Urriaren 16an Tafallan egingo den Nafarroa Oinezerako gonbidapena jaso du Parlamentuak

Nafarroa Oinez 2022ren ordezkaritza batek urriaren 16an Tafallan egingo den Nafarroako ikastolen jaiarekin bat egiteko gonbitea egin dio astearte honetan nafar Parlamentuari.

Nafarroako Parlamentuko presidentea Unai Hualdek harrera egin die Ganberaren egoitzan.
Nafarroako Parlamentuko presidentea Unai Hualdek harrera egin die Ganberaren egoitzan. (NAFARROAKO PARLAMENTUA)

Nafarroa Oinez 2022ko ordezkaritza batek Nafarroako ikastolen jaiarekin bat egiteko gonbita egin dio astearte honetan Parlamentuari. 1970ean sortua, Garces de los Fayos Tafallako ikastolak antolatu du aurten, bere 52. urteurrenarekin bat eginez, aurtengo jaia.

Nafarroako Parlamentuko presidentea Unai Hualdek harrera egin die Ganberaren egoitzan Nafarroako Ikastolen Federazioko lehendakari Elena Zabaletari, erakunde horretako zuzendari Josu Reparazi, eta Garces de los Fayos Ikastolako lehendakari eta zuzendari diren Aritz Azkarate eta Paula Arregiri.

‘Erdian erein’ lelopean, Lizarra ikastolaren lekukoa jaso eta urtero euskararen aldeko jaian parte hartzen duten milaka lagunei harrera egiteko prestaketak hasi ditu Garces de los Fayos ikastolak.

Bileran, hilabete hauetan zehar Nafarroako ikastolen 41. jaialdira arrakastaz iristeko egin duten lanaren berri eman diote. 2020an bertan behera geratu zen, pandemiaren ondorioz, eta 2021ean berriro ekin zioten jaiari.

Hualdek, bestalde, Garces de los Fayos ikastolak, beste eragile sozial batzuekin batera, Tafallan eta erdialdean euskararen balorizaziorako egin duen ekarpen erabakigarria azpimarratu du.

«Gaur egun ere, sortu eta mende erdira, beharrezkoa da adibide horiek aldarrikatzea gure lingua navarrorum-aren normalizaziorako bidean», nabarmendu du.