Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Kontxako Bandera urruti geratu da jada eta arraun denboraldiaren azken asteburua hemen da

Oriok eta Urdaibaik urteko trapu preziatuena irabazi zuten, baina «mirotzak» Liga eskuetan dutela dagoeneko oporretan dauden bitartean, bermeotarrei oraindik denboraldia biribiltzea falta zaie. Gaur etxean lehiatuko dira eta bihar Portugaleten, hiru puntura dagoen Hondarribia gainditzeko asmoz.

Urdaibaiko patroi Gorka Aranberri, Kontxako Bandera eskuetan, taldekideekin batera Donostian garaipena ospatzen.
Urdaibaiko patroi Gorka Aranberri, Kontxako Bandera eskuetan, taldekideekin batera Donostian garaipena ospatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ia astebete igaro da Oriok eta Urdaibaik Kontxako Bandera irabazi zutenetik. Bien garaipena ezberdina izan zen: «mirotzek» Arraun Lagunaken arnasa gertu-gertu sumatu zuten; aldiz, bermeotarrek nagusitasuna erakutsi zuten bi igandeetan. Ospakizunak ere zeharo ezberdinak izan zirela egiaztatu zuten astelehenean, NAIZ Irratiko mikrofonoen aurrean, Nadeth Agirre eta Gorka Aranberri Orio eta Urdaibaiko patroiek, hurrenez hurren.

Emakumeen traineruko gidariak ahotsa urratuta zuen. Eta ez da gutxiagorako! Patroiak hirugarren Kontxako Bandera eskuratuta eta behin taldea Ligan eta Gipuzkoako Txapelketan txapeldun izanda, oriotarrek denboraldi biribila ospatzeko tarte bikaina hartu zuten. «Egia da entrenamendu batzuetan ez garela ondo ibili, baina orokorrean disfrutatu egin dugu eta horrekin geratzen naiz», azpimarratu du Agirrek.

Bermeon, aldiz, herrikideek ongietorria egin zieten euren arraunlariei, baina Urdaibaik Eusko Label Ligako lidergoa  mantendu eta txapeldun izateko lehiatu behar du oraindik asteburuan. Horregatik, «aje gutxi» izan zutela onartu zuen Aranberrik. «Handik etxera azkar alde egin genuen», onartu du. Zarauztarrak zazpigarren Kontxa eskuratu zuen, «bertigo pixka bat» ematen diona. «Zeinek esango zidan niri, 16 urterekin hasi nintzenean, zazpi Kontxako Bandera irabaziko nituela 35 urterekin», azpimarratu du Orio, Santurtzi eta Urdaibairekin irabazi duen patroi gipuzkoarrak. «Arraunlari oso onez inguratuta egon naiz beti», esan du.

Kontxarako sailkapen egunean, «guk dakizkigun arrazoi batzuengatik», larri ibili ziren sailkatzeko, baina ondoren, «taldearen errendimendua oso ona izan da. Punturik onenean iritsi da Kontxara, bai fisikoki eta mentalki ere», onartu du Gorka Aranberrik.

Orain, maila bikaina mantendu nahi dute asteburu honetan Bermeon, etxean, eta Portugaleten Ligari behin betiko hozkada emateko. Badakite %100a eman beharko dutela eta, adibidez, Hondarribiak, hiru puntu atzetik bigarren postuan eta Liga pil-pilean egonda, zerbait egin nahiko duela ere kontuan dute arraunlari bermeotarrek.

Liga eta play-offak

Euskotren eta Eusko Label ligetako play-offak ere jokoan daude asteburuan. Emakumezkoetan, Oriok jada «disfrutatu eta  fisikoki eta mentalki lasai deskantsatu» dezake datorren azaroa erdialdera arte, Nadeth Agirrek dioen bezala. Izan ere, udako denboraldia oso luzea ez baldin bada ere, «asteburueroko exijentzia hor dago», onartu du patroiak.

Nadeth Agirre eta taldekideak, Kontxako trapu preziatuarekin. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Datorren urtean Euskotren Ligak 8 traineru izango ditu eta bertan egoteko lanean arituko dira Tolosaldea eta Deustu. Gaur 17.40ean hasiko dira eta bihar, 11.25ean. Eusko Labeli dagokionez, zortzi onenek Bermeoko eta Portugaleteko banderak izango dituzte jokoan larunbat honetan (18.50) eta bihar (12.40), eta lehen aipaturiko Liga titulua ere bai, noski.

Aipatzekoa da igandeko estropada erlojupeko modalitatean egingo dela, betiere gaurko jardunaldiaren ostean sailkapen nagusiko lehen eta bigarren taldeen artean hiru puntu edo gutxiagoko aldea badago. Play-offetan (gaur 18.10ean eta bihar 12.00etan) beste lau ontziek gogor aritu beharko dute mailari eusteko.

Eta behin Liga irabazten badute, zer gertatuko da Urdaibaiko patroiarekin? Aranberrik ez du «inolako presarik» erabaki bat hartzeko, baina argi utzi du Oriotik «pixka bat saturatuta» atera zela eta iaz, Santurtzin, «nire burua betea ikusten nuen». Beraz, presarik gabe hartuko du erabakia.

PLAY-OFFAK
Asteburuan Euskotren eta Eusko Labeleko play-offak erabakiko dira Bermeon eta Portugaleten. Emakumezkoetan Tolosaldea eta Deustu arituko dira; gizonetan, aldiz, Ondarroa, Santurtzi, Lekittarra eta Ares lehiatuko dira.

DONOSTIARRA
Kaiarriba Arraun Elkartea-Traineru Donostiarrak, Eusko Label Ligan hirugarren sailkatu denak –Urdaibarengandik 13 eta Hondarribiarengandik 10 puntura– jakinarazi du Igor Makazaga beste bi urtean kirol-zuzendari arituko dela.