Jon Ormazabal
Entrevista
Axier Arteaga
Pilotaria

«Informazio asko jasotzen duzu, dietista, coacha... baina agian esentzia galtzen duzu»

26 urterekin, bihar jokatuko du lasartearrak bere azken partida profesional gisa. Etxean eta etxekoez lagunduta egingo du, bere ibilbidea nahi baino lehenago amaituta, baina dena eman izanaren lasaitasunarekin eta etorkizunean izango dituen erronkei aurre egiteko erramintekin.

Axier Arteaga.
Axier Arteaga. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Partida bakarra geratzen zaizu, ze sentimendu dituzu?

Egia esan azken egun hauetan gogotsu eguna heltzeko, alde batetik jende asko ari zaidalako maitasun keinuak egiten, partidara etorriko direla esanaz edo afarira etorriko direla, eta gero, beste alde batetik, psikologikoki azken partidak oso gogorrak egiten ari zaizkit, zaila da motibazioa topatzea eta pixka bat larunbaterako gogoarekin, eta pa bat itxi eta berria hasteko gogoz.

Jarraituko ez zenuela jakinarazi zizutenean, espero zenuen? bazenuen jarraitzeko esperantzarik?

Bueno, espero... esango nuke bilerara %50ean joan nintzela. Alde batetik bai pentsatzen nuela aukera hori hor zegoela, baina esperantza ez nuen galtzen. Gainera lesio batzuk izan ziren enpresan eta esperantza izan nahi nuen, baina banekien urte txar bat eginda nindoala kontratua berritzera eta aukera bazela ez berritzeko. Beti daukazu buelta emango diozunaren esperantza jokoa itzuliko dela...Hasierako. momentuan kolpea izan zen bai.

Handi xamarra ere bai?

Bai, batez ere nire aldetik dena jarri dudalako eta saiatu naiz ahalik eta gehien egiten, profesional onena izaten. Nik uste enpresak alde horretatik ezin didala aitzakiarik txikiena ere jarri, baina azkenean kirola halakoa da, eta askotan, nahiz eta asko saiatu, zure aldetik asko jarri, emaitzak ez dira beti iristen eta beti 2+2 ez dira 4. Hasieran zure txikitako amets hori amaitu dela entzutea gogorra da.

Kanpotik, sentsazioa da batzuetan gehiegi ere jarri duzula, presio gehiegi jarri diozu zure buruari?

Bai, alde batetik esango nuke barruan zaudenean ez zarela konturatzen. «Hau da nire pasioa» pentsatu eta guztia jartzen duzu ahalik eta hobekien egiteko dena. Beti aholkuak hartzen dituzu, dietista dela, entrenatzaile pertsonala ,coacha... eta horiek informazio asko ematen dizute baina, agian, galtzen duzu garrantzitsuena, zure esentzia, zure buruarengan konfiantza. Gero aparte, presio gehiago jartzen diozu zure buruari eta azkenean zure errendimendua jaitsi egiten da.

Zure moduko pilotarien egunerokoak zaila behar du izan, enpresako hiru onenen artean sartu ezean, «linbo» moduko batean geratzen zarete, gaur egun are gehiago.

Hitzak esaten duen bezala, enpresak enpresak dira eta pilotariei baino gehiago euren irabazi ekonomikoei begiratzen diete eta pena horixe da, lehen mailara heldu ezean eta bigaren mailan egin beharreko lanak egin gabe geratzen bazara, ba etxera zoazela eta hori badakizu, presio handia da eta nik hori sentitu izan dut. Telebistak garrantzia handia du gaur egun, jendeak aurpegi berriak nahi ditu eta hobe datorkie gazte batek debutatzea maila duen batek jarraitzea baino, eta ona irten eta lehen mailara heltzen bada dirua emango die gainera. Alderantziz bidean geratzen bada eta az bada gora heltzen, ba etxera bidali eta beste bat dator.

Zu ez zinen, ordea, bigarren mailan lanak egin gabe utzitakoa, Buruz burukoa birritan irabazi zenuen eta gutxi izango dira hori egin dutenak.

Bai uste dut historia guztian hiru bakarrik garela. Bueno, azkenean zure esku dagoena dena jartzea da eta momentu gogorrak pasa ditut baina esango nuke pertsona bezala asko hazi naizela kirol ibilbide honetan. Debuta eta hasierako ibilbidea oso polita eta erraza izan zen, beti goraka. Hor lehen mailako partidak eta jokatuz aritu nintzen baina nire buruari nabaritzen nion oraindik ez nintzela lehen mailakoa eta beste koxka bat falta nuela eta hor, esandakoa, pixka bat obsesionatu eta entrenamendu gehitxo egin zen. Nire maila jaitsi egin nuen, eta bigarren mailara jaitsi nintzen berriz. Hor zure esku dagoena lana egitea da eta lanaren poderioz lortu nuen txapel hori irabaztea, baina gero ez nuen berriro garapen hori lortu. Eta hor erantzule nagusia norbera da, baina momentu batzuetan enpresak beste modu batera jokatu izan balu nirekin agian beste emaitza batzuk lortuko nituela uste dut.

Esaterako, promozio mailako buruz buruko bi atari jokatzera behartu zintuzten, bi aldiz txapeldun izanda, horrek ere kolpea behar du izan.

Bai, kolpea izan zen gero, galdu eta gero, baina asimilatzen izan zen zaila. Bi aldiz irabazitako txapelketa bat, aurreko urtean lehen mailan jokatzetik etorrita... Nik lehen mailan egurra jaso nuen Artola eta Zabaletaren aurka, bueno bat finalista izan zen eta bestea semifinalista, baina kolpea izan zen gero lehen esandakoa, «bigarren mailan irabazi dut baina lehenengotik oraindik urruti nago», eta ez dut hemen geratu nahi... eta bai etorri zela hor zurrurumuru hori edo beldurra sentitzen hasi nintzen ba etxera joan nintekeela. Atariko bikoitza jartzea eta debutatu berri batzuk edo txapelik gabeko batzuk zuzenean txapelketan sartzea iruditzen zait enpresak kirol arloari baino, beste irizpide batzuk begiratzen dituela.

Sei urte hauetan gauza on asko ere izango dira, ala?

Bai, dudarik gabe, sei urte hauetan geratzen naiz batez ere jaso Dudan maitasunarekin jendearen aldetik. Ze azken urte hauetan batez ere partida asko galtzea tokatu zait eta behin ere ez dut kritikarik edo hitz txarrik jaso, beti animo mezuak jaso izan ditut joan naizen ia frontoi guztietan. Eta gero lagunek eta familiak ere asko lagundu izan didate. Eta horretaz aparte hiru txapela irabaztea lortu dut eta egun horiek oso zoriontsuak izan dira niretzat. Gauza asko bizitzea tokatu zait pilotarekin, batzuk oso oso politak, txarrak ere bai greba eta tarteko, baino esandakoa balorazio orokor bat egiterakoan ikusten dut ume bat nintzela sartu nintzela enpresara eta orain bizitzan datozkidan erronkei aurre egiteko gogortuta eta helduagoa naizela irten naiz eta horrekin geratzen naiz.

Okerren egon zaren une horiek zailenak ere izan dira, pandemia greba...

Garai gogorrak bai, batez ere grebaren esango nuke. Pandemiarena gizarte osoaren gauza bat zen, heldu zena eta ahalik eta gogorren egin behar izan zitzaiona, baina greban bai momentu oso txarrak pasa genituela, gauza asko pasa ziren hor pilotaz aparte eta azkenen nahiko ondo irten zen dena eta gaitzerdi.

Zure kideren bati esan izan diot, zuen buruari egin zeniotela mesede, baina Baikori ere...pentsa orain Laso eta Mariezkurrena gabe egongo balira...

Bai, dudarik gabe, azkenean, grebarik egin izan ez bagenu, Laso eta Mariezkurrena gaur egun direna behintzat ez lirateke izango. Pilotan pentsatzen dut jarraituko luketela, baina ez dakigu inork zer gertatuko zen. Baina enpresa hortik ondo irten dela ere argi dago eta azkenean zer esan, gertatu behar zuena gertatu zen eta egindakoaz ez naiz damutzen.

Zuk ere jarraituko duzu pilotan, modu batera ez bada bestera.

Bai pilota asko bizi dut, asko gustatzen zait eta azkenean ba, dudarik gabe, jarraitu nahiko nuke. Batez ere lehiatzen jarraitu nahi dut, oraindik 26 urte baino ez ditut. Nik uste kirolaria bere onenera 28/30 urterekin heltzen dela, heldutasun eta oreka batekin eta iruditzen zait ni oraindik ez naizela iritsi. Orduan hortxe daukat nire motibazioa lehiatzen jarraitzeko, gazte onenen aurka jokatzen jarraitu nahi dut gustatu egiten zaidalako pilota eta lehia, nire burua estutu eta izerdi puxka bat botatzea eta hori da nire helburua. Hortik aparte, pilota kanpusean dela edo federazioan teknifikazio entrenatzaile bezala gazteei erakustea betetzen nauen zerbait da. Ikasketak ere, jarduera fisikoan eta prestatzaile fisiko bezala eginak ditut eta azkenean gustukoa da laguntzea, umeen ilusioa ikustea eta hortxe jarraituko dugu.

Eta badituzu bizipen batzuk erakusteko.

Lau urte dira teknifikazioan nabilela, kadete eta jubenil onenenekin eta polita da nik monitore bezala izan ditudanak orain debutatzeko bezala daudela ikustea. Aurten, adibidez, Antiguan materiala hautatzen eta ibili naiz eta karteldegia ikusi eta hau nik entrenatutakoa da, bestea ere bai eta ilusioa egiten didan zerbait da. Eta orain agian afizionatu mailan euren kontra jokatzea ere tokatuko zait eta polita da