NAIZ

Bere sexu orientazioarengatik jazarpena jasan zuen txoferra ohiari arrazoia eman dio jujeak

Baionako autobus zerbitzua bermatzen duten enpresetako langilea izan zen Laurent izeneko autobus gidari ohiari arrazoia eman dio Paueko Lan Auzitegiak. Bere sexu orientazioarengatik jazarpena pairatu zuela deliberatu du epaileak Transdev eta Keolis enpresei kalte ordainak ordaintzera kondenatuz.

CGT sindikatuak eta langile ohiaren abokatuak epailearen erabakiaren berri eman dute, gaur, irailaren 19an, Baionan.
CGT sindikatuak eta langile ohiaren abokatuak epailearen erabakiaren berri eman dute, gaur, irailaren 19an, Baionan. (Iker LAGRENADE)

Transdev eta Keolis garraio publikoaren alorreko konpainia bi dira. Baiona eta inguruneko autobus zerbitzua bermatzen dute.

CGT sindikatuak jakitera eman duenez, enpresa bi horietan gidari gisara jardun zuen langile batek auzia irabazi du.

Bere sexu orientazioa dela-eta, hainbat lankidek Laurent izeneko txoferra behin eta berriro iraindu zuten. Enpresetako buruek arazoaren jakitun izanik ere ez zuten ezer egin jazarpen morala gelditzeko.

Iragan ekainaren 30ean Paueko Lan Auzitegiak arrazoia eman ziola langileari jakitera eman dute gaur, irailaren 19an, CGT sindikatuak eta auzian Laurenten defentsan jardun zuen Anne Marie Mendiboure abokatuak.

Enpresa bakoitzak 7.500 euro ordaindu beharko dikzio langile ohiari honek pairatu zuen jazarpenaren ordez kalte-ordain gisa.

Izan ere, «garrantzitsua ez da hori baizik eta Laurenti bere duintasuna itzuli diotela», nabarmendu du abokatuak.

2009ko urrian kontratatu zuten Laurent txoferra bezala aritzeko Baionan. Urtetan pairatu zuen jazarpenaren ondorioz 2016an lana gelditu behar izan zuen. Horren ondotik gaitasun falta egoitzi eta, finean, 2020ko ekainean lanetik kanporatu zuten.

Lan auzitegiak ontzat eman du langile ohiak eginiko salaketa. Hala, Laurentek behin baino gehiagotan enpresaren barruan pairatzen ari zen egoeraren berri eman zion zuzendaritzari baina honek ez zuela deus egin iradoki du epaileak.