Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevista
Jon Abril Olaetxea
‘Isildutako eskuak’ liburuaren egilea

«Emakume langileak harro daude, aukera bat izan zela sentitzen dute»

‘Isildutako eskuak. Emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian’ (Elkar, Tene Mujika Saria) plazaratu du Jon Abrilek. Bildutako 14 testigantzek erakusten dute uste baino zabalagoa izan zela andreek etxetik kanpoko lanetan izan zuten parte-hartzea. Berria zen, adibidez, metalurgian sartzea.

Jon Abril Olaetxea, ‘Isildutako eskuak’ liburua Donostian aurkeztu zuen egunean.
Jon Abril Olaetxea, ‘Isildutako eskuak’ liburua Donostian aurkeztu zuen egunean. (Jon URBE | FOKU)

Jon Abrilentzat polita litzateke liburua irakurtzen duenak amari edo izebari galdetzea, edo seme-alabekin hitz egitea. «Bertze mundu bat ezagutu zuen azken belaunaldiaren aitzinean gaude, eta gelditzen zaiguna biltzen saiatu behar dugu», egin du deia.

Elkarrizketatu batek, Libe Goñi Seaskako lehen andereñoak, hunkituta deitu dizu. Zein feed back izaten ari zara?

Gaiarekiko interesa ikusten ari naiz. Jendeak gustura hartu du liburua eta une polita da.

Nolakoak dira elkarrizketatuen eskuak?

Segur aski euren eskuek gaur egun lanean ari zireneko eskuekin zerikusi gutxi izanen dute, gehienak jada jubilatuta daudelako; batzuk, aspalditik. Erranen nuke zailduak direla.

Pakita Burguete, ezkerretik lehenbizikoa, Ziburuko Elkano etxeko jantokian, bertze hiru neskatorekin batera, Nati Irazoki, Mari Paz Lazkanotegi eta Pakita Irazoki, denak beratarrak. (PAKITA IRAZOKIK UTZIA)


‘Neskatoak’ dokumentala izan zen abiapuntua.

Bai, baina Tene Mujikara aurkeztera bultzatu ninduena beka hori bera irabazi zuen ‘Bidasoan gora’ liburua irakurtzea izan zen, Eneko Aizpuruarena. Zoragarria iruditu zitzaidan. ‘Neskatoak’ filmarekin 80 emanaldi egin nituen Euskal Herrian eta guztietan emakumeak etorri ziren, anitz neskato ibiliak eta anitz, bertze lanbide batzuetan arituak. Mamia zegoela ikusi nuen. Gero, liburuak erakutsi dit jende gehienak eskertu egiten duela entzute ariketa eta aitortza hori egitea.

«Bada Libe Goñiren esaldi bat hagitz adierazgarria: ‘Amak erraten zidan emakume batzuk ikusten zituela gizonentzat xerra erosten eta haientzat eta haurrentzat, haragi xehatua. Nik ez nuen hura nahi niretzat. Nik ere xerra nahi nuen’».

Libe Goñiren ama, Miren Garate, feminista izan zen.

Maistra zen ordurako. Liberi galdetzen nion Lazkaon jaiotako emakume bat izateko, Errepublika garaian, nondik zetorkion. Ez zekien erantzuten, baina anitz irakurtzen zuen. Bada Liberen esaldi bat, hagitz adierazgarria: ‘Amak erraten zidan emakume batzuk ikusten zituela gizonentzat xerra erosten eta haientzat eta haurrentzat, haragi xehatua. Nik ez nuen hura nahi niretzat. Nik ere xerra nahi nuen’. Liburuan ageri diren emakume guztiek segur aski ez dute borroka feministan parte hartu izanaren pertzepziorik. Baina badaude sona handirik gabeko iraultzak eta eragina izan dutenak. Inportantea da horiez jabetzea. Gasteizko Pilar Espinosaren borroka ikusten duzu kremailera lantegi barrenean eta kanpoan, Martxoak 3 bezalako ekitaldietan, eta ikaragarria da.

Balio anitz agertzen dira. Zeinen hunkigarria, Milagros Landaren kontakizuna!

Uste dut hori dela historiarik gogorrena. Zoragarria izan zen berak nola kontatzen zuen eta, aldi berean, zer gogorra! Zortzi urterekin bidali zuten bakarrik mendira, bera negar batean eta ama ere bai. Hura zen bizimodua; ez zegoen aukeratzerik. Eta, hala ere, balio batzuk zeuden. Emakumeen arteko ahizpatasun hori hagitz agerian dago. Uste dut gaur egungo lantegietan hori galdu dela, borroka grina hori. Gizartea hainbertze aldatu da! Batzuetan beldurra da, baina badago balio galtze horretatik ere.

Goñi bera ez zen Parisera joan hiru umeri euskara irakasteko eskatu ziotelako.

Zer zeregin inportanteagoa hiru haurri euskara irakastea baino! Etxe bateko egongelan balio hori aplikatzen hasi eta Seaska bihurtu zen.

Sinesgarria litzateke orain?

Gure belaunaldikooi 70eko hamarkadan kokatzea kostatzen zaigu: frankismoa zuten etsai. Trapagarango Marta de los Hoyosek hala dio: «Borroka hori egiten genuen edo beste diktadore bat etorriko zitzaigun. Ez genuen galtzeko deus ere». Ausardia ere bada eurei onartu beharreko zerbait.

Elkarrizketatu batzuek erraten zizuten: ‘Nori interesatzen ahal zaio nire historia?’.

Justu hor dago balioa. Badugu joera errateko ‘nireak ez du meriturik’. Batzuen erabakiak kontzienteagoak edo ausartagoak izango ziren; bertzeak, gizartearen barrenean bidea egiten joan ziren. Baina denek ematen diote osotasuna.

14 ahots dira, ezberdinak, baina lotura ugari dituzte.

Gai anitz errepikatzen dira. Arduradun eta lankide gizonekin harremanak zailak izaten ziren, lan bera egiteagatik anitzez gutxiago irabazten zutelako, azpiratuta zeudelako. Jazarpen handia sufritu dute. Beldurra hagitz presente dago, frankismoaren errepresioa, erlijioaren zama. 1960 aldera hasten dira lan duinagoak izaten.

Emakume langileak Lodosako kontserba lantegian. (FINA LOPEZEK UTZITAKO ARGAZKIA)


1936ko gerra bukatu eta 80ra arteko gertaerak hartu dituzu eta Euskal Herri osoko mapa bat osatzen saiatu zara.

Zertzeladak ematea izan da asmoa, uste baino zabalagoa izan zela ikusteko. Hagitz berritzailea izan zen, adibidez, metalurgian sartzea. Agian, garai hartan gaur egun daudenak baino gehiago izango genituen. Michelle Rosier mauletarrak hala dio: ‘Hemen ez dut apenas ezagutu gizonik espartinetan lanean, gizonek ez zuten nahi, baina nagusiek ere ez’. Dudarik gabe, eskulan merkea tartean dago, gizonen lanak beti gehiago ordaintzen direlako eta hitzarmenak hobeak direlako.

Oraindik
«Emakumeak ezdeus bezala tratatuak izan dira, erabat gizonen mendeko. Gauza batzuk zorionez aldatu egin dira. Baina hala ere, oraindik ere pairatzen dugu hori guztia».


Gako batzuk ematen dituzu gaur egungo egoera ulertzeko.

Bai, eta gauza batzuk zeinen gutxi aldatu diren eta oraindik ere egin beharreko zenbat borroka dauden ikusteko. Elkarrizketatu batzuk sutu egiten dira kristalezko sabaiekin eta galdetzen dute ia nola den posible oraindik emakume izate hutsagatik gutxiago irabaztea. Eta gertatzen da! Gure inguruan egunero ikusten dugu.

Eta ofizioak nola dauden banatuta sexuaren arabera.

Ikaragarria da nola lortu duen sistemak gure burua horren arabera sailkatzea: gizonen lanbideak eta emakumeenak.

Aditzeko ariketa egin duzu. Zer gutxi aditzen zieten! Muskildako unaiak kontatzen du bi ohe-gaineko erosi zituela ilusionatuta eta aitak astindu egin zuela. Apaizak ere sekulako errieta egin zion galtzak janzteagatik.

Negu gorrian, elur bustia zegoenean, hotzetik babesteko, gorotza ateratzen ari zela... Eszena ikaragarria da! Apaiza mus partida jokatzera doala, zer mespretxuz hitz egiten ahal dion emakume izate hutsagatik! Edo aitak berak. Ama hil  zen, 18 urterekin neskak etxe guztia gobernatu behar zuen, eta hobe beharrez zerbait erosteagatik nola jipoitu zuen. Oraindik amorruz kontatzen zidan: ‘Hori aitari ez diot sekula barkatu’. Emakumeak ezdeus bezala tratatuak izan dira. Izugarria da! Gauza batzuk zorionez aldatu egin dira. Baina oraindik ere pairatzen dugu hori guztia.

Serafina Puy Lekuona (eskuinean), aitarekin eta ahizparekin sareak josten Pasai Donibanen. (SERAFINA PUYK UTZIA)


1961. urtera arte, ezkontzen zirenean lana utzi behar zuten legez. Gero, legea aldatu zuten arren, sozialki ez zegoen onartuta.

Sekulako presioa zuten, baita senarren aldetik ere: ‘Ezkondu zara eta nire morroia izan behar duzu’. Dotea asmatu zuten: lana uzten zuten emakumeei dirua ematen zieten, eta beste presio bat bihurtu zen hori, diru hori ongi zetorrelako pisua edo autoa erosteko. Martak kontatzen du nola borrokatu ziren dotea kentzeko. Sindikatuko kideek eurek ez zituzten babesten.

Nolakoak izan dira egin dituzun elkarrizketak?

Zoragarriak. Hainbertze bizi dute! Indarra dute, bizipoza. Euren arantzak badituzte, jakina, baina aldi berean, gauza batzuk lortu zituztela-eta, euren lan eta bizi esperientziarekin harro daude. Erraz aritzen dira solasean, lasaitasun osoz. Sutu behar direnean sutzen zaizkizu eta hori ikaragarri polita da. Gazteena Michelle Rosier da 65-66 urterekin eta zaharrenak, Felisa Mujikak, 99 ditu. 98rekin egin nion elkarrizketa. Iazko eguberrien buelta zen; oraindik pandemiarekin genbiltzan, maskarekin-eta, baina bera egunero ateratzen zen etxetik, kafetegira. Hitzordua bertan egin genuen. 14 urterekin hasi zen lanean, 1937an, gerraren erdian. Emakume langileak harro daude; bizitzako aukera bat izan zela sentitzen dute. Inork ez du gosea aipatzen, baina bai pobrezia. Neskato batek erraten zuen aitak behi bat zuela eta hura hil zenean sekulako drama izan zela. Bere soldatarekin behi bat erosi zuen. Abiapuntua hain zen eskasa, non edozein urrats baitzen jauzi bat.