NAIZ
Donostia

Etxerako bidea «gertu» dagoela erakusteko, urriaren 8an Ilunbera hurbiltzeko deia egin du Sarek

‘Etxera bidea gertu!’ lelopean mobilizazio eta jaialdi eguna antolatu du Sarek urriaren 8rako Ilunben. Gaur euskal gizarteari bertaratzeko deia egin diote, «bidea egiten jarraitzeko prest gaudela erakusteko».

Illunben egin du agerraldia Sarek gaur Donostian.
Illunben egin du agerraldia Sarek gaur Donostian. (SARE)

Urriaren 8an, Sarek ‘Etxera bidea gertu!’ lelopean egun osoko mobilizazio eta jaialdi eguna antolatuko du. Larunbat honetan Ilunben egin duten agerraldian, Inaxio Iarzabalek eta Nahikari Iturbek egun horretan helarazi nahi dituzten bi mezu nagusiak nabarmendu dituzte: «Leloak dioen moduan, euskal presoak etxetik gero eta gertuago daudela eta herritarrok ere etxeratze prozesu hori gauza dadin gertu, hau da, prest gaudela».

Egoera hau «aurrerapauso garrantzitsua» dela nabarmendu dute eta «eskerrak» eman nahi izan dizkiete «bide horretan aktibo izan diren pertsona guztiei, guztion artean aurrerako urrats hori ospatuz». Hala ere, eta «lortutakoari garrantzia kendu gabe, oraindik ere salbuespenarekin guztiz amaitzeko bidea egiteke dugula» gogorarazi dute, bide hori lantzen jarraitzeko deia egitearekin batera

Horretarako, 2020ko maiatzan aurkeztutako ‘Izan Bidea’ dinamikaren baitan 3.127.326 kilometro egiteko erronkari amaiera emango diote, azken kilometroak Donostiako kaleetan eginaz. «Aldarrikapena eta festa batu nahi ditugu, beraz, urrunketaren aurka urte luzeetan elkartzen joan garen herritar oro Donostian batuz».

Urriaren 8ko jaialdian parte hartuko duten hainbat kidek lagunduta, egun horren inguruko xehetasunak eman dituzte. 11.00etan emango diote hasiera egunari eta Donostia inguruetako herrietako kideekin egingo dituzte dinamikaren azken kilometroak, Bulebarretik Pio XIIra. «Kolorezko lau zutabe osatuko ditugu Bulebarrean batzen garen kideen artean, azken kilometro hori batera egin asmoz». 12:00etan Pio XIIra iristean gainontzeko herritarrekin batu eta manifestazio musikatuari hasiera emango diote, Ilunbera bitarte. Ilunben, irakurketa nagusia egin eta jaialdiari hasiera emango diote, goizalderarte luzatuko dena.

Bertan, txosnen gunea, bazkaltzeko zerbitzua, haurrentzako gunea eta kontzertu eskaintza anitza izango dira Ilunben. Haurrentzako eskaintza anitza izanen da, Porrotx eta lagunen ikuskizunarekin, oreka jolasak, tirolina, aurpegi margoketa eta bestelako ekimenekin.

Ilunbe barnealdean kontzertuen eskaintza 15:30etatiik aurrera hasiko da, Maddalen Lujanbio, Amets Arzalluz eta Eñaut Elorrieta izango direlarik jaialdiari hasiera emango diotenak. Haien atzetik iritsiko dira Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Sua, Doctor Deseo, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, Andoni Oilokiegi eta Trikidantz.

Jaialdirako sarrerak oraindik ere eskuragarri daude Internet bidez. Bertaratzeko eta itzultzeko autobusak izango direrla ere jakinarazi dute. Araban Aiaraldea, Errioxa, Gasteiz, Gorbeialdeatik aterako dira, Bizkaian Bilbo, Busturialdea, Durango, Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea Artibai eta Uribe Kostatik, Gipuzkoan Debagoiena, Debabarrena, Urola kosta, Tolosaldea eta Goierritik eta Nafarroan Agoitz, Baztan, Bortziriak, Malerreka, Iruñerria, Tafalla, Lizarra, Sakana eta Mendialdeatik.

«Aldarrikapena eta ospakizuna bateratuz, elkar gaitezen Donostian etxera bidea gertu dela eta etxera bidea egiten jarraitzeko prest gaudela erakusteko», luzatu dute gonbidapena.