NAIZ
Iruñea

ELAk nafar metalaren hitzarmenean azpikontratazioa mugatzea eta subrogazioa bermatzea eskatu du

Landabeneko Volkswagenen ate nagusian egindako agerraldian, ELA sindikatuak «enpleguaren egonkortasuna eta lan baldintzak bermatzeko neurri gisa», azpikontratatutako enpresa aldatuz gero «subrogazioa bermatzea» eskatu dute.

Volkswagenen atrian prentsaurrekoa egin du ELAk.
Volkswagenen atrian prentsaurrekoa egin du ELAk. (ELA)

ELA sindikatuak metalgintzaren sektoreko dozenaka ordezkari deitu ditu hitzarmenaren negoziazioaren berri emateko. «Patronalak KPIaren oso azpitik dauden soldata igoerak planteatzen jarraitzen du, eta horrek hitzarmen hau aplikatzen zaien 35.000 pertsonak pobretzea ekarriko luke», salatu du sindikatuak Volkswagen Navarrako ate nagusian egindako agerraldian.

Hitzarmenean azpikontratazioa mugatzeko eskatu du Landabeneko plantan, bertan azpikontratatutako enpresa askok egiten dutelako lan. «Azpikontratatutako enpresa batzuek metalaren hitzarmenean araututako baldintzen azpitik dauden lan baldintzak eta hitzarmenak aplikatzen dituzte», nabarmendu dute. Gainera, «azpikontratatutako enpresa aldatuz gero subrogazioa bermatzea ere» aldarrikatu dute, «enpleguaren egonkortasuna eta lan baldintzak bermatzeko neurri gisa».

Bestalde, sindikatuak salatu du sektoreko patronalek (APMEN eta ANEM) «urrun» jarraitzen dutela Nafarroako metalgintzaren htzarmenaren negoziazioan onargarriak diren proposamenak egitetik. «KPIari lotuta ez dagoen proposamen ekonomikoa egin dute patronalek: %3,75eko igoera 2022an, %3,5ekoa 2026an, %3,25ekoa 2024an eta %2koa 2025, 2026 eta 2027an. Horrek esan nahi du hitzarmen hau aplikatzen zaien 35.000 langile inguruk erosteko ahalmena galduko luketela, KPIa proposamen hori baino askoz handiagoa baita (KPIaren abuztuko azken datua %11koa da)», azaldu dute.