cabo Verden, 3.700 kilometrotara. Estatu espainolak Afrikako itsas atlantikoan kokatua dagoen uhartedira eraman zituen 1989. urtean, Aljeriatik, ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketek porrot egin ostean.

Rodríguez Muñoa 1985. urtean atxilotu zuten Frantzian, ondoren konfinatua egon zen, eta 1986. urtean Cabo Verdera deportatu zuten Frantziatik. Urte bat geroago, Kubara (7.500 km) joan zen Rodríguez. 36 urtez izan da deportazioan.

Martinez de Marigortari dagokionez, bost senide, tartean hiru urteko semea, hegazkin istripu batean hil ziren, 1999. urtean.

Etxeratek gogora ekarri duenez, 80ko hamarkadaren bukaeratik, deportazio politikoak hasi zirenetik, 70 euskal hiritar deportatuak izan dira eta haietatik 12 hil egin dira Euskal Herritik urrun.

1985eko otsailaren 25an iritsi ziren Cabo Verdera lehenengo bi euskal deportatu politikoak: Tomas Linaza eta 2008ko urtarrilean bertan hil egin Endika Iztueta santurtziarra. Cabo Verden ere beste bi deporatu hil ziren, Juanra Aranburu 1989an eta Anjel Lete, 2002an.

Gelditzen direnak

Oraindik orain, bost euskal deportatu politiko gelditzen direla nabarmendu du: bi Kuban, Jose Angel Urteaga Martínez eta Josu Abrisketa Korta; beste bi Cabo Verden, Tomas Linaza Etxebarria eta Jose Antonio Olaizola Atxukarro; eta Eugenio Barrutiabengoa Zabarte, Venezuelan.

«Urte luzez deportatuek pairatzen duten egoera gogor hori haien senideek ordaindu dute eta ordaintzen jarraitzen dute, urte luzez lotura afektiboari eusteko milaka kilometro egitera behartuta dauden deportatuen senideek. Bada garaia 5 deportatu eta oraindik diren 24 erbesteratu poilitikoak Euskal Herriratzeko», nabarmendu du senideen elkarteak ohar batean.

 

INFORMAZIO ERANTSIA

Deportazioari buruzko erreportaje berezia 7K: https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/7k/editions/7k_2020-05-17-07-00/hemeroteca_articles/desaparecidos-en-vida-sin-causa-justificada

Etxebeste, Mujika y Castells, deportazioaren hiru lekukotasun: https://www.naiz.eus/es/info/noticia/20180127/etxebeste-mujika-y-castells-tres-testimonios-de-la-crudeza-de-la-deportacion

Alfonso Etxegarai deportatu ohiarekin elkarrizketa:https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2019-10-17/hemeroteca_articles/todavia-me-pregunto-como-pude-sobrevivir-a-tres-decadas-de-deportacion