NAIZ

Katalunia, Eskozia eta Kanakyako prozesuak hizpide EH Bairen Udako Unibertsitatetan

Azaroaren 26an bere lehenengo kongresua ospatuko duen Euskal Herria Baik hitzordu garrantzitsu hori prestatzeko zein burujabetzaren gaineko gogoetan sakontzeko Udako Unibertsitateak antolatu ditu ostiraletik igandera bitarte Uztaritzen.

Burujabetzaren aldeko aldarrikapena nagusitu zen Azkainen EH Baik iragan apirilean ospatu zuen Aberri Egunean.
Burujabetzaren aldeko aldarrikapena nagusitu zen Azkainen EH Baik iragan apirilean ospatu zuen Aberri Egunean. (Bob EDME)

Euskal Herria Baik bere Udako Unibertsitateak antolatu ditu ostiral honetatik igandera arte Uztaritzeko Latsa gelan.

Asteburu osoan zehar heldu den azaroaren 26an Baionan eginen duen bere lehenengo kongresuaren gainean «hasierako gogoeta» eginen du ezkerreko mugimendu abertzaleak.

Horrekin batera, burujabetza ardatzat harturik Katalunia, Eskozia eta Kanakyako prozesuak aztertzeko mintzaldia antolatu du.

Hala, ostiralean bere Biltzar Nagusia eginen du EH Baik eta larunbata goizean kongresuko lehen txostenak eztabaidatzeko parada ukanen dute Uztaritzera bertaratuko diren militanteek.

Larunbatean, arratsaldeko 17.00etik aitzin, mintzaldi irekia izanen da.

 'Katalunia, Eskozia, Kanakya... herritarrek erabaki haien geroaz' lemapean, Christian Allard Eskoziako Alderdi Nazionaleko (SNP) eurodiputatu ohia, Ander Larunbe EH Bilduko nazioarteko arduraduna eta David Lannes EH Baiko nazioarteko adituak aipaturiko herrialde horietan garatu diren burujabetza prozesu ezberdinak izanen dituzte aztergai.

Eskozian 2023ko urriaren 19an independentziarako bigarren erreferenduma eginen dela iragarri zuen Nicola Sturgeon lehen ministroak iragan ekainean.

Iragarpenak berriz ere piztu du ikusmina Britainia Handiaren parte den estaturik gabeko nazioaren independentziarako prozesuari buruz.

Allard (SNP): «Independentzia lortzeko aukera egiazko errealitate bat da»

Hain zuzen Christian Allard, SNPko kide eta diputatu ohiak telematikoki parte hartuko du mintzaldi horretan Eskoziako prozesuari buruz azkeneko berriak emanez.

Kazeta.eus atariarekin mintzo, eurodiputatu bezala ere jardun zuen Allardek 2014an eginiko erreferendumarekin alderatuta oso bestelako egoeran iraganen dela heldu den urteko kontsulta nabarmendu du.

Bere erranetan, «orain kontua ez da Eskozia independente bilakatuko ote den, baizik eta Eskozia independente bilakatuko dela, zeren eta heldu den urtean Eskoziak independentzia lortzeko aukera egiazko errealitate bat da».

Brexit gauzatu ondoren, Britain Handia hamaika aurpegi duen krisian murgildua delarik zalantzak daude Londonek hartuko duen jarrerari buruz. Gaur gaurkoz ez baitu erreferenduma ahalbideratuko lukeen hitzarmena izenpetzeko hauturik egin.

«2014an, Edinburgok eta Londresek akordio bat izenpetu zuten erreferendum hori ahalbidetzeko eta gauza bera nahi dugu heldu den urterako, baina oraingoz britainiar Gobernua ez da ados», kexu azaldu da SNPko kidea.

Erabakia Auzitegi Gorenaren esku geratuko da urrian. «Deia hau independentziaren aldeko gobernu baten alde behin baino gehiagotan bozkatu duen eskoziar herriaren subiranotasunaren aldeko deia da, erreferenduma hitz eman zuelako gobernua», azaldu du diputatu ohiak.

Allardek gaineratu duenez, «Auzitegi Gorenak gure deia errefusatzen badu, parlamenturako ondoko hauteskundeak independentziarako erreferendumtzat hartuko ditugu botere demokratiko garrantzitsu bat izateko».