NAIZ

Erosahalmen eta erretreten sistemaren defentsan atera dira karrikara Baionan

Sindikatuek deituta soldaten igoera eskatzeko eta erretreten erreforma arbuiatzeko greba eta mobilizazio eguna da ostegun hau. Udaz geroztik martxan den aire kontrolatzaileen mugimenduak egun osoko lanuztea egitea deliberatu du. Ondorioz, hegaldi gehienak bertan behera gelditu dira Biarritzen.

Euriari muzin eginez erosmen ahala eta erretreta sistemaren defentsan mobilizazioa egin dute sindikatuek Baionan. Guillaume FAUVEAU
Euriari muzin eginez erosmen ahala eta erretreta sistemaren defentsan mobilizazioa egin dute sindikatuek Baionan. Guillaume FAUVEAU (Guillaume FAUVEAU)

Kontrolatzaileen grebak gorabehera handiak eragin ditu ostegun goizean Biarritzeko airoportuan.

Goizeko 10.00ak baino lehen lau hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte, bi Paris helmuga zutenak, beste bat Lyonera zihoana eta hirugarrena Nizara.

Bertze hiru hegaldi Paueko aerodromora bideratu dituzte. Zehazki, Lyonera zihoan hegaldi bat eta Parisen helmuga zuten beste biak. Finean, hiru hegaldi beranduago aterako direla ohartarazi dute aire konpainiek beste azalpenik eman gabe.

Aireportuaren zuzendaritzak ohartarazi duenez, egun osoan zehar nabarituko dira grebaren eraginak.

Horregatik, erabiltzaileei aireportura joan aitzin beren konpainietara jotzeko gomendioa eman du.

Ostegun honetan, frantses Estatu mailan eta baita Ipar Euskal Herrian ere sindikatuek deituriko grebarekin bat egin du udaz geroztik martxan den kontrolatzaileen greba mugimenduak. Lan-baldintzen okertzea salatzen dute eta lanpostu gehiago sortzea galdetzen dute.

Gaurko greba egunaren kari, frantses hiriburu eta hiri nagusietan martxak antolatu dituzte sindikatuek lan eta bizitza duinak eskatzeko.

Inflazioa %5,9, soldaten igoera %2,3

Zehazki, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko soldaten igoera aldarrikatzen dute. Inflazioa %5,9koa izan zen agorrilean frantses Estatuan. Alta, soldaten igoera 2022ko lehenengo hiru hilekoan bataz beste %2,3an kokatu zen.

Gobernuak dei egin die enpresa buruei aparteko ordainketa baten bidez inflazioak langileen diru-sarreretan duen kaltea mugatzeko. Borondatezko keinu bat, finean.

Sindikatuek, ordea, neurri eraginkorragoak eskatzen dituzte, hala nola oinarrizko soldata emendatzea.

Azken hilabeteetan hainbat ez-ohiko igoera agindu ditu Gobernuak inflazioak Smic delakoan duen eragina murrizte aldera. Egun 1.329,06 euro garbitan kokatzen da gutxieneko soldata frantses Estatuan. Gaurko protesta babesten duen LAB sindikatuaren ustez, bizitza duina izatea ahalbidetzeko gutxienez 1.663 euroko gutxieneko soldata onartu behar luketela oroitarazi du.

Egun, bederatzi milioi herritar pobrezia egoeran bizi dira frantses Estatuan, gehienak lanean ari dira, baina zailtasun handiak dituzte oinarrizko gastuak ordaintzeko, etxebizitzarena kasu.

Gaurko mobilizazioaren bidez elkartasun politikak garatzeko zerbitzu publikoa sendotzeko premia mahai gainean jarriko dute sindikatuek.

62 urtetik 65 urtetara

Bestalde, Emmanuel Macronen Gobernuak aste honetan bertan zehaztu behar lukeen erretreten erreformaren aurka azalduko dira gaurko protesta sostengatuko duten langileak.

62 urtetik 65 urterara gibelatu nahi du frantses Gobernuak jubilaziora igarotzeko oinarrizko adina.

Macron, legealdia bertan behera uzteko prest

Are, hainbat sondeoren arabera, herritarren %70ak arbuiatzen duen erreforma oztopatzeko oposizioak zentsura mozioa aurkeztuko balu, Asanblea Nazionalean Parlamentua bertan behera uzteko aukera ezin dela baztertu aditzera eman dute gaur bertan Lan Ministerioko bozeramaileek. Bart Emmanuel Macron berak legealdia amaitutzat emateko aukera hori izan zuen aipagai.

Adierazpen horiek oraindik ere gehiago ozpindu dezakete eztabaida politikoa Hexagonoan.

Gaurko greba eta mobilizazio egunak hitzordu nagusi bi ditu Ipar Euskal Herrian. Baionan 10.30ean tren geltokian hitzordua egin dute CGT, FSU, Solidaires eta LAB sindikatuek handik hiriko erdigunea zeharkatzeko. Donapaleun, berriz, elkarretaratzea eginen dute 11.30ean Herriko Etxearen aitzinean.

Goizean goizetik grebaren eragina sentitu da. Hala nola SNCFko sindikatuek greba babestu dutenez, hainbat tren zerbitzu bertan behera gelditu dira. CGT sindikatuak emandako informazioaren arabera, Baiona eta Hendaia artean AHT tren zerbitzurik ez dago.

Hezkuntzari dagokionez, eskolen arabera egoera oso bestelakoa izanik ere, bai jangeletan baita umeei harrera egiteko zerbitzuetan ere grebaren eragina nabaritu dela ziurtatu dute sindikatuek.