Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Britainia Handiko langile portugaldarren duintasun galerari begiratzen dio ‘Great Yaurmouth’-ek

Marco Martins zuzendari portugaldarrak ‘Great Yarmouth’ filma aurkeztu du Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzeko. Erresuma Batura migratu duten portugaldarren bizitza kontatzen du, lan baldintza prekarioek duintasuna galarazi dietenen kontakizuna.

Nuno Lopes, Rita Cabaço, Beatriz Batarda, Romeu Runa eta Kris Hitchen, ‘Great Yarmouth’-eko aktoreak.
Nuno Lopes, Rita Cabaço, Beatriz Batarda, Romeu Runa eta Kris Hitchen, ‘Great Yarmouth’-eko aktoreak. (Jon URBE | FOKU)

Gabonetako kanpaina prestatzen ari da Great Yarmouth (Norfolk, Erresuma Batua) hiriko indioilar haragia prozesatzeko lantegia. 2019ko urria da, Brexita baino hiru hilabete lehenago. Portugaldarrak samaldaka datoz 1940ko hamarkadan Britainia Handiko herritar langileen oporretako helmuga zen hirira. Orain, aldiz, inguru deslai batekin egingo dute topo, mamuen hiri batekin. Tâniak egingo die harrera odol eta kaka kiratsa duen fabrikan, berari ordainduko diote ostatatze zikinaren errenta eta mamá esango diote aurrez aurre, «puta» bizkarretik.

Tâniak berak ere egin zuen lan indoilar haragia prozesatzeko fabrikan. Baina hainbat hotelen jabe den gizon ingeles batekin ezkonduta dago, eta langile portugaldarrei lana bilatzen laguntzen die. Ez dago ataka errazean: lagundu nahi ditu, baina goikoek presio egiten diote errentak kobratu ditzan, lan egin ezin dutenak ostatuetatik kanporatu ditzan. Eta badaki non sartzen dituen langileak: duintasunaren galbidean jarriko dituen fabrikan, lan baldintza ezin kaskarragoen lantegi eta ostatuetan.

Goiko horiek, bere senarra barne, engainatu nahi izango ditu Tâniak, bere ametsa betetzeko: hotelak berriztu eta turista britainiar helduentzako hotelak egin. Azkenerako, baina, bera ere engainatuko dute. Indarkeriak zeharkatuko du filma uneoro.

Fabrikan hustu eta larrutu

‘Great Yarmouth’ pelikula portugaldarra aurkeztu du Marco Martins zuzendariak asteazken arratsaldean, Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzeko. Aktoreen artean dira Beatriz Batarda –Tânia protagonistaren papera egiten duena–, Rita Cabaço, Nuno Lopes eta Romeu Runa portugaldarrak eta Kris Hitchen ingelesa.

Erresuma Batuan bizi diren migrante portugaldarren inguruko filma da, eta hau lantzeko Great Yarmouth hirian bizi diren portugaldarrengana gerturatu ziren zuzendaria eta ekoizpeneko taldea. 10.000 portugaldar inguru bizi dira hiri horretan, gehienak Europan metatu diren krisiengandik ihesi joandakoak. Ingelesek hartzen ez dituzten lanetan ari dira, kasurako, indioilarren hiltegian. Goiz esnatu eta berandu etxeratzen –hoteleratzen– dira, hirian bizitzarik egin gabe, mamuen gisara. Amesgaizto bat bizi dute eta amesgaiztoa da pelikula bera.

«Inor ez da biolentoa jaiotzen, frustrazioaren aurkako erreakzio gisa egiten gara biolentoak. Hauek sistema batek eraldatu dituen pertsonak dira: pertsonak xurgatzen dituen fabrika bat», esplikatu du Martinsek pelikula aurkeztu osteko prentsaurrekoan.

Hala, Marco Martinsek ezagutu zituen egunean 16 ordu lan egiten zuten pertsonak, edo inolako babesik gabe produktu toxikoekin lan egiten duten garbitzaileak. Ezagutu zituen langileetako asko eta Great Yarmouth-eko biztanle batzuk, gainera, pelikulako aktore bilakatu ziren, kontakizuna errealitatera hurbilduz. Eta aktore guztiek indioilar haragia prozesatzeko fabrika bat ezagutu zuten aldi batez, inguru horietan usaindu eta sentitu daitekeena lehen pertsonan bizitzeko.

Indioilarren gisara, fabrika batean hustu eta larrutzen diren langileen kontakizuna dakar ‘Great Yarmouth’ filmak.