Pentatloia indarra berreskuratzen dabilela argi geratu da azken hilabeteetan. Larunbat honetan Euskal Pentatloi Sariko finalak ospatuko dira Azpeitiko Zezen Plazan, gaueko 22.00etatik aurrera, eta xehetasun guztiak eskaintzeko prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan.
Bederatzi finalista izango ditu ekitaldiak, hiru emakumezkoetan eta beste sei gizonezkoetan. Karmele Gisasola egungo txapelduna (28 urte, Mallabia), Nerea Arruti (32 urte, Urnieta) eta Lucia Orbe (33 urte, Bilbo) izango dira 22.10 aldera hasiko den Emakumezkoen II. Euskal Pentatloi Sariko finalistak.
Bertan egin beharreko lana honakoa izango da: harrian, 63 kiloko bolari 15 jasoaldi eman; giza proban, 250 kiloko harriari plaza bat: aizkoran, 45 ontzako bi egur moztu; txingetan, 35 kilori 4 plaza; eta korrika 1,5 kilometro.
Karmele Gisasola iazko txapela defendatzen saiatuko da. Faborito bezala ageri da, baina ez du lan erraza izango. Aurrean crossfit mundutik datozen bi aurkari izango ditu, askorentzat irabazlea izan daitekeen Nerea Arruti –Arbelaitzekin batera binakako azken edizioko irabazlea– eta Lucia Orbe, zeina Garazi Arrutirekin batera lehen emakume pentatloilaria bihurtu zen txapela bat janzten.
Gizonezkoen finala, bi txandatan
Gizonezkoen finala bi txandatan erakakiko da. Lehenengoa 22.40ean hasiko da eta bertan arituko dira Joseba Otaegi (39 urte, Zizurkil), Ioritz Gisasola “Zelai IV.a” (25 urte, Mallabia) –finaleko gazteena– eta Aitzol Atutxa (34 urte, Dima).
Bigarren txandan, 23.25etatik aurrera, arituko dira Julen Gabirondo (33 urte, Urnieta), Andoni Iruretagoiena “Izeta VI.a” egungo txapelduna (29 urte, Aia) eta hiru alditan txapeldun izandako –2018, 2019 eta 2020– Xabier Zaldua (44 urte, Zumarraga).
Gizonezkoek egin beharreko lana honakoa izango da: harrian, 100 kiloko bolari 25 jasoaldi eman; giza proban, 400 kiloko harriari bi plaza: aizkoran, hiru kanaerdiko hiru egur moztu; txingetan, 50 kilori 6 plaza; eta korrika 3 kilometro.
Garai berriko errekorrak Karmele Gisasola (18:57, 2018an) eta Izeta VI.aren (33:29, 2021ean) esku daude.
Sarrerak Azpeitiko Mendizabal Erretegian, Tolosako Kantabriko Tabernan edota Azpeitiko zezen plazako leihatiletan, ekitaldiko egun berean baina 20.30etik aurrera, eros daitezke. Ateak 21.00etan irekiko dituzte.