NAIZ

Samina eta amorrua Iranen Mahsa Amini gazte kurdua poliziak atxilotuta hil ondotik

«Mahsa maitea, zure izena sinbolo bilakatuko da», dio ‘Asia’ egunkariko azalak, Irango prentsaren zati handienaren ildo beretik. Hiriburuan zela, moralaren poliziak atxilotu zuen Mahsa Amini 22 urteko kurdua, beloa behar bezala ez janzteagatik. Komisaldegian bihotzekoa izan eta ostiralean hil zen.

Teherango kiosko bateko egunkariak, igande honetan.
Teherango kiosko bateko egunkariak, igande honetan. (Atta KENARE | AFP)

Kurdistangoa zen Mahsa Amini eta 22 urte zituen familiarekin Teheranen bisitan zela Moralaren Poliziak atxilotu zuenean, joan den asteartean. Poliziaren sail horrek belo musulmana ongi erabiltzen den begiratzen du eta, orokorrean, Irango emakumeek 1979eko Iraultza Islamiarretik duten janzteko kode zorrotza betetzen ote duten. Azken hilabeteetan hainbat kritika jaso ditu arau horiek hausten dituztela-eta neska gazteen kontra indarrez oldartzeagatik. Amini hiyaba ongi ez janzteagatik hartu zuten gatibu. Bihotzekoa izan zuen komisaldegian eta koman sartu zen. Hiru egunen buruan hil zen, ostiralean, Kasrako erietxean.

Arratsalde horretan, jendetza bildu zen ospitalearen kanpoaldean, hiriburuaren erdigunean. Saghez Amini jaio zen hirian lurperatu zuten larunbatean, herritarren protesta eta Irango poliziaren errepresio giroan. Atxilotuak eta zaurituak egon ziren. Hainbat emakumek beloak kendu zituzten hiletan, desafio eta protesta gisa.


Igandean, Teherango ia hedabide guztien azaletan ageri da gaztearen heriotza. Herritarrak kalera atera dira, eta neurriak hartzeko eskatzen dute.

«Jendea hunkituta dago, eta haserre Mahsa Aminiri gertatu zitzaionagatik», adierazi du ‘Etemad’ hedabide erreformistak, eta herrialdea behin baino gehiagotan moralaren poliziaren indarkeriaren testigu izan dela azpimarratu du.

‘Jomhouri Eslami’ egunkari moderatuak halako indarkeria jarrerek sor dezaketen «haustura sozialez» ohartarazi du. Eta ‘Iran’ Gobernuaren argitalpenak «herriaren emozioei probetxua ateratzea» leporatu die erreformistei, «ezbehar tamalgarri bat erabiliz, nazioa gobernuaren eta presidentearen aurka jartzeko».

‘Kayhan’ hedabide ultrakontserbadoreak «Mahsaren heriotzaren ondotik etorri den zurrumurru eta gezur saila» kritikatu du

Telebista ofizialak zaintza kamerek grabatutako bideo labur bat zabaldu du. Bertan, emakume bat agertzen da –Mahsa, telebistak baieztatu zuenez– komisaldegian erortzen, polizia batekin eztabaidatu eta gero.

Teherango poliziak, ordea, ofizialen eta gaztearen artean ez zela kontaktu fisikorik egon segurtatu du eta ez du inongo ardurarik hartu nahi izan bere gain. Ebrahim Raissi presidenteak ikerketa hasteko eskatu du.

Kalean eta sareetan

Kalean, ‘Emakumeak, bizitza eta askatasuna’ oihukatu dute manifestariek Teherango Unibertsitatean.

Zinegile, artista, kirolari zein politikari ugarik azaldu dute beren sumina sare sozialetan, erlijioso batzuek ere bai.

Mohammad Jatami presidente ohi eta lider erreformistak «legearen, logikaren eta shariaren kontrako ekintzak» bukatzeko dei egin zuen, baita Aminiren heriotzaren arduradunak «justiziaren aurrera» eramateko ere.

«Lo gaude, amaierarik gabeko krudelkeria honen aurrean erreakzionatu ezinik. Krimen honen konplize gara», idatzi du bi Oscar irabazitako Asghar Farhadi zinegileak.

Milioi eta erdi txio idatziak ziren igande eguerdi honetarako Aminiri buruz.

Ez da mota honetako lehen istilua. Uztailean poliziak emakume bat atxilotu zuen, eta jazarri, kolpatu eta grabatu egin zuen hiyabari buruzko idatzi gabeko araua ez betetzeagatik. Erietxera eraman zuten zaurituta eta gero estatuko telebistan barkamena eskatzera behartu zuten.