NAIZ

Anaitasunak etxean otso izaten jarraitu nahi du, Bidasoak esfortzuak kudeatu behar ditu Palaun

Iruindarrek aurkari zuzena izan daitekeen Cuenca hartuko dute eta irundarrek astearteko Kolstaden aurkako partida izango dute buruan Bartzelonaren kontrako lehian.

Bidasoak astearteko partida gogorra izango du buruan Palaun.
Bidasoak astearteko partida gogorra izango du buruan Palaun. (Jon URBE/FOKU)

Asobal ligako bi euskal taldeek oso bestelako bi partida jokatuko dituzte larunbat honetan; Anaitasunak etxean irabazten jarraitu nahi duen bitartean, Bidasoak urteroko ezinezko misioa izango du Bartzelonan, noiz eta hiru egunetara Norbegiako Kolstaden aurkako itzulerako partida jokatu behar duenean.

Hiru goletako aldea defendatu beharko dute astean zehar Jacobo Cuetarenek eta Europako abenturan bizirik jarraitzeak klub osoarentzat duen garrantziaz jabetuta, normala litzateke irundarrek esfortzuak kudeatzeari arreta berezia ipintzea, beti ere Barcelonaren aurka punturen bat urratzea zeinen zaila den jakinda. Lehiakor izaten jarraitzea izango da lehentasuna ligako liderraren aurka eta Eneko Furundarena, Gorka Nieto, Julen Mujika, Tao Gey edo Xabier Barretok ohikoa baino protagonismo gehiago izan dezakete, titularrei atsedena eman asmoz. Dariel Garciak eta Victor Rodriguezek ezin izan zuten Kolstaden aurka jokatu arazo fisikoak zituztelako eta ikusteke dago minuturik izango duten itzulerako partidarako prest egoteko. 

Jacobo Cuetara entrenatzaileak ez dio garrantzi handirik eman nahi izan Palauko partida (16.15) Europako partidaren atarian egoteari eta bere mutilak konfiantzaz ikusten ditu norbegiarren aurka lortutako garaipenaren ostean. «Garaipenak lortzeak, nahiz eta bi partidetako kanporaketa batean izan, konfiantza ematen du, erritmoa ematen dizu eta, era berean, bide onetik goazela erakusten digu», azaldu du.

«Partida guztiak ilusioz hartzen ditugu eta Bartzelonaren aurkako hau ere bai», azaldu du Cuetarak, nahiz eta helburua oso zaila izango dela ondo jakin. 

Aurkari zuzena iruindarrentzat

Bartzelonako partida amaitu bezain laster hasiko da Anaitasunaren partida Iruñean. Sasoi onean datorren Cuenca hartuko dute 19.00etatik aurrera, etxeko bolada onari jarraipena emateko asmoarekin. Ez dute lan errazik izango, Cuenca ere sasoi ederrean helduko baita Nafarroara. Granollersen azken minutuan ihes egin zien garaipenak nafarrei, orain arteko porrot bakarrean, egindako defentsako lan ona hankaz gora botaz. 

Iruindarren entrenatzaile Quique Dominguezek partida zaila aurreikusten du «berdindua eta borrokatua, oso lehiakorra den talde baten aurka. Akats gutxi egiten dituzte eta euren jokalarien kalitateari etekina ateratzen diote». Pizarro, Pozzer edo Teixeiraren izenak nabarmendu ditu guztien gainetik.

Anaitasunak argi du garaipena lortzeko bere defentsa lana funtsezkoa izango dela. Iruindarrak Asobalen golik gutxien jaso duen taldea dira (109) lehen lau jardunaldi hauetan eta lan horri esker bi garaipen eta berdinketa bat lortzeko balio izan die eta puntuak batzen jarraitu nahi dute aurkari zuzena izan daitekeen talde baten aurka. Bi taldeek oso talde orekatuak osatu dituzte aurtengo denboraldirako eta aurrera urrats bat eman nahi dute sailkapenean. Momentuz, bigarren postua puntu bakarrera dute.