NAIZ

Gipuzkoa norabide onean dela esan du Olanok eta datu kezkagarriekin erantzun dio Izagirrek

Gipuzkoako Politika Orokorreko eztabaidan EAJ eta EH Bilduren egitasmoen arteko ezberdintasuna geratu da agerian. «Norabide onean» doan herrialdea deskribatu du Markel Olano ahaldun nagusiak baina kontrakoa adierazten duten datuak mahaigaineratu ditu Juan Karlos Izagirrek.

Markel Olano, zenbait gobernukiderekin Batzar Nagusietara iristen.
Markel Olano, zenbait gobernukiderekin Batzar Nagusietara iristen. (Andoni Canellada | Foku)

Legealdi honetako azken Osoko Bilkura berezia burutu da asteazken honetan Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Bertan EAJ eta EH Bilduren diagnostikoak eta egitasmoak aurrez aurre izan dira. Maiatzeko hauteskundeetan luzatuko da lehia, baina bertan ez dira gaurko eztabaidaren bi protagonista nagusiak izango; Markel Olano ahaldun nagusiak ez duela jarraitzeko asmorik aurreratu du (lekukoa nori pasako dion ez da argitu oraindik) eta Juan Karlos Izagirre Donostiako zerrendaburu gisa proposatu du EH Bilduk (Maddalen Iriartek hartuko du honen ardura, zuzendaritzak eginiko planteamendua berresten bada).

Markel Olanok (EAJ) nabarmendu duenez, bera ahaldun nagusi delarik «ibilbide-orri sendoa» hartu du herrialdeak, «elkarlana»ren bitartez eta herritarren «ongizatea» helburu. Etorkizuna Eraikiz programaren garrantzia goraipatu du, «zailtasun eta zalantza ekonomikoez» beteriko agertokia «erronkei aurre egin eta eraldaketak garatzeko tresna eraginkorrak» dakartzalako. Zenbait aurrerapenetan Gipuzkoa «aintzindaria» dela ziurtatu du.

Balantze hau «perspektiba partzial batetik egina da», erantzun dio Juan Karlos Izagirrek EH Bilduren partetik. Hau sostengatzeko zenbait datu jarri ditu mahai gainean: «Eustaten 2021ko txostenaren arabera, 4.136 lanpostu galdu dira industria arloan, eta tendentzia urte hauetan okerrera doa. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, pobrezia %5,1a izatera igo da. Ikerketa eta Garapenera, Gipuzkoaren marka esanguratsuenetakoa dena, BPGren %2 bideratzen dugu, Orkestrak kaleratutako datuaren arabera, Europako beste zenbait herrialdetik urrun. Lau urteetan 2.000 aktibitate ekonomiko galdu ditugu Gipuzkoan».

Hau guztia zerrendatu ostean, «ezin gaitezke erantzun koiunturalak ematearekin konformatu, gipuzkoarren etorkizuna bermatzeko neurri estrukturalak behar ditugu, eta aurrerapausorik gabekoak», nabarmendu du Izagirrek.

Putin, Meloni eta Maduro

Gobernu jardunari dagokionean berririk ez du ekarri Markel Olanoren hitzaldiak. Pil-pilean dagoen zergen inguruko eztabaidaz, esaterako, «beheraldi konpultsiboak» alboratzeko deia egin du eta Gipuzkoak «zuhurtziaren bidetik» joko duela ziurtatu.

Muturreko korronte ideologikoen kontrako hitzak ere izan ditu ahaldun nagusiak: «Gipuzkoan eta Euskadin ez ditugu Putin, Meloni, Maduro, Trump edota Abascal bat nahi» Bide horretatik segitzeko, gizartearen kohesioa indartzea ezinbestekoa dela esan du.

Euskararen alorrean, Gipuzkoan bizi diren etorkinei helarazteko beharraz mintzo da Olano. Eta erabakitzeko eskubidea ere aldarrikatu du, Estatutua behingoz osatzearekin batera, baina urratsik zehaztu gabe.

EP-IU, PSE eta PP

Gainerako indarrei dagokienez, Elkarrekin Ahal Dugu-IUren partetik zerbitzu publikoen aldeko aldarria egin du Joanes Fielek. Krisialdi honetan zerbitzu horiek lehenesten dituen eredu bat bultzatzeko aukera ikusten du.

Epe motzeko erabakien aurka ere egin du: «Izan ere, ikuspegi hori erabiliz neurri asko saihetsezinak balira bezala ezartzen dizkigute, beti gutxien duten pertsonen kaltean. Gipuzkoar guztien batasunerako deiekin nekaturik gaude, gero sakrifizioak beti pertsona berdinek egin behar dituztelako».

Olanoren gobernukide den Jose Ignacio Asensio izan da PSEren eleduna eztabaida honetan. Gobernu jardunaren balantzea «oso positibotzat jo du, oso baldintza zailetan». Baina autogobernuari dagokionean aldun nagusitik aldendu da: erakabitze eskubidea ez dela bidea eta Estatutua «%96an beteta» dela esan du. Markel Olanoren hitzaldiaren zati honetan «ezker abertzaleari zuzendutako keinuak» ikusi ditu Asensiok.

Juan Carlos Canok (PP) gogor jo du Olanoren aurka. EAJ ez dela arazoak konpontzeko gai izaten ari eta «etorkizunari beldur diola» ondorioztatu du. Eta erabakitzeko eskubidearen aipamenarekin «Markel ideologikoa atera dela» kritikatu du.