Euskarazko praktikak hedatzera dator hirugarren Euskaraldia. Ahobizi, belarriprest eta arigune gehiago prestatu eta martxan jartzera. Aurreko edizioetako ariketan sakontzea eta orain arte iritsi gabeko lekuetara heltzea da helburua, pauso kuantitatibo zein kualitatiboak emanez. Izen emateetan eta egin dituzten ehunka bileretan dagoeneko sumatzen dute bide horretan doazela, astearte honetan hedabideekin egindako topaketan azaldu dutenez.
Goiatz Urkijo Euskaldiko koordinatzailea, Garazi Azkue bertako komunikazio arduraduna, Euskaltzaleen Topaguneko Iker Martinez de Lagos eta Miren Dobaran Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuordea elkartu dira ekitaldian.
Agertu dutenez, pandemia eta gero kaleak berreskuratzen ari gara eta ‘Euskaraldi giroa’ sortu nahi dute heldu den azaroaren 18tik abenduaren 2ra ariketa egin baino lehen. Praktika ikusgarri egin nahi dute, aurreko edizioetako ikerketek erakutsi baitute txapak erabiliz eta komunitatea ezagutuz seguruago eta lasaiago egiten dugula euskaraz. Esperientziak ikusarazteko asmoz, #HitzezEkiteko ekimena abiatuko dute irailaren 28an. Horren bidez, azaroa bitartean lorpenak eta erronkak ikusaraziko dituzte gure herrietan. Orion eta Soraluzen egin dute jada.
Ahalduntze eskolak eta sareko plaza
Euskaldunon ahalduntze eskolak dira bertze berrikuntza bat. Lau eskola pilotu eginen dituzte Donostian, Tolosaldean, Errenterian eta Getxon, ahobizi eta belarriprest aktiboak prestatzeko. Urriaren bukaeran hasiko dira eta hamar aste iraunen dute.
Euskaraldiaren furgoneta ere ikusiko dugu herriz herri: Euskaraldiaren gune ibiltaria da, informazioa, denda eta giroa zabalduko dituena. Asteburuan Oriotik abiatu eta Portugaleten izan zen, eta asteazken honetan Sopela bisitatuko du, ostegunean Arrigorriaga, ostiralean Laudio, asteburuan Gasteiz eta Amurrio... Ez da geldituko udazken osoan, eta gune honen inguruan ekitaldiak antolatuko dituzte herri batzordeek.
Aurrez aurreko harremanetan bakarrik ez, euskaraz egiteko ohitura eremu digitalean ere jokatzen denez, ‘Zapla!’ plaza digitala sortu dute, euskarazko hizkuntza praktikak areagotzeko aholkuak eta ereduak emateko.
Irailaren 28an, norbanakoen izen-ematea zabalik
Irailaren 28an irekiko dute ahobizi eta belarriprestek izena emateko aukera eta hori adierazteko ekitaldi nazionala eginen dute arratsalde horretan, Bilboko Kafe Antzokian. Euskal Herri osoko erakundeen eta eragile sozialen ordezkariak bilduko dira bertan. Izen-ematea errazte aldera, aurrez parte hartu izan dutenek mezua jasoko dute eta nahi izanez gero automatikoki aktibatuko da beren partaidetza.
Entitateen izen-ematea maiatzaren erdialdean zabaldu zen eta urriaren 31ra arte luzatuko da. Sentsazio onak dituztela azaldu dute Euskaraldiaren bultzatzaileek. Kontuan izan behar da aurreko edizioan zaila izan zela entitanteengana heltzea. Adibidez, tabernak itxita zeuden pandemiagatik. Ehunka aurkezpen egin dituzte bertze hainbertze entitaterekin eta eremu berri aunitzetara ailegatzen ari direla erran dute.
Pauso kuantitatiboez gain, kualitatiboak ere eman nahi dituztela azpimarratu dute, hau da, aurretik ariketa egina dutenek sakontzeko eta aktiboago parte hartzeko aukera izatea espero dute. Lasaiago daudela nabaritzen dute, badakitelako Euskaraldia zer den. Gauza bera herri batzordeetan. Horrek, eta Korrikaren urtea ere izateak, denborak pixka bat atzeratzea ekarri du. Baina dagoeneko bete-betean ari dira.
Metodologia eraginkor bat eraikitzen
Miren Dobaran Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuordeak nabarmendu duenez, «oso une onean» dator Euskaraldia, jendea harreman sozialak eta kalea berreskuratzeko gogoz baitago. «Horretarako hizkuntza behar da. Hortaz, goazen euskara eskaintzera». Korrikaren edizio biribil baten ondotik dator, gainera.
Ekimenaren hasiera oroitu du Dobaranek: 2018a zen, ikusten zuten kanpainek atxikimendurako balio zutela baina hizkuntza ohiturak aldatzeko «gimnasia» behar zela eta lankidetzan abiatu zuten bidea. «Gakoa izan da hori arrakastan: gai izan gara Euskal Herri osoan erakunde guztiak biltzeko gizarte eragileekin batera».
Urte horretan bertan ikusi zuten ariketak funtzionatzen zuela eta, gainera, jendarte osoak ongi hartu zuela. Pandemiak jo gintuen gero eta, halere, Euskaraldia egitea erabaki zuten. Balantzea positiboa da, euskarak agendetan jarraitzeko bakarrik ez, ariguneak abiatzeko ere balio izan zuelako. «Jauzi handiago bat emateko gai ginela ohartu ginen».
«Metodologia eraginkor bat eraikitzen ari gara, baita beste hizkuntza gutxituentzat ere», baloratu du sailburuordeak. Euskaraldia epe luzeko ariketa dela eta pausoz pauso doazela erran du, eta eskerrak eman dizkie herri batzordeetako boluntarioei, «herrietan jokatzen baita Euskaraldia».