Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Aktualitatea

«Halako batean lurperatu dute», entzun nuen lehengoan taberna batera sartu orduko. Kafe bat eskatu nuen. «Mareatuta egongo da honezkero», esan zuen zerbitzariak. Nire begiek haren begiradaren proiekzioari jarraitu eta han goian telebista jo zuen nire begiradak. «Gaur ere...», egin nuen neure artean. Zerbitzariak kafea atera zidan. Hamar bat minutu joan ziren beste bezero batzuen berriketa etengabearen doinuan. Eguraldia, gasa... Zerbitzariak garagardo upela aldatu zuenean, batek petrolio-upelaren prezioaren gorabeherak ekarri zituen hizpidera. Zerbitzariak telebistari begiratu eta «oraindik hori…?» dio. Telebista katea aldatu zuen. «Hemen ere bai...?». Beste bat jarri eta «alferrik… ez, hara!», atentzioa eman zion zerbaitek. «Erregina!». Eta begira geratu zen. Nire begiradak berriro haren begietatik telebistarainokoa egin eta bertan finkatu zen. «Ostia, kamera bat sartu dute hilkutxan!», esan zuen bezero batek, eta beste batek erantzun: «Berari bost axola. Guri kalea, bankua, etxea, kartzela, komuna... bete ez dizkigute, ba, kameraz, bizirik gaudela?».
 
Bat-batean, Tip eta Coll sartu ziren tabernara.

Tip: «Egun on». Coll: «On egun; barkatu, on egin». Tip: «Erregina hil da. Biba errege!». Coll: «Nik ere pattar txorrotada batekin». Tip: «Ez nuen gutxiago espero». Coll: «Entzun duzu hilkutxako kameraren kontu hori?». Tip: «Bai, baina jo ezazu berriro, Sam». Coll: «Hala esango zuen Odriozolak». Tip: «Barakaldokoak?». Coll: «Ez, Lutxanakoak». Tip: «Bergarakoa zela uste nuen». Coll: «Ez, Athleticekoa». Tip:«Goian bego». Coll: «Han goian lumatu egiten zaituzte; luma kendu, alegia. Horregatik ez zuen izango harako interesik». Tip: «‘Arriskugorri’ samarra zen». Coll: «Lenin bezainbat». Coll: «Haren zerraldoan ere sartu omen zuten kamera bat». Tip: «BBCk?». Coll: «Ez, ‘Hola’-k». Tip: «Gero artek». Coll: «Entzun duzu azkena?». Tip: «Bai, baina jo ezazu berriro, morena». Coll: «Erregina hil da». Tip: «Ez da izango! Zein, Juan Carlos?». Coll: «Please... Charles». Tip: «God save the king!». Coll: «Hoa txakurraren salara». Tip: «Mila ezker, Jon».

(Jon Odriozola gogoan)