Oihan Sancetek «hegan» egin zuen Almeriaren kontrako garaipenean. Sekulako erakustaldia izan zen. Athleticen erasoko jokoa gidatu zuen Iker Muniainekin batera eta partidako jokalari onena izendatu zuten. Gol bikain bat sartu zuen ere nafarrak. Baloia kontrolatzeko modua eta errematea goi mailakoak izan ziren. Aldi berean, saiatu zen 32 aldietan, ez zuen paserik huts egin eta horietako batzuk gola egiteko aukera garbiak izan ziren. Aurrera begira aritu zen une oro. Lerro artean agertuz, min handia eginez eta taldekideentzat abantailak sortuz.
Bere laugarren denboraldia da Lehen Mailan eta 22 urteko jokalariak aurkitu du, distira egin, eta taldearentzat eraginkorrena izan daitekeen postua hamaikakoan. Garitanorekin debuta egin zuenean aurrelariaren atzetik jokatzen zuen, punta erdi bezala. Marcelinok bigarren aurrelari moduan zelairatzen zuen. Lortu zuen moldatzea eta bere kalitatea erakutsi zuen, sei gol eginez. Hala ere, lesioen eraginez ezin izan zuen denboraldiaren azken txanpan parte hartu.
Valverderen apustua ausartagoa izan da, garrantzia eta parte hartze handiagoa eman dio jokoan eta taldearen egituraren barruan. Zelai erdian hiruki bat osatu du, altuera ezberdinetan Sancet eta Muniain elkartuz. Taldearen erasoko jokoa eraberritzeko gakoetako bat izan da.
Sancet Almeriaren kontra egindako gola ospatzen. (@AthleticClub)
Ziur asko hausnarketa sakon baten ostean hartutako erabakia izan da. Athleticek bost urte daramatza Europan jokatu gabe. Ligako talderik onenetakoa izan da defentsa lanetan Garitanorekin eta Marcelinorekin. Kopako kanporaketetan talde lehiakorra zen, gainditzeko zaila eta bi final jokatzera heldu da, baina golak egiteko zailtasunak zituen. Adurizen agurretik erdiko aurrelari bat falta zela argudiatzen zen. Valverdek, aldiz, erasoko jokalari gehiago zelairatuz aurkitu du konponbidea. Ahalik eta gol aukera gehien sortzea da helburua. San Mamesera joatea gozamena bihurtzeko.
Aurreko entrenatzaileek bi euskarrirekin jokatzen zuten zelai erdian eta taldeari oreka ematea zen beraien eginkizun nagusia. Gutxitan iristen ziren area inguruetara erremateak egitera. Egoera guztiz aldatu da denboraldi honetan. Valverdek erasoko jokoan erantzunkizunak hartzen dituzten bost jokalari zelairatu ohi ditu. Muniainek izan ezik, gainontzeko laurek -Iñaki Williams, Berenguer, Nico Williams eta Sancet- hiru gol egin dituzte bakoitzak.
Beraien atzetik «aingura» lana egin behar izaten duen euskarri bakar bat ateratzen da: Dani Garcia edo Vesga. Taldekideei bizkarrak zaintzen zuhur ibili behar dira, baina gora joaten ere animatzen dira. Gasteiztarrak, penaltiz bada ere, egin du dagoeneko gol bat eta erdilari gipuzkoarrak gol pase bat eman zuen ere Rayoren kontra. Erasoko jokaldiak sortzerakoan «askatasuna» dutela aipatu zuen Dani Garciak Lezaman egindako agerraldian.
Williams anaien abiadura
Sancet eta Williams anaiak Almeriaren kontrako goletako bat ospatzen. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Athleticek 16 gol daramatza lehen zazpi jardunaldietan. 16 puntu pilatu ditu ere eta sailkapenaren goikaldean kokatu da taldea. Aspaldi ikusi gabeko zifrak dira. Txapeldunen Ligarako sailkapena azken aldiz lortu zuen denboraldiko emaitzak hobetu ditu. Aldaketa taktikoarekin batera, Valverde maisu bat da bere jokalarien dohai eta gaitasunei etekina ateratzen. Williams anaiak geldiezinak dira korrika egiteko tokia badaukate. Rubi, Almeriako entrenatzaileak, porrotaren ostean aitortu zuen ezin izan zutela ezer egin beraien aurka. Andoni Iraolaren Rayori ere antzeko zerbait gertatu zitzaion San Mamesen. Gainera, taldeak etengabe bilatzen ditu bolada on bat igarotzen ari direlako. Ate aurrean asmatzen dute eta nazioarteko partidak ere jokatu dituzte Ghanako eta Espainiako selekzioarekin.
Sancet baino bi urte gazteagoa izan arren, Nico Williamsek ere egin du bere lekutxoa Athleticen hamaikakoetan. Bi jokalariak erabakigarriak izango dira talde zuri-gorria noraino iritsi daitekeen ikusteko. 2024an bukatzen dute biek kontratua eta 50 miloiko etete klausula daukate. Ordezkaria ere berdina da: Felix Tainta. Kluba azkar mugitu beharko da, belaunaldi berriak atea bota baitu dagoeneko.