Maider Iantzi Goienetxe

«Abante!», dio EH Bilduk, «egoera aldatzeko prest gaude eta proposamenak eskainiko ditugu»

Anatole Francek zioen bezala, inoiz ez da gehiago ematen esperantza ematen denean baino, eta hori eskaini nahi du EH Bilduk. Heldu den azaroaren 12an, adibidez. Bilboko kaleak hartuko ditu «herri honen harrotasunak, antifaxismoak, burujabetzak, ezkerrak», eta «ez gaituzue geldituko!» oihukatuko du.

Arnaldo Otegi EH Bilduren Konferentzia Politikoaren ondotik eman duen hitzaldian, Bilboko Euskalduna Jauregian. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Arnaldo Otegi EH Bilduren Konferentzia Politikoaren ondotik eman duen hitzaldian, Bilboko Euskalduna Jauregian. (Aritz LOIOLA/FOKU) (Aritz LOIOLA | FOKU)

Baikor, irribarretsu, lasai mintzatu da Arnaldo Otegi EH Bilduren Konferentzia Politikoan. Eta bere hitzaldian behin baino gehiagotan erran du «prest» daudela bizi dugun egoera honetan «norabidea aldatzeko». Horretarako, «proposamenak» eginen dizkiete herritarrei, egiturazkoak zein aringarriak, berdinetik berdinera, «ez inongo talaiatik». Hemendik aste gutxira, Ongizaterako Itun baten aldeko dekalogo bat plazaratuko dute, sufritzen ari garen «ekaitz» hau gelditzeko.

Kontsumo eta ekoizpen eredua aldatu ezean ez dugu bizitzerik izanen eta horretarako merkatuan esku hartu behar da, ezker subiranistaren liderrak azpimarratu duenez. «Energia ereduan esku hartu behar da; noraino? Jendearen oinarrizko eskubideak bermatu arte», baieztatu du, eta txalo zaparrada bat aditu da Bilboko Euskalduna Jauregian.

Horrekin batera, euskal estatu itunak defendatuko dituztela azaldu du EH Bilduko koordinatzaile orokorrak. Munduak «erronka kolosalak» ditu eta «prestutasun osoa» du ezker abertzaleak euskal estatu itunak egiteko, bi norabidetan: Euskal Herriak bere luze-zabalean behar duen ibilbidea sustatzeko, alde batetik; eta erronka guztiei aurre egiteko, bertzetik. Erronka horiek ez dira bakarrik energiarekin lotuak, zaintza, klima aldaketa, polizia eredua, hezkuntza... «herri baten bizkarrezurra osatzen duten gai guztiak» ukitzen ditu. «Irekita gaude, prest gaude hori egiteko, nahi duten guztiekin. Ez da alderdi baten egitasmoa, herri batena da», nabarmendu du.

Hirugarrenik, «martxan gauden herria gara, eta kaleak okupatu behar ditugu», agertu du. Hori da heldu den azaroaren 12rako ‘Abante!’ leloarekin Bilbon antolatzen ari diren hitzordu garrantzitsuaren asmoa. «Herri indarra erakustea tokatzen da, indar askatzailea, eraldatzailea. Eta zita honekin aukera emango diogu hainbat jenderi zuzen parte hartzeko egitasmo honetan».

«Esperantza aktiboaren ikurra» altxatu nahi dutela adierazi du Otegik. «Jendeari esan nahi diogu egoera hau alda daitekeela. Prest gaude norabidea aldatzeko, pozik gaude, irribarretsu, lasai. Konfiantza osoa daukagu Bilbon ere frogatuko dugula zer indartsuak eta alaiak garen eta zer nolako pasioarekin bizi dugun herri honen askatasun prozesua».

Kanpoan eta barrenean, mezu bera

EH Bildu egiten duten pertsona guztiei esker ona emanez hasi du koordinatzaile nagusiak hitzaldia: «Zuek zarete herri honen motorra, bihotza, pasioa. Gurea pasioa delako. Guk politika pasioarekin bizi dugu, eta elkar zainduz».

Agertu duenez, batzuek «lokatzetan» nahi dute ezker abertzalea, baina eztabaidak «tamainakoa» behar du, «herri txikia gara baina ez gaude txikikeriatarako; gauza handiak egiten ditugu».

Konferentzia Politikoa bukatu berri, hedabideen aitzinean aitortu duenez, berarentzat hagitz erraza da barrenean zein kanpoan hitz egitea, eta konturatzen da bertze batzuentzat zein zaila gauza bera egitea. «Guk abantaila bat dugu: esaten duguna egiten dugu eta egiten duguna esaten dugu. Beraz, kanpoan eta barruan gauza bera esaten dugu».

Eta zein da mezu hori? Ezagun egin den aditu baten esaldiak dioen bezala, biziko ditugun udetako freskoena izan da aurtengoa. Euskal Herrian argazkiak ateratzen hasi gara euria egiten duenean. Hitz eta irudi horiek erakusten dute, Otegiren iritziz, noraino ekarri gaituzten politika okerrek.

Mundua, bitan zatitua

Nuklearren ondorioz hiltzeko akats txiki bat nahikoa litzateke, Nazio Batuen idazkari nagusiaren arabera. Petrolio eta elektrizitate enpresen irabaziak «inmoralak» dira, azpimarratu du Otegik Iberdrolaren parean.

Emmanuel Macron presidente frantziarrak «oparotasunaren aroa bukatu» dela adierazi berri du. «Zeinen oparotasuna? Zein aro?», galdetu du ezker subiranismoaren bozeramaileak.

Nora doa mundua? Egun hauetan, Samarkandan, Xi Jinping Txinako presidenteak, eta Errusiako Vladimir Putinek ongietorria egin diote Irani eta bloke bat osatu dute. Mundua bi bloketan banatu da, Otegik erran duenez: G7koak alde batetik eta Shanghaiko talde honetakoak bertzetik.

Egoera hori da, baina «gauzak aldatzeko gaude hemen, ez konformatzeko», azpimarratu du. «Azken urtean egin dugunak konfiantza eta lasaitasuna ematen digu. Poza ere bai. Nazio ikuspegian urratsak egin ditugu, gurea nazio mailako proiektu herritar bat delako. Gure kurtso politikoa Euskal Herri osoan hasten da».

«Gure aliantza politika indartu dugu. Gure mobilizazio gaitasuna indartu dugu. Eta alternatiba sendoak jartzeko urrats garrantzitsuak egin ditugu euskal ereduaren mendean proiektu sendo eta egingarriak jarriz», erantsi du.

Bertze errealitate bat ere nabarmendu du: «Beste urte batez, ezker independentistan ez da ustelkeria kasu bat ere egon. Nola ez gara bada harro egongo ezker subiranistako kide izateaz?».