Iraia Oiarzabal
Edukien erredakzio burua / Jefa de redacción de contenidos
Entrevista
Maddalen Iriarte
EH Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusigaia izateko proposatua

«Gobernatzeko bokazioa dugu eta lehen geltokia Gipuzkoa izan daiteke»

Duela sei urte egin zuen Maddalen Iriartek politikagintzara urratsa. Egun EH Bilduren bozeramailea da Gasteizko Legebiltzarrean eta orain Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaitzara aurkezteko erronka onartu du. «Herritarren zerbitzura egotea ohorea da», dio.

Maddalen Iriarte
Maddalen Iriarte (FOKU | FOKU)

Ostiral arratsaldez elkartu gara Maddalen Iriarterekin, bezperan Gasteizko Legebiltzarrean izandako saio luzearen ondorena digeritzen oraindik. Aurrera begira jarri gara ordea, testuinguruak hala eskatuta, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaitzara aurkezteko proposamena onartu baitu. «Ilusioz eta anbizioz» egin duela aitortu digu, herritarrekin duen «kontratua betetzeko» konbentzimenduz eta «ahalik eta ekarpen handiena» egiteko xedez. Politika egiteko beste forma batzuk posible direla uste du eta horretan jarraitu nahi du. Eta ez du asmo makala jarri mahai gainean: «Garrantzitsua da zoriontasuna ere politikara ekartzea».

Politika Orokorreko oso bilkuraren aje betean elkartu gara. Zer moduz zaude?

Biharamun luzea izaten da eta, kurtsoaren hasiera markatzen duen neurrian, martxan jarriko diren ekimenen nolabaiteko abiapuntua ere bada. Digestioa egiten ari naiz oraindik.

Parlamentuko jardunak izango du halako higadura bat...

Duela sei urte egin nuen politikagintzarako urratsa eta politika gogorra da. Batzuetan lotsa ematen dit, ikusita hainbat langilek zer lan baldintza dituzten, emakume ikuspegitik soldata arrakalari nola aurre egin behar dioten hainbatek... Politikagintzak badauzka momentu batzuk niri, egia esan, mingarriak egin zaizkidanak. Askotan esan didate sortuko nuela halako oskol bat eta ez dut halakorik nahi. Uste dut politikagintza aldatu egin behar dela eta, horretarako, egiteko beste modu batzuk behar direla. Niri modu mingarriak ez zaizkit interesatzen. Interesatzen zait eredu ezberdinak alderatzea, bai baitakit Legebiltzarrera joaten naizen unetik arerio politikoak beste iritzi bat duela. Iruditzen zait interesgarriagoa dela eredu horiek aurrez aurre jartzea. Baina gaur egun politika bihurtu den zakarkeria ez zait interesatzen. Nahiago dut, batzuetan mingarria izan den arren, hori aldatzeko saiakera egin.

Nola hartzen duzu Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagai izatearen erronka eta  horrek suposatzen duen aldaketa?

Gipuzkoako EH Bilduk galdetu dit Gipuzkoa gobernatzeko erronkari baiezkoa emango ote diodan. Eta bikotekidearekin eta familiartekoekin hitz egin eta haien babesa jaso ondoren, oso garrantzitsua baita babes hori sentitzea, baietz esan diot erronka horri. Ilusio eta anbizio handiz diot; pentsatuz, gainera, EH Bildu gobernatzeko bokazioa duen proiektua dela. Zentzu horretan lehen geltokia Gipuzkoa izan daiteke. Edozein kasutan nabarmendu nahi dut astelehenean hasiko dela Gipuzkoako hautagaiak aurkezteko prozesua eta urriaren 9an amaituko dela, eta guk, EH Bilduko emakume eta gizonok, geure buruari jarri dizkiogun ildo demokratiko horiek oso zuhur errespetatu nahi ditudala beste hautagai batzuk aurkezten badira ere. Eta badakit oinarriak oso ondo erabakitzen jakingo duela zein den Gipuzkoarako lemazainik onena.

Lehendik ere gobernuan egonak zarete Gipuzkoan. Zer ikasgai atera zenuten agintaldi hartatik?

Esperientziak beti ematen ditu ikasgaiak. Zuk badakizu nola egin zenuen, zer aurrera urrats eman zenituen, zer onura eman zenizkien Gipuzkoako herritarrei eta hortik aurrera ze gauza gehiago egin nahi dituzun. Eta uste dut, baita ere, autokritikak gure bizitzaren zentroan egon behar duela. Autokritika, hain ondo egin ez ziren gauzez. Ni orduan ez nengoen EH Bildun eta prozesu hura kanpotik ezagutu nuen, baina uste dut hartatik ikasi behar dela, beti hobetzeko.

Egongo da aukera gauzak sakon aztertzeko, baina zeintzuk dira, zure ustez, Gipuzkoaren erronka nagusiak?

Ez nuke oraindik sakontasun handietan sartu nahi. Baiezkoa eman diot Gipuzkoa gobernatzeko jasotako proposamenari, baina errespetatu nahi dut prozesu hau guztia. Edozein kasutan, bai, ikusten dut momentu honetan mundua bera dagoela aldaketa aro batean. Eta aldaketa aro horrek herriari, lurraldeari ere eragiten dio. Uste dut oso garrantzitsua izango dela politika publikoak indarrean jartzea eta dagozkion arloak indartzea. Gipuzkoatik, adibidez, zaintzaren arloa oso garrantzitsua iruditzen zait. Bestalde, orain dagoen egoera desegonkorrak eragiten dio herri honetako industriari ere. Industria izan da lurralde honetako ongizatea abian jartzeko bizkarrezur garrantzitsuenetako bat eta uste dut badaudela arduratzeko moduko datuak. Eustaten 2021. urteko txostenaren arabera, 2008tik 14.000 lanpostu galdu dira Gipuzkoan eta egoera okertzen ari da. Bada garaia, XXI. mendeko lehenengo laurdena egitera goazen honetan, politika industrial eraberrituak eta gaur egun ditugun erronkei egokitutakoak egiteko.

Bestalde, asko arduratzen naute herritarrek. Herritar guztiok ari gara ikusten prezioak gora doazela, egunero jaten ditugun produktu arruntenak asko garestitzen ari direla, edo argindarraren faktura, edo gasolina... Gauza horiei guztiei erantzun behar diegu. Bizitza proiektuak egiteko moduko soldata duinak behar ditugu. Eta lehentxeago aipatzen nuen moduan, emakume eta gizonen arteko soldata arrakalari irtenbidea eman behar zaio. Era berean, etxetik kanpora lan egiten ez duten emakume horien egoerak kezkatzen nau, herri honetako aberastasunaren ehuneko oso-oso handi bat sortzen dute eta iristen da momentu bat non eta pentsiorik ere ez daukaten. Bada garaia horri guztiari buelta emateko.

Azken asteetan eztabaida publikora atera dira erronka horietako batzuk. Haize-erroten proiektua, turismoaren eta etxebizitzaren gaia... Nola aurre egin estrategikoak diren gai horiei guztiei beste kudeaketa eredu batetik?

Gipuzkoan bertan EH Bilduk gobernatzen dituen udaletan ikusi ahal izan ditugu gobernantza modu oso ezberdinak, askoz ere komunitarioagoak, tokiko eragileekin eta tokiko herritarrekin harremanetan jarrita. Garapen jasangarriaren inguruan Goiena 20-30, energia komunitateak... Horiek eskatzen dute, neurri batean, norberak gobernuan duen boterea besteekin ere partekatzen jakitea eta beste indar komunitario batzuekin era kooperatiboan lantzea. Uste dut garrantzitsua dela, herri honek oso garai zailetan jakin izan du-eta, neurri batean, estatu egiturak ere lantzen. Eta jakin izan du batzuentzat errealista ez zena edo utopikoa zena egikaritzen.

Ziur aski, beti aipatzen ditugu kooperatibak: lurraldean errotuta daude eta enpresen aberastasuna banatzearen inguruan ere hausnarketa interesgarri batera garamatzate. Edo izan daitezke ikastolak ere bai. Edo gau-eskolak. Edo itxi dizkiguten egunkariak. Horiek guztiak sortu dira herri ekimenetik: herritik sortu eta herriari emateko izan dira. Gipuzkoan badago grina eta jarrera hori. Badago oinarri bat hori indarrean jar dezakeena, eta hori instituzioetatik uztartu eta lan hori egitea oso aberasgarria dela uste dut.

Kogobernantzaz eta parte hartzeaz hitz egiten da. Urte gogorretatik gatoz. Sentitzen duzu politikarekiko urruntzea dagoela?

Nik uste dut politikarekiko desafekzio bat dagoela eta, besteak beste, lehen esan dizudanak badu eragina. Herritarrek ikusten badute, beraien arazoei erantzun beharrean, oso ondo ez dakizun okurrentzia baten baitan dabilela politikagintza, ez nau harritzen desafekzioa egoteak. Ikusten ari gara horrek zer sortzen duen eta mugimendu autoritarioek zer nolako gaitasuna duten desafekzio horren aurrean euren proiektuak aurrera eramateko. Horrek asko kezkatzen nau, zeren nik ezagutu dut diktaduraren amaiera eta ezagutzen dut zer den autoritarismoa eta inongo askatasunik gabe bizitzea. Herritarrei esango nieke beren buruaren jabe izan behar dutela. Guk geure buruaren jabe izan nahi badugu herri bezala, guk erabaki nahi badugu zer behar dugun, nola behar dugun, hasi behar dugu geure buruaren jabe izaten eta ‘ni’ hori komunitatearen mesedetan jartzen. Horrek uste dut badaukala kultura bat Gipuzkoan eta aktibatzen jakingo dugula.

Gipuzkoan bereziki estua da EH Bildu eta EAJren arteko lehia. Zer du irabazteko herrialdeak zuen proiektuarekin?

Nik uste dut eman diezaiokeela aldaketa bat. Momentu honetan ikusten dudan EAJ eta PSEren arteko gobernu hori komenentziazko bikotea dela iruditzen zait, ez ezkerrera ez inora ez garamatzana. Uste dut EH Bilduk proiektu sendoa daukala Gipuzkoako emakume eta gizonen bizitza hobetzeko, politika publikoak indartzeko, aberastasuna birbanatzeko, gure industria XXI. mende honetara ekartzeko. Proiektu sendo baten aurrean inertziak atzean geratzen dira.

Askotan esan izan duzu herriarekiko konpromisoagatik sartu zinela politikagintzan.

35 urteko ibilbide profesional bati momentu batean agur edo gero arte esatea erabaki nuen. Pentsatu nuen nik ere ekarpena egin niezaiokeela politikagintzari eta ekarpena egin niezaiekeela egunero-egunero herri hau eraikitzen ari diren pertsona horiei. Iruditzen zitzaidan nire begirada edo ni bezalako jendearen begirada ekar nezakeela EH Bildura. Ni bezala, alkate asko beste leku batzuetan zeuden eta politikara etorri dira. Ez zeuden politika konbentzionalean eta begirada hori garrantzitsua dela uste dut. Politika beste termino batzuetan jartzen duela uste dut eta lagundu dezake herritarrek egunero bizi eta sentitzen duten hori politikara eramaten. Konektatzen laguntzen du desafekzioa sentitzen duen horrekin. Alegia, esatea: ni etorri naiz, etor zaitezke zu ere nirekin batera gauzak aldatzera.

Lan handia egin da eta oraindik asko dago egiteko emakumeok geure tokia hartzeko eremu ezberdinetan, baita politikagintzan ere.

Uste dut egiteko asko daukagula oraindik. Feminismotik eraldaketa handiak egin behar ditugu. Edozein kasutan Finlandiako lehen ministroaren kasua datorkit burura. Orain gutxi galdetzen zioten ea ze mezu bidaliko lieken politikara gerturatu nahi duten emakume gazteei, eta hauxe zioen: gai zara, indarra daukazu, mundua aldatu dezakezu. Egizu. Eta berdin pentsatzen dut.

Lehenengo emakumezko ahaldun nagusia izateko aukera duzu. Nola bizi duzu?

Aldaketa sinboliko bat baino zerbait gehiago izatea espero dut. Ez da bakarrik emakume bat botere gune batera iristea, politika feminizatu behar da. Boterera iristen diren emakumeek gizonezkoen rol berdinak eta egiteko modu berdinak errepikatzen badituze ez da ezer aldatuko. Nire inguruan eta EH Bilduren alkatetzetan adibide oso onak ikusten ditut. Burura datozkit Aizpea Otaegi, Nagore Alkorta, Anuska Esnal, Agurtzane Solabarrieta, Izaro Elorza... Politika beste modu batera egin daitekeela erakusten ari direla uste dut. Ez da kasualitatea gobernantza modu berriak, herritarrekin partekatutakoak, udaletxe horietan ematea. Eta horretan egingo dut nik ere ahalegina. Gobernantza eredua aldatu behar da, konbentzituta nago.